Foro Soziala

"Elkar entzuteko", Foro Sozialak biktimen arteko solasaldi bat antolatu du

Azaroaren 26an, mahai inguru bat izango da Nafarroako Parlamentuan: Roberto Manrique, Hipercorreko ETAren atentatuko biktima, eta torturapean hildako Mikel Zabalzaren arreba, Idoia Zabalza. Fernando Rey izango da moderatzailea.

Foro Sozialak otsailean, alde diferenteetako biktimekin egindako topaketak egin zituen. Artxiboko argazkian, Isidro Murga, Peti Romero, Maria Jauregi, Peru del Hoyo eta Pablo Martinez.
Foro Sozialak otsailean, alde diferenteetako biktimekin egindako topaketak egin zituen. Artxiboko argazkian, Isidro Murga, Peti Romero, Maria Jauregi, Peru del Hoyo eta Pablo Martinez. Jon Urbe/Foku

Joxerra Senar -

2019ko azaroak 14

Foro Sozialak Hitzorduak izeneko topaketa antolatu du Nafarroako Parlamentuan, eta hau du leloa: "Hitz egiteko, entzuteko eta parte hartzeko garaia da". Helburua da jatorri eta ideia desberdineko pertsonak biltzea, "baita urteetan elkarri bizkarra eman diotenen artean ere".

Bi mahai inguru antolatu dituzte. Lehenik eta behin, datorren azaroaren 20an, Elkarbizitza demokratikoa Nafarroan, aukerak eta erronkak izenburupean lehen topaketa egingo da. Bertan, Joseba Santamaria Diario de Noticias egunkariko zuzendaria izango da moderatzaile, eta hiru solaskidek parte hartuko dute: Guillermo Mujika teologo eta Foro Gogoa erakundeko sortzaileak; Vicente Madoz psikiatra eta Argibide fundazioaren sortzaileak, eta Camino Osle NUPeko irakasleak.

Azaroaren 26an beste mahai inguru bat egingo da, Elkarbizitza eraikitzeko entzun, biolentzia desberdinen biktimen testigantzak izenburupean. Batetik, Roberto Manrique ETAren biktima izango da, eta, bestetik, Idoia Zabalza, Estatuko indarkeriaren biktima izan zen Mikel Zabalzaren arreba.

Foro Sozialak gaur nabarmendu du hasi berri den legealdiak balio behar duela "Nafarroan elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko" . Foro Sozialak azaldu du irabazle eta galtzaileen logika ezarri nahi dutenen aldean, gizartearen gehiengoak babestutakoaren alde daudela: "Etorkizuneko eredu bat, inklusiboa, elkarbizitza demokratikoaren eraikuntzaren alde begiratzen duena".  Horretarako hiru korapilo nagusi daudela deritzote: biktima guztientzat egia, justizia eta erreparazioa, "bereizkeriarik gabe"; preso eta iheslariaren auziaren konponbidea; eta memoria kritiko partekatua.

Helburu horretan, aurreko legealdian egindako urratsak aurrera jotzeko heldulekua direla deritzo. Alde batetik, PSNk, Geroa Baik, EH BIlduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak eta sindikatuek gaixo diren presoak hurbiltzeko adierazpen bat sinatu zuten. Halaber, hilabeteotan hainbat bilera egin dituzte alderdi eta gizarte eragileekin, hiru korapilo horietan adostasunak bilatzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna