HEZKUNTZA

Akordioa lortu dute Kristau Eskolan

Goizaldera arte egin dute azken bilera patronalak, sindikatuek eta Eusko Jaurlaritzak. Auzi batek blokeatu du akordioa azken egunetan: zer egin ikasle beherakadagatik lanposturik gabe geratuko diren irakasleekin. Beste postu bat emateko sistema bat adostu dute. Akordioa sinatuta, bertan behera geratu da hilabeteko greba.

Kristau Eskolako langileen protesta, atzo, Bilbon./
Kristau Eskolako langileen protesta, atzo, Bilbon./ Aritz Loiola/Foku

Garikoitz Goikoetxea -

2019ko azaroak 9

Hilabeteko grebari ekin eta bi egunera iritsi da akordioa Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe erlijiosoetan. Lan Harremanen Kontseiluan egin dituzte bilerak azken egunetan sindikatuek, patronalak eta Eusko Jaurlaritzak, kontseiluko kide bat bitartekari zutela, eta goizaldean lortu dute adostasuna. Sindikatuen esanetan, aintzat hartu dituzte haien aldarri gehienak, eta akordio «ona» sinatu dute; horrenbestez, bertan behera geratu da hilabeteko greba. Ostegunean hasi ziren, eta abenduaren 5era arte ziren jarraitzekoak.

ELAk du gehiengoa Kristau Eskolan, eta harekin bat eginda egon dira greba deialdian LAB, Steilas eta CCOO; aurreko protestetan UGT ere egon da batasun sindikal horretan, baina ez azkenekoetan, gehiegizkotzat jo baitu hilabeteko greba deialdia. Akordioa sinatzerakoan ere ez da izan batasun sindikalik: LABek ez du sinatu. ELAren jokabidea salatu du —«hark bakarrik parte hartu du gobernuarekin eta patronalarekin egindako negoziazioetan, eta gainerako sindikatuek ez dugu batere proposamenik ikusi azken unera arte»—, baita Eusko Jaurlaritzarena ere —«hauteskunde kanpaina iritsi denean bakarrik inplikatu da»—.

Luze joan da lan gatazka. Kristau Eskolako langileek bederatzi urte egin dituzte lan hitzarmena berritu gabe. Aurreko ikasturtea ere gatazka betean egin zuten ikastetxe erlijioso horietan, 24 greba egunekin. Sindikatuek lan baldintzak hobetzeko eskaria zuten —soldatak areagotzea eta ikastetxetik kanpoko ordu osagarriak aitortzea—, baita beste leku bat bermatzea ere lanpostuak galtzen direnean —kontuan izatekoa da ikasleen matrikulazioa jaisten ari dela, eta horren ondorioz ikasgelak eta ikastetxeak ixten ari direla—. Kristau Eskola ezezkoan egon da denbora honetan guztian, eta argudiatu du ez daukala baliabiderik eskari horiei erantzuteko.

Azken bi astean aldatu egin da panorama. Mobilizazioak gogortu egingo zituztela iragarri zuten ELAk, LABek, Steilasek eta CCOOk: hilabeteko greba, azaroaren 7tik abenduaren 5era. Hori ikusita, Eusko Jaurlaritzak iragarri zuen prest legokeela patronalaren eta sindikatuen arteko mahaian esertzeko. Negoziazioak desblokeatzeko bidea zabaldu zen orduan: Kristau Eskolak eskatua zion urrats hori Jaurlaritzari, eta, behin lortuta, ofizialki eskatu zuen Lan Harremanen Kontseiluaren bitartekaritza. Egunero egin dituzte bilera luzeak, goizaldera artekoak, eta bart heldu da akordioa. Gaur jakinaraziko dituzte xehetasun gehiago.

Eragin handia izan dute mobilizazioek. Gatazkan egon diren ikastetxeek 9.000 langile inguru dituzte, eta 100.000 ikasle baino gehiago. Hain justu, denbora honetan kexu izan dira guraso elkarteak, umeak «gatibu» gisa erabili dituztelakoan. Hilabeteko grebaren ondorioen beldur agertu ziren. Ostegunean hasi zen, ostiralean ere egin zuten, baina astelehenetik aurrera normaltasunez izango dute eskola.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna