Espainiako bozak

EAJk eta EH Bilduk ordezkari bana irabazi dute, batak Bizkaian eta besteak Nafarroan

Jeltzaleek sendotu egin dute Bizkaiko nagusitasuna, lau ordezkari lortuta. EH Bilduk Nafarroan lortu du igoera, eta Arabako eserlekuari eutsi dio. Galera Elkarrekin Podemosek izan du Bizkaian, eta PSNk Nafarroan. PPk eta Voxek gora egin dute, baina ez dute ordezkaririk lortu.

Aitor Esteban, botoa ematen. MARISOL RAMIREZ, FOKU
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko azaroaren 11
00:48
Entzun

Abertzaleek ordezkaritza handiagoa lortu dute Espainiako Kongresuan. Aldaketa hori utzi dute bozek, apirileko hauteskundeetako emaitzekin alderatuta. EAJk zazpi ordezkari izango ditu, eta EH Bilduk, bost. Galera ezkerreko bi alderditan ageri da: Elkarrekin Podemosek eta PSNk diputatu bana galdu dute. Hona zein izango den Hego Euskal Herriko diputatuen banaketa:

EAJ. 7 diputatu.

EH Bildu. 5 diputatu.

PSE-PSN. 5 diputatu.

Elkarrekin Podemos. 4 diputatu.

Navarra Suma. 2 diputatu.

Herrialdez herrialde ez dira joera berberak agertu. Gipuzkoan eta Araban aurreko bozetako eserleku banaketa berbera agertu da. Aldaketak Bizkaian eta Nafarroan gertatu dira.

Araba. EAJk, PSE-EEk, Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk eserleku bana lortu dute. Bosgarren lekuan, ordezkaritzarik gabe, PP geratu da, apirilean bezalaxe.

Bizkaia. EAJren nagusitasuna nabarmena izan zen apirilean —zortzi ordezkarietatik hiru—, eta beste bat lortu du orain. PPrekin lehia estua izan du eserleku hori lortzeko. PSE-EEk bi ordezkarirekin segituko du, eta EH Bilduk, batekin. Elkarrekin Podemosena da galera Bizkaian: bi ordezkari ez, bakarra izango du.

Gipuzkoa. Apirileko banaketa goitik behera berretsi da Gipuzkoan: EAJk eta EH Bilduk bina diputatu, eta PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek, bana.

Nafarroa. EH Bilduk eman du pausoa Nafarroan, ordezkaritza lortuko baitu, apirilean ez bezala. PSNk izan du galera, bi diputatutik batera pasatuta. Navarra Sumak birekin jarraituko du, eta Elkarrekin Podemosek, batekin.

Herrialdez herrialdeko banaketa horietatik harago, nabarmentzekoak dira Hego Euskal Herriko emaitzek erakutsitako joera batzuk:

Abertzaleen gorakada. Ordezkaritza irabazi dute abertzaleek Espainiako Kongresuan: hamabi ordezkari EAJren eta EH Bilduren artean, orain baino bi gehiago. Herrialde guztietan egin dute aurrera boto portzentajean. Nafarroan, Geroa Bai da salbuespena: azpimarratzeko moduko jaitsiera izan du: botoen %6,1 izan zituen apirilean, eta %3,8 orain. Voxek baino boto gutxiago lortu ditu. EH Bilduren igoera oso adierazgarria da Nafarroan: botoen %12,7 izan zituen, eta %17,2 orain.

Sozialistak eta Podemos. Espainiako Gobernua osatzeko negoziazioetan aritu diren bi taldeek, PSE-PSNk eta Elkarrekin Podemosek, galdu egin dituzte botoak portzentajean. Lau herrialdeetan izan da joera berbera. Ordezkaritza ere haiek galdu dute abertzaleen mesedetan: Bizkaian, Elkarrekin Podemosek, eta Nafarroan, PSNk. Bizkaian hautagaitza berria izan da bozetan: Mas Pais. Botoen %1,4 lortu ditu. Podemosek izandako galera baino apalagoa da hautagaitza horren irabazia.

Espainiako eskuina. Voxek ez du ordezkaritzarik lortu Hego Euskal Herrian, baina aurrera egin du eskuin muturreko alderdiak: lau herrialdeetan lortu du boto portzentaje handiagoa, nahiz eta Espainian izandako igoeratik oso urrun egon. Nafarroan, %5,6 boz lortu ditu, Geroa Bairi koska nabarmena aterata. Espainiako eskuineko alderdi nagusia PP izango da Hego Euskal Herrian, apirilean baino boto gehiagorekin —nahiz eta herritar gutxiago joan botoa ematera, boto kopuruan ere gora egin du PPk—. Ciudadanosek atzerakada adierazgarria izan du: ia bi heren galdu ditu.

Parte hartzea. Apirileko hauteskundeetan baino apalagoa izan da parte hartzea: Hego Euskal Herrian, bozetara deituta zeuden herritarren %69 joan dira bozkalekuetara —apirilean %75 joan ziren—. Lau herrialdeetan egin du behera boto emaileen kopuruak, batik bat Bizkaian: apirilean %76, eta orain, %69. Lau urtean lau aldiz izan dira Espainiako Gorteetarako hauteskundeak, eta oraingoa ez da, hala ere, parte hartzerik apalenekoa izan: 2016ko hauteskundeetan apalagoa izan zen parte hartzea, %68koa.

Espainiako Senatuari dagokionez, ez dago aldaketarik ordezkaritzei dagokienez: EAJk, bederatzi; Navarra Sumak, hiru; PSN-PSEk, hiru; eta EH Bilduk, bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.