Tortura

Nekane Txapartegi estraditatzeko eskari berri bat bidali dio Espainiak Suitzari

Espainiako Auzitegi Nagusiak Txapartegiri ireki zion auzi berri batekin lotu dute eskaria. Bihar elkarretaratzea egingo du Free Nekane plataformak, Bernako epaitegien aurrean.

jarraia173890.jpg
2019ko azaroaren 17a
10:02
Entzun

Espainiak Nekane Txapartegiren kontra aurkeztu duen estradizio eskaria salatzeko, 150 lagun inguru mobilizatu ziren atzo Zurichen (Suitza), Txapartegi bizi den hirian. Free Nekane plataformak jakinarazi duenez, astelehenean elkarretaratzea egingo dute Bernako epaitegien aurrean, 12:00etatik 14:00etara, Suitzako Justiziari eskatzeko baztertu dezala Txapartegiren kontrako estradizio eskaria.

Joan den maiatzean, Bernako auzitegi batera joan behar izan zuen Txapartegik, Espainiako Auzitegi Nazionalak irekitako auzi batengatik deklaratzera: Europan barrena ibiltzeko dokumentazio faltsua erabili izana egotzi zioten. Txapartegik uko egin zion deklaratzeari, eta Free Nekane taldeak orduan aurreratu zuen Espainiak estradizio eskari bat aurkezteko asmoa zuela.

Olivier Peter Txapartegiren abokatuak eman du estradizio eskariaren berri, bere Twitter kontuan. "Nekane Txapartegi Guardia Zibilak torturatutako eta Zurichen errefuxiatutako militante euskal herritarraren kontrako estradizio eskari berri bat bidali du Espainiak. Jazarpen politikoa, bidegabeko prozedura eta torturapean lortutako frogak: Suitzak ez du konplize izan behar".

18/98 sumarioan epaitu eta zigortu zuten Txapartegi (2009), eta sei urte eta bederatzi hilabeteko zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak. Atxilotzean (1999) torturatu egin zutela salatu zuen Txapartegik. 2016ko apirilean, Suitzan atzeman, eta preso sartu zuten; 2017ko irailean utzi zuten aske. Espainiako Auzitegi Nazionalak preskribatutzat eman zuen hari egotzitako delitua, eta bertan behera gelditu zen haren kontrako estradizioa. Asilorik ez dio eman Suitzak, ordea. Dokumentazio faltsua erabiltzea leporatzen diote orain, eta Free Nekane taldeak gogora ekarri du «berriz ere atxilotua eta torturatua izateko mehatxuagatik» joan behar izan zuela Espainiako Estatutik.

Elkartasun taldeak zehaztu du Suitzako Auzitegi Gorenak eta Auzitegi Administratibo Federalak «sinesgarritzat» jo zituela Txapartegiren tortura salaketak. Espainiak haren lehen auzia preskribatutzat jotzean, horixe erabili zuen argudio gisa Suitzako Auzitegi Administratibo Federalak Txapartegiren asilo eskaria ez onartzeko. Hain zuzen, arrazoitu zuen dagoeneko ez zuela «jazarpenerako arriskurik». Free Nekane plataforma Bernako Auzitegiaren aurrean elkartuko da astelehen eguerdian, estradizio eskaeraren aurka.

Bilgune Feministaren babesa ere Jaso du Txapartegik. «Tortura sexista emakumeonganako indarkeriaren beste adierazpen bat» dela salatu du talde feministak, eta nabarmendu du «patriarkatuaren oinarri den sexu bereizkeria iraunaraztera eta indartzera bideratutako indarkeria» dela hori ere.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.