Alderdiak

Alderdi independentistak legez kanpo uzteko eskatu dute Voxek, PPk eta Ciudadanosek

Madrilgo Erkidegoko Biltzarrean onartu dute legez besteko proposamena. Europako Batasunak CDRak "talde terroristatzat" hartzea ere eskatu dute.

Rocio Monasterio, Voxeko burua Madrilgo Bitzarrean
Rocio Monasterio, Voxeko burua Madrilgo Bitzarrean Kiko Huesca / EFE

Iosu Alberdi -

2019ko azaroak 8

"Espainiaren batasunaren aurka atentatzen duten alderdi separatistak" legez kanpo uztearen aldeko legez besteko proposamena onartu du Madrilgo Biltzarrak. Proposamenak Madrilgo Erkidegoko Gobernuari eskatzen dio Espainiako Gobernuari alderdi horiek legez kanporatu beharra dagoela adierazteko, hark "legezko tresna guztiak" erabil ditzan horretarako. Voxek aurkeztu du eskaera, eta PPren eta Ciudadanosen babesa izan du. Horrez gain, Kataluniako CDR Errepublikaren defentsarako batzordeak Europako Batasuneko "talde terroristen zerrendan" sartzeko eskatu dute.

Voxek adierazi du buruzagi independentisten aurkako epaiaren ostean Madrilen egin ziren protesten ondorio dela proposamena. Orduan, 4.000 lagun inguru bildu ziren Espainiako hiriburuan, zigortuentzat amnistia eskatzeko. PPk adierazi du proposamena ez dela egokia juridikoki eta teknikoki, baina aldeko botoa eman duela Alderdien Legeari men eginez: "Alderdien Legeak dioen bezala, gure erregimenaren aurkako atentatua egiten duten alderdiak legez kanporatzeko eskatzen da". Ciudadanosek, berriz, adierazi du Vox beraren legez kanporatzea ere mahai gainean dagoela, "ordenamendu juridikoaren eta balio konstituzionalen" aurka egiteagatik. Mas Madrid, Podemos eta PSOE proposamenaren aurka agertu dira, eta "marra gorria" igaro izana leporatu diote Voxi.

CDRei eginiko "edozein ordainketa edo diru laguntza" bertan behera uzteko ere eskatu dute hiru alderdiek, eta talde horiekin "lotura zuzen edo zeharkakorik" duten erakundeak ere legez kanpo uztea. Halere, esan bezala, legez besteko proposamena izanik, ez du legezko baliorik, eskumen horiek ez baitaude Madrilgo Erkidegoaren esku.

"Demokraziaren kontrako erasoa"

Besteak beste, EAJk eta EH Bilduk erabakia gaitzetsi dute. "Demokrazioren kontrako erasotzat" eta "faxistatzat" jo du erabakia EAJko Kongresurako hautagai Joseba Agirretxeak. EH Bilduko koordinatzaile Arnaldo Otegik, berriz, adierazi du agerian uzten duela "estatua oso ahul" dagoela eta ez duela eskaintza politikorik. Kataluniako Parlamentuko presidente Roger Torrentek salatu du Kataluniako Parlamentuak ezin duela autodeterminazio eskubideaz eztabaidatu, baina Madrilgoak "alderdi demokratikoak legez kanporatzeaz" hitz egin dezakeela: "Estatuaren sendotasuna demokraziaren aurretik".

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

COVID-19aren uste ustelak

Mikel P. Ansa

COVID-19aren pandemia ukatzen duten joera batzuek indarra hartu dute uda honetan. Haiek zabaldutako uste batzuk zeinen okerrak diren azaldu dute Miren Basaras eta Guillermo Quindos mikrobiologoek artikulu sorta honetan. Gaur, koronabirusaren larritasuna.

Nafarroako Ospitaleko ZIU gunea, Iruñean. / ©Jesus Diges, EFE

Iruñea ez dago Madrilek hiriak konfinatzeko ezarri dituen irizpideen barruan

Arantxa Iraola - Maddi Ane Txoperena Iribarren

Positiboen tasa eta PCR bidez atzemandako kasuak aintzat hartuta, itxi egin behar lukete, baina ZIUetako okupazioan hobeto dago. Espainiako Estatuko osasun ordezkariak bilduta daude, eta Madrilek gaur iluntzean erabakiko du zer neurri hartu.

PCR probak Gurutzetako ospitalean. ©Luis Jauregialtzo, FOKU

COVID-19a zuten 59 lagun hil dira azken astean Hego Euskal Herrian

Uxue Rey Gorraiz

Beste 697 kasu atzeman dituzte Hegoaldean. Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban, hiruretan egin du gora positiboen kopuruak. Nafarroan, aldiz, aurreko egunean baino kasu gutxiago atzeman dituzte. 12.760 PCR proba egin dira egun bakarrean Hegoaldean.

Hezkuntzako sindikatuek deituta egindako greba, irailaren 15ean ©jon urbe / foku

Sindikatuek «asmoetatik ekintzetara» pasatzeko eskatu diote Hezkuntza Sailari

Irati Urdalleta Lete

ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek bilera bat eskatu zioten gaurko Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuari, baina «datozen egunetan» bilduko direla esan dute sindikatuek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna