EUSKARA

Hirigintza planen hizkuntza eragina aztertu beharko dute EAEko udalek

Udal Legeak euskarari buruz emandako arauak garatu ditu Eusko Jaurlaritzak, dekretu baten bitartez. Euskara lehenesteko neurriak zehaztu dituzte, eta udal bakoitzak euskara plan bat izan beharko du.

Arnasguneak. Orendain, artxiboko irudi batean. Hogei urtean, euskararen ezagutza hamar puntu jaitsi da; etxeko erabilera, 30 puntu.
Arnasguneak. Orendain, artxiboko irudi batean. Hogei urtean, euskararen ezagutza hamar puntu jaitsi da; etxeko erabilera, 30 puntu. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Garikoitz Goikoetxea -

2019ko azaroak 20

Hirigintza proiektuak eta halako egitasmoak onartu aurretik, euskarari nola eragiten dioten aztertu beharko dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalek. Eusko Jaurlaritzak dekretu bat onartu du gobernu kontseiluan, EAEko Udal Legeak euskarari buruz emandako arauak garatzeko. Proiektuen eragin linguistikoa aztertu beharra da berritasun nagusietako bat. Ez da nobedade bakarra: hirugarren hizkuntza eskakizuna egiaztatua duten langileek —EGAren pareko maila da— lanean euskaraz egitea ezarri dute.

Udal Legea 2016an onartu zuen Eusko Legebiltzarrak, EAJren eta EH Bilduren botoekin. Euskarari buruzko berritasun batzuk ekarri zituen: besteak beste, euskara izendatu zuen «berezko hizkuntza», eta haren «erabilera normala eta orokorra» ezarri. Euskara lehenesteko aukera zabaldu egin zuten formulazio horrekin. Lege horren bidez, euskara sustatzeko eskumena eskuratu zuten udalek, eta hori zehazteko dekretua onartu du orain Jaurlaritzak.

1. Euskara lehenestea. Hizkuntza politikarako eskumena jaso dute udalek, eta, horrekin, betebehar batzuk izango dituzte: euskararen erabilera «dinamizatzea» eta euskararen irakaskuntza «sustatzea». Finean, euskararen aldeko «ekintza argiak» abiatzea. Dekretuaren arabera, udal bakoitzak euskara plana egin behar du, eta erabilera irizpideak zehaztu: barne funtzionamendurako, ekitaldietarako, dokumentuetarako... Udalerri bakoitzeko «egoera soziolinguistikoaren arabera» moldatuko dituzte hizkuntza irizpideak, baina aurrerabidea eskatuko diete denei: «gero eta gehiago» erabiltzea euskara.

Dekretuan zehatz jaso dituzte euskara lehenesteko neurri batzuk: deiak euskaraz hartzea, ziurtagiriak euskaraz edo ele biz ematea, argitalpenak eta ekitaldiak «gutxienez» euskaraz egitea... Hots, modua jarri dute erabat euskaraz egiteko, baina ez erdara hutsez. Udal Legeak dakarren berritasuna da hori: elebitasun simetrikoa gainditzea, dena bi hizkuntzatan egin beharrik ez izatea.

2. Langileak. Hizkuntza eskakizunak eta lanean euskara erabiltzea lotu dituzte dekretuan: egiaztagiria dutenek ez dutela arrazoirik euskaraz ez egiteko. «Hizkuntza eskakizuna egiaztatu badute, nahikoa gaitasun aitortuko zaie lanpostuaren berezko funtzioak bi hizkuntza ofizialetan egiteko». EGA maila baino handiagoa dutenen kasuan, euskaraz lan egitea ezarri dute dekretuan: «Langileek lanpostuari nahitaez esleitutako hirugarren edo laugarren hizkuntza eskakizuna egiaztatu baldin badute, euskaraz jardungo dute, ahoz zein idatziz, toki erakunde bakoitzak onartu duen planean horri buruz ezarria dagoenarekin bat etorrita».

Udaletarako dekretuan soilik ez, antzeko irizpideak eman ditu Jaurlaritzak erakunde guztietarako. Euskara planen azken irizpideetan zera ohartarazi du: herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko obligazioa dutela erakundeek, eta langilearen «borondatetik harago» bete behar dela hori. «Langileak dira hizkuntzen artean hautatzeko aukera eskaini behar dutenak. Frogatuta dago lan eginez ikasten dela egiten».

3. Hautetsiak. Langileen aldean, neurri arinak ageri dira udaletako hautetsiei dagokienez: sustapen politikak. Adibidez, euskara ikasteko aukera jartzea zinegotziei. Izatez, dekretuko neurrien garapena nabarmen baldintzatuko du hautetsien gaitasunak. Esate baterako, dekretuak modua jarri du udalek erabat euskaraz funtziona dezaten: dokumentuetan, bilkuretan, lan saioetan... Baina ulermena izango da muga: hautetsi batek argudiatzen badu ez duela ulertzen, ele biz eman beharko dizkiote agiriak, eta itzulpen zerbitzua bermatu beharko diote bileretan.

4. Herritarrak. Euskara lehenesteko neurriak ezarri dituzte dekretuan, baina une oro aipatu dute horrekin ez direla hizkuntza eskubideak urratu behar: euskaraz edo gaztelaniaz, herritarrek eskatutako hizkuntzan eman behar dutela zerbitzua udalek. Kasu egiten ari den langileak euskaraz ez badaki, beharginak berak eskatu beharko du laguntza, dekretuak dioenez, eta herritarrari ez dio erdaraz eginaraziko. «Langileek ez diete eskatuko herritarrei hizkuntza batean edo bestean mintzatzeko».

Herritarren hizkuntza hautua bermatzeari begira, bada neurri bat: udalek fitxategietan gorde beharko dute herritar bakoitzak zein hizkuntzatan izan nahi duen harremana. Osakidetzak, adibidez, badu antzeko neurri bat. Gogoan izatekoa da, ordea, polemika eragin izan dutela horrelako proposamenek: esaterako, Gipuzkoako Foru Aldundiak onartu zuenean, PSE-EEk salatu zuen «herritarrak sailkatzea» zela hori.

5. Kontratazioak. Zerbitzu batzuk enpresen bitartez ematen dituzte udalek, haiek kontratatuta. Hizkuntza eskubideak berdin bermatu beharko dituzte kasu horietan: zerbitzua udalak berak eskainiko balu bezala. Horretarako, hizkuntzarekin lotutako aldagaiak sartu beharko dituzte kontratazio irizpideetan, eta enpresek bermatu beharko dute langile euskaldunak egotea: «Hizkuntza ofizial bietan jarduteko gaitasuna duten langileak jarri beharko dituzte. Alderdi hori kontratuko administrazio baldintza partikularretan egongo da jasoa». Duela urte batzuk zabaldu zuten bide hori udal batzuek, baina arazoak izan zituzten epaitegietan, Espainiako Gobernuak salaketa jarri zielako.

6. Eragin linguistikoa. Azpiegitura proiektuak onartzerako aztertu egiten dute ingurumenari nola eragingo dioten. Antzera egin beharko dute euskararekin udalek: hirigintza planak, azpiegiturak eta horrelako egitasmoak onartu aurretik, eragin linguistikoa aztertu. Udalak berak egin beharko du analisi hori —dekretu zirriborrotik aldaketa izan da: proiektuaren sustatzaileak egin beharko zuela ezarri zuten—. Kaltea izango dela sumatzen badute, neurri zuzentzaile edo konpentsatzaileak eskatuko dituzte.

Herriko egoera soziolinguistikoan «era negatiboan eragin dezaketen» egitasmoak aztertuko dituzte: hirigintza eta turismo planak, eta merkataritza guneak eta industrialdeak egiteko proiektuak. Arnasguneen kasuan, areago, «euskararen erabileran eragina izan dezaketen plan eta proiektu guztiak» ebaluatuko dituzte. Haietan nabarmendu da, izan ere, hirigintzaren eragina: erdalduntzen ari dira herri euskaldunenak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna