Makroekonomia

Alemaniak izkin egin dio atzeraldiari

Urteko hirugarren hiruhilekoan %0,1 hazi da, familien eta erakunde publikoen gastuak industriaren pattalaldia konpentsatu baitu. Eurogunean, BPGa %0,2 handitu da.

Porscheren auto fabrika, Stuttgart hirian. ROLAND WITTEK
Iker Aranburu.
2019ko azaroaren 14a
10:05
Entzun

Huts egin dute Alemania atzeraldi teknikoan sartuko zela zioten iragarpenek. Apiriletik ekainera %0,2 uzkurtu ondoren —%0,1eko tasa negatiboa berrikusi dute—, uztailetik irailera ere barne produktu gordina txikituko zela uste zuten adituek, eta hala gertatuko zela iragarri zuen Bundesbankek.

Ez da, ordea, halakorik gertatu, nahiz eta Peter Altmaier Ekonomia ministroak onartu duen hazkunde datuak oraindik "oso ahulak" direla. Horrela, urte arteko tasan %0,5eko tasan ari da hazten Alemania. Aurreko hiruhilekoan baino bi hamarren gehiago da, baina oso urrun dago iazko %1,5etik. Europako Batzordeak %0,4ko hazkundea espero du aurten Alemaniarentzat, joan den astean kaleratutako Udazkeneko Aurreikuspenen arabera.

Industriaren bizkar dago Alemaniako ekonomiaren motelaldia. Izan ere, brexit-ak eta Donald Trumpek bultzatutako merkataritza gerrek Alemaniako produktuen nazioarteko eskaria txikitu dute. Beste faktore bat autogintzaren estutasunak dira. Gas isurketei buruzko araudi gogorragoek eta industriaren elektrifikazio prozesu geldo baina atzeraezinak egokitzapen beharrean harrapatu du Alemaniako auto industria boteretsua.

Edonola ere, okerrena igaro dela iradokitzen dute udako datuek: esportazioak iaz baino %4,6 handiagoak izan dira. 

Uztailetik irailera arteko tasa positiboaren arrazoi nagusia, ordea, kontsumoan dago. Langabezia txikia dago Alemanian, %3 ingurukoa, eta horrek lagundu egiten dio familien kontsumoari. Erakunde publikoek ere gastua handitu dute udan, eta eraikuntzak ez du sasoi txarra izan.

Eurogunean, %0,2

Atzeraldirik ez dago, oraingoz, eurogunean. Eurostatek gaur baieztatutako datuen arabera, uztailetik irailera %0,2 handitu da BPGa hiruhileko arteko tasan, apiriletik ekainera bezainbeste. Urte arteko tasaren hazkundea, berriz, %1,2koa da, Europako Batzordeak urte osorako espero duen baino hamarren bat gehiago. Europako Batasun osoan, berriz, hamarren bat handiagoa da hazkundea, %0,3koa hiruhilekokoa, eta %1,3koa urte artekoa.

Hazkunde datu positiboa dute herrialde guztiek. Oso txikia batzuek —Alemania ez ezik, Italia, Liatuania eta Austria ere %0,1 hazi dira—, eta sendoagoa beste batzuek: Polonia %1,3 hazi da, Hungaria %1,1, Bulgaria, Letonia eta Zipre %0,7...

Barne produktu gordinarekin batera hazten ari da enplegua ere. 2019ko hirugarren hiruhilekoan lana dutenen kopuruak %0,1 egin du gora eurogunean eta EBn. Urtebete lehenago baino %1 gehiago dira eurogunean, eta %0,9 EB osoan. Lurraldeen araberako datu xehaturik ez du eman Eurostatek.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.