EUSKARA

Iruñeko Udalak EH Bilduri leporatu dio Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna debekatu izanaren erantzukizuna

Kultura zinegotzi Maria Garcia-Barberenaren irudiko, aurreko gobernuak "era irregularrean" egin zuen kontratua. Hori "aitzakia" dela erantzun du Maider Belokik (EH Bilduk), eta "espedientea erakustera" premiatu du udala

Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizun berriko une bat. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ion Orzaiz.
2019ko azaroaren 15a
15:16
Entzun

Haizagailua piztu du Navarra Sumak. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak Iruñeko Baluarten azaroaren 29an ematekoak ziren ikuskizuna bertan behera utzi ostean, horren ardura aurreko gobernu taldearena dela argudiatu du Kultura eta Berdintasun zinegotzi Maria Garcia-Barberenak. Kazetariek eginiko galderei erantzunez, Garcia-Barberenak esan du kontratua "era irregularrean" sinatu zuela aurreko Kultura zinegotzi Maider Belokik: "Halako kontratuak egiteko, txosten juridiko bat, txosten tekniko bat eta esleipena onartzeko erresoluzio bat behar da, baina kasu honetan ez dago halakorik. Maider Belokik ekainaren 12an sinatutako kontratu bat daukagu, prozedura bete gabe eginikoa".

Are: Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunari buruzko "espedienterik ez dagoela" esan du zinegotziak, eta auzia Nafarroako Kontseilura igorri duela, ikerketa egin dezan. "Nafarroako Kontseiluak erabakiko du ikuskizuna bertan behera utzi izana egokia den ala ez, baina, ordura arte, udalak ez du ezer eginen". Kazetarien galderei erantzunez, Garcia-Barberenak aitortu du kontseilu horren erabakia "40 egunen buruan" helduko dela; pailazoen ikuskizunaren data igarota, alegia.

EH Bilduko zinegotzi Maider Belokik, berriz, Garcia-Barberenaren bertsioa "faltsua" dela esan dio BERRIAri, eta kargu hartu dio udal gobernu taldeari, "gardentasunik gabe" jarduteagatik: "Espedientea egon badago, baina Navarra Sumak ez du erakutsi nahi. Hilabete eta erdi daramagu txosten hori udalean eskatzen, eta ez digute eman. Zergatik ez?". Kontratua sinatzeko prozedurari dagokionez, EH Bilduko kideak azaldu du kontratazio publikorako araudian "artisten espezifikotasuna" aintzat hartzen duen 75. artikuluari jarraikiz egina dagoela hitzarmena, eta kontratu artistiko guztiak "modu horretan" egiten direla.

Garcia-Barberenak esanikoak "aitzakia hutsa" direla gaineratu du Belokik, "euskarafobia disimulatzeko". "Ez da kasu bakan bat. Euskararen ordenantza atzera bota eta hizkuntz politikan azken urteetan eginiko aurreraurratsak ezeztatu nahi ditu Navarra Sumak. Euskarafobia kutsua dute erabaki horiek guztiek". Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunari trabak jartzea, gainera, "adierazpen askatasunaren kontrako erasoa" ere badela gaineratu du EH Bilduko zinegotziak.

Geroa Bairen udal taldearen izenean, Patxi Leuza zinegotziak BERRIAri adierazi dio "tamalgarria" dela Iruñeko udal gobernuak ezarritako debekua: "Aitzakia administratiboak jarri ditu Navarra Sumak: kontratuak direla, datak eta epemugak direla... baina argi dugu erabakia ez dela administratiboa, politikoa baizik. Eta okerrena da, horren guztiaren gainetik, Iruñeko haurrek pairatuko dutela erabaki horren kaltea, ikuskizunik gabe utziko dituztelako". Hori dela eta, debekuan atzera egiteko "edozein proposamen edo mozio" babestuko du Geroa Baik.

Behatokia: "Eraso antolatu bat da"

Hautsak harrotu ditu Iruñeko Udalaren erabakiak, euskalgintzako eragileen artean batez ere. Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak, adibidez, "kezkaz eta beldurrez" hartu du debekua. "Susmoa dugu hau ez dela kasualitate bat, aurretik antolatutako eraso bat baizik", esan du. Iruñeko Udalak azken asteetan hartutako zenbait erabaki jarri ditu adibide gisa. "Hau hasiera baino ez da: hortxe ditugu euskararen ordenantza moldatzeko ahalegina eta euskarazko haur eskolen inguruan eginiko adierazpenak. Gorroto bide argiari heldu dio Navarra Sumak, eta ez daude prest hizkuntz eskubideak errespetatzeko. Denak balio die euskararen kontra egiteko".

Iruñeko Peñen Federazioak ere kritikatu egin du Iruñeko Udalaren erabakia. EH Bildu, Geroa Bai, Aranzadi eta Ezkerra udal agintera iritsi aurretik, Gora Iruñea kolektiboak eta peñek antolatzen zuten urtero Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna, azaroaren 29ko San Saturnino jaiaren karira. Urteetako ohitura hori apurtu izana txarretsi dute peñek, sare sozialetan argitaratutako mezu labur baten bidez: "Lotsagarria! Urteetan Gora Iruñea-rekin batera antolatzen genuen jaialdia aurten udalak bertan behera utzi du. Arrazoiak?".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.