Gehiengo posibleak

Alderdi abertzaleak prest agertu dira Pedro Sanchezi gobernua osatzen laguntzeko

EH Bilduk "demokratizazioa" jarri du gobernua osatzen laguntzeko baldintzatzat. EAJk, berriz, Sanchezek "ezkerreko akordio bat lortzea" lehenetsi du, eta Voxi "hesi bat jartzea" defendatu.

Aitor Esteban EAJren Espainiako Kongresurako diputatu hautatua, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ, FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2019ko azaroaren 11
09:16
Entzun

Espainiako Gorteetarako hauteskundeen biharamunean, alderdiak oraindik ere baloratzen ari dira lortutako emaitzak eta aurrera begira egin beharreko pausoak. Alderdi abertzaleek balorazio "oso positiboa" egin dute lortutako boto kopuruaz, eta ziurtatu dute horien bidez gobernua osatzen lagunduko diotela Pedro Sanchezi, baina hainbat baldintza jarrita.

“Premiazkoa da legealdia bideratzea, eta gobernua osatzen laguntzeko prest gaude”, esan du Aitor Esteban EAJko Bizkaiko hautetsiak. Pedro Sanchezek “ezkerreko akordio bat lor dezan” lehenetsi du Estebanek, eta Voxi "hesi bat jartzea” defendatu du. Iñigo Urkulluk ere eskuin muturreko alderdiari egin dio erreferentzia: “Oraingo egoera apirilaren 29koa baino okerragoa da”, esan du. Elkarrizketaren aldeko hautua ere egin du, eta ziurtatu du etengabe hauteskundeetara deitzea ez dela konponbidea. EAJren emaitzei dagokienez, baikor agertu da: “Euskadiko emaitzek erakutsi dute errespetatu behar den kultura politiko desberdin bat daukagula”.

EH Bilduk mahai politikoa bildu ostean baloratu ditu emaitzak. Arnaldo Otegiren hitzetan, "oso positiboak" izan dira: “Abstentzioa handiagoa izanda ere, 17.000 boto gehiago lortu ditugu, eta Hego Euskal Herriko lurralde guztietan ordezkaritza daukagun alderdi abertzale bakarra gara”. Espainiara begira, orain bi aukera daudela zehaztu du: inboluzioa edo demokratizazioa. “Demokratizazioaren aldeko joera badago, hor izango gaituzte, baina, hala ez bada, aurrez aurre edukiko gaituzte”. Botoa eman dieten herritarrengana ere zuzendu da, eta, eskerrak emateaz gain, lanean jarraituko dutela ziurtatu die.

Espainiako alderdiak elkarri begira

Bi alderdiek gobernua osatzeko ardura PSOEri utzi diote, baina PSE-EE PPri, Ciudadanosi eta Podemosi mintzatu zaie, esanez haien errua izan direla "blokeo politikoa eta Voxen igoera". “Podemosek nahiago izan zuen gobernuan egotea desblokeoa baino, eta PPk eta Ciudadanosek Vox muturreko alderdiari erakundeetan sartzea baimendu diote”, esan du Eneko Anduezak. Aurrera begira, “presidente aurrerakoi bat” edukitzea helburu dutenez, ziurtatu du alderdi guztiei eskua luzatuko dietela Voxi izan ezik.

Elkarrekin Podemoseko Gipuzkoako hautetsi Pilar Garridok koalizio gobernu baten alde egin du Pedro Sanchez inbestitzeko. Hala ere, ziurtatu du eskaera hori ez dela “marra gorri bat”. Sanchezi eskaera bat egiteko ere baliatu du hauteskundeen biharamuna: “Emaitzak kontuan hartu eta gobernu bat osatzeko serio lanean hasi beharko luke”. Garridok esan du beraiek “malguak” izango direla, baina gobernua ezin dela “kolore bakarrekoa” izan. Voxi dagokionez, Juantxo Lopez de Uralde Arabako hautetsiak azaldu du beharrezkoa izango dela “ekologismo politikoa indartzea” erakundeen barruan nahiz kanpoan. Gaineratu du Espainian izandako emaitzek “demokraziak atzera egitea eta eskubideak eta askatasunak mehatxatzea dakartela”.

EAEn eserlekurik gabe geratu da PP, eta Alfonso Alonsok Voxi egotzi dio beren emaitzen errua: “Vox izan da Arnaldo Otegiren aliaturik onena”. Horren harira, Santiago Abascali gogoeta egiteko eskatu dio, eta “Euskal Herrian askatasunak eta konstituzioa defendatzea zaila dela” ulertzeko. EAEn ordezkaritzarik lortu ez duten arren, “lekua berreskuratzen” ari direla eta “egoerari buelta” eman diotela ziurtatu du. Hala ere, atzerriko botoak zenbatzeko falta direnez, ez dute baztertzen Bizkaiko ordezkaria lortzea. Alonso penatuta agertu da alderdi subiranistek eta muturrekoek “gorakada oso garrantzitsua” izan dutelako. Horren aurrean, nabarmendu du PPk “erantzukizunez” jokatuko duela.

Nafarroan, berriz, Navarra Suma izan da garaile, eta Sergio Sayas hautetsiak ziurtatu du "konpromisoa" daukatela lurraldearekin: "Navarra Sumako diputatu eta senatariak Espainiako Gorteetan egongo dira, lurralde hau defendatzen". PSNren emaitzak ere baloratu ditu: "Eserleku bat galdu dute printzipiorik eta proiektu politikorik ez edukitzeagatik eta arduragabekeriaz jokatzeagatik". Nabarmendu du Sanchezek ere gobernu "zaila" daukala, "arduragabekeriaren erruz". "Alderdi sozialistak nazionalistekin akordioak lortzen dituenean, nazionalismoak irabazten du, eta Nafarroak eta Espainiak, galtzen", gaineratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.