Espainiako hauteskundeak

Hego Euskal Herriko 2.300.000 herritar daude deituta gaur hautetsontzietara

Espainiako Kongresuko eta Senatuko ordezkariak hautatzeko hauteskundeak egingo dira gaur. Inkesta guztien arabera, Pedro Sanchez jarduneko presidenteak irabaziko ditu bozak. Vox eskuin muturreko alderdia hirugarren indar bozkatuena izan daiteke. Alderdi subiranistek hazkundea izango dutela diote iragarpenek.

Emakume bat botopaperei begira, apirilaren 28ko Espainiako hauteskundeetan. MARISOL RAMIREZ, FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko azaroaren 10a
19:59
Entzun

Espainiako gobernagarritasuna desblokeatzeko hauteskundeak izango direla nabarmendu du Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidenteak. Inkesta guztien arabera PSOE berriro nagusituko den arren, zaila dirudi asmatzea non bilatuko dituen Sanchezek ezegonkortasun politikoa gainditzeko eta gobernu sendo bat osatzeko babesak. Kanpainan ez du asmo argirik adierazi, baina, gaur garaile bada, adostasunak bilatzen hasi beharko du bihartik aurrera. Gaurkoa Espainiako Gorteetarako laugarren bozketa izango da lau urteko epean. Laugarrena 2015 urtetik. Orduan parte hartu zuten lehenengoz Podemosek eta Ciudadanosek, eta orduan hitz egin zen lehenengoz bipartidismoaren gainbeheraz. Gaur, eskuin muturrak hartu diezaieke aurre bi alderdi horiei. Inkesta batzuen arabera, Vox hirugarren indar bozkatuena izan daiteke. Hego Euskal Herrian, 2.300.000 herritar inguru daude deituta bozkatzera.

Porrot egin duen inbestidura ahalegin baten ondorio dira gaurko bozak. Sanchezek ez zuen presidente hautatua izateko nahikoa babes lortu joan den apirileko hauteskundeen ostean. Orduan gauzatu ez zena bihartik aurrera posiblea izango ote den argituko da datozen asteetan. Iragarpenen arabera, ez dirudi Sanchezek akordiotarako agertoki hobea izango duenik. Inkesta guztiek garaipen argia ematen diote, baina aurreikuspenak ez dira duela hilabete gutxi PSOErentzat ziren bezain onuragarriak. Irailean, PSOE hazi egingo zela zioten inkestek, eta beherakada txiki bat izango duela diote orain. PPk, berriz, gora egingo duela aurreikusi dute, eta ikuskizun da zenbateraino hurbilduko zaion alderdi sozialistari. Inkestek ez dute guztiz baztertzen PPren garaipen bat. Voxen kasuan ere gorakada aurreikusi dute. Zenbait iragarpenen arabera, hirugarren indarra izan daiteke eskuin muturreko alderdia. Unidas Podemosek ordezkari batzuk galdu ditzake, eta Ciudadanosi beherakada nabarmena iragarri diote inkesta guztiek.

Beraz, emaitzak aurreikusitakoaren antzekoak badira, Sanchezek apirileko aukera berberak izango ditu presidente hautatua izateko: ezkerreko alderdien eta alderdi abertzaleen babesa bilatzea ala PPri abstentzioa eskatzea. Sanchezek aurreratu du gaurtik 48 ordura "desblokeorako proposamena" egingo duela, baina ez du zehaztu proposamen hori nori zuzenduko dion.

Batetik, pentsatzekoa da PPk apirilean baino presio handiagoa izango duela PSOEri gobernatzen uzteko; zailagoa izango zaiola Sanchezen inbestidura eragoztea eta beste hauteskunde batzuk behartzea. PSOEk argudiatu dezake PPren abstentzioa dela Espainiako gobernua Unidas Podemosen eta independentisten esku ez uzteko modu bakarra. Baina bestetik, PPri urrats hori ematea gehiago kostako zaio PSOEren antzeko emaitzak lortzen baditu edo Voxen gorakada handia bada. Izan ere, Sanchezi gobernua eratzen uztea gogor kritikatuko luke eskuin muturreko alderdiak.

Sanchezek ezkerrera egitea erabakiko balu, berriz, argitu beharko du Unidas Podemosekin koalizio gobernu bat eratzeko prest dagoen ala ez. Ekaineko negoziazioek porrot egin ondoren, aukera hori baztertuta zegoela adierazi zuen. Era berean, ikusi beharko da Unidos Podemosentzat koalizio gobernua eratzea ezinbesteko baldintza bat den, ala gobernu itun bat adostu eta PSOEk eratutako gobernu bat kanpotik babesteko prest ote dagoen.

Era batera edo bestera, inbestidurarako babesa lortzeak soilik ez dio legealdirako egonkortasuna bermatuko. PPk Sanchezen inbestidurari bide emango balio ere, oposizio zorrotza egin beharko lioke gobernu alternatiba gisa irudikatzeko. Gainera, PPk esana du PSOEk bere abstentzioa nahi badu jarrera gogortu beharko duela Katalunian eta gobernu ituna hautsi beharko duela Nafarroan. Unidas Podemosen eta indar abertzaleen babesa bilatuko badu, inbestiduratik harago doazen konpromisoak beharko ditu egonkortasuna bermatzeko. Unidas Podemosek gizarte politika ausartagoak eskatu dizkio, Kataluniako independentistek autodeterminazio eskubidea gauzatzeko irtenbide bat eta EAJk estatuko izaera plurinazionala onartzea eta "euskal agenda" deitzen duena aintzat hartzea.

Legealdirako aliantza sendoen faltak behartu zuen Sanchez hauteskundeak deitzera, joan den otsailean. Mariano Rajoy Espainiako presidentetzatik kanporatzeko zentsura mozioaren bidez izendatu zuten presidente iazko ekainean, Unidas Podemosen eta indar abertzaleen babesarekin. Handik hilabete batzuetara, ordea, ez zen gai izan aurrekontuak aurrera ateratzeko. Unidas Podemosekin, EAJrekin eta Compromisekin akordioa lortu zuen, baina kontra bozkatu zuten ERCk eta PDeCATek, PPrekin eta Ciudadanosekin batera. Kataluniako alderdi independentistek babesa erretiratu zioten Sanchezi, Pedralbeseko adierazpenarekin abiatu zen elkarrizketarako bidea eten eta gero.

Aurrekontuak onartzeko izan zuen babes falta are agerikoagoa izan zen apirileko hauteskundeen ondorengo inbestidura saioan, PSOEko diputatuek eta PRCko ordezkari bakarrak bozkatu baitzuten soilik Sanchez presidente egitearen alde. Abstenitu egin ziren EAJ, EH Bildu, Unidas Podemos eta Compromis.

Euskal Herriko emaitzen iragarpenak

Espainiako Gorteetan Hego Euskal Herriko ordezkariak izango direnak erabakiko dira gaur, eta, EITBren inkestaren arabera, EAJk lortuko ditu ordezkari gehien. Iragarpenak diputatu bat gehiago irabazi dezakeela dio. Zazpi guztira. Bizkaian irabaz dezake azken eserleku hori, Elkarrekin Podemosen kaltetan. EH Bilduk ere igoera izan dezakeela iragarri du inkestak. Nafarroan, Bel Pozuetarekin lor dezake bosgarren ordezkaria. Beste horrenbeste lor ditzake PSOEk —lau PSE-EEk eta bat PSNk (-1)—, eta lau edo bost Elkarrekin Podemosek. PPk Araban izango luke ordezkari bat lortzeko aukera bakarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.