Hezkuntza

Zaintza eta arreta espezifikoa «motxiladun haurrentzat»

Sarek Motxiladun haurrak. Hezkuntza inklusiboaren ikuspegitik hezkuntza premien inguruko analisi eta proposamenak unitate didaktikoa aurkeztu du.

Marian Bilbatua, Inaxio Oiarzabal eta Esti Amenabarro unitate didaktikoaren aurkezpenean. JUAN CARLOS RUIZ/FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2019ko azaroaren 19a
19:32
Entzun

«Gaur egun indarrean dagoen espetxe politikak zuzenean eragiten die eskolatzean motxiladun haurrei», adierazi du Esti Amenabarro EHUko irakasleak. Horrela, Sarek abiatuta, Amenabarro eta Marian Bilbatua hezkuntza alorreko adituek osatutako Motxiladun haurrak. Hezkuntza inklusiboaren ikuspegitik hezkuntza premien inguruko analisi eta proposamenak unitate didaktikoa aurkeztu dute gaur EHUko Donostiako campusean. Lan horren bitartez, ikuspegi pedagogikotik gurasoetako bat edo biak espetxean dituzten haurren errealitatera «gerturatzen» saiatu direla azpimarratu du Amenabarrok.

Hezkuntzan hutsune eta behar bat dagoela adierazi du: «Eskolak, agente sozial bezala, zeresan eta zeregin garrantzitsua du eremu horretan. Gure ustez, hezkuntzaren ikuspegi inklusibotik, motxila hau duten haurrak zaintza zehatza izan behar dute, eta arreta espezifikoa izateko eskubidea dute». Bi norabidetan egin dute azterketa: alde batetik, espetxeak eta dispertsioak haur hauei eskolatzean nola eragiten dien aztertu dute, eta bestetik, eskolak horren aurrean erantzunak emateko orduan dituen mugak eta zailtasunak analizatu dituzte.

Dispertsioak eskolaratzean eragin «zuzena» duela azaldu dute, eta egin beharreko bidaia luzeen ondorioz haurrek jasaten duten «neke fisikoa» azpimarratu dute. Bestetik, familia egiturako erreferentziazko pertsona bat edo biak kartzelan egoteak sortzen dituen ondorioak nabarmendu dituzte. Errealitate hori bizi duten irakasleekin egin dute lan txostena osatzeko. Ikuspegi kualitatiboa erabiliz, irakasleek gai horri lotuta dituzten kezkak eta hutsuneak biltzen saiatu dira. Horrela, irakasleen formakuntzan «gabezia» hauteman dute: «Profesionalek galdera asko zituzten trebakuntza mailan, eta nolabait, autoformakuntza bitartez erantzun behar izan diote. Prestakuntza espezifikoaren beharra dago», azaldu du Amenabarrok. Horrez gain, ikasgelan lantzeko «baliabideen beharra» ere badagoela onartu du.

Proposamenak

Lau ataletan dago banatuta unitate didaktikoa, eta premien inguruko analisia egiteaz gain, horri aurre egiteko hainbat proposamen egiten ditu. Hasteko, hainbat txosten aztertuz, gurasoak espetxean dituzten haurren «egoera deskribatzen» saiatu direla esan du Bilbatuak. Bigarren atalean, berriz, haur eta nerabe horien egoerari erantzun egokia ematea proposatzen dute, eta hainbat printzipio lantzen dituzte. «Eskola eta hezkuntza komunitateak haur hauen ongizatea bermatu behar du. Esparru horretan proposamenak egiten ditugu, lau nabarmenduz: ikasleen aniztasunaz nahiz egoeraz jabetzea eta bakoitzaren parte hartzea ahalbidetzea; politika eta jardunbide inklusiboak garatzea; hezkuntza komunitatearen esparruan kokatzen dela kontuan hartuz, eskola bakoitzak izatea horri erantzuteko baliabide eta bide nahikoa; eta azkenik, hizkuntza komunitatearen inplikazioa», adierazi du Bilbatuak. Hori lantzeko, aholku eta ideia batzuk biltzen dira.

Txostenaren hirugarren zatian, irakasleen esperientziak jaso dituzte: «Lau ikastetxetako irakasleen ideiak eta ekimenak bildu ditugu. Haurren beharrak aztertu ditugu, eta lan egiten jarraitzeko hainbat bide ematen dira». Egoera horretan dauden haurren irakasleekin hausnarketa bat egiteko «abiapuntua» izan daitekeela azaldu du Bilbatuak. Azkenik, «baliagarriak» izan daitezkeen baliabideen bilduma bat osatu dute, eta bakoitzaren inguruan proposamen didaktiko bat egin dute.

Txosten hori prozesu baten «abiapuntutzat» hartzen dutela azaldu du Bilbatuak. «Dinamikoa da erreminta, eta etengabe hobetzen eta berritzen joan behar du. Gure helburua ikasle hauei zaintzarako behar dituzten mekanismo espezifikoak eskaintzea da, beraien errealitatetik abiatuta», gaineratu du Amenabarrok.

Duela bi urte eta erdi hasi zen Sare «motxiladun haurren» errealitatea aztertu eta inguratzen zituen gaiak lantzen. Ordutik, haur eta nerabe horiek dituzten behar ezberdinak «identifikatzen», eta hutsune horiek betetzeko «tresnak sortzen» saiatu direla esan du Inaxio Oiarzabak Sareko bozeramaileak. Egun, 104 haur eta nerabek dituzte gurasoetako bat edo biak espetxean, eta bi gehiago izango dira laster. Horrez gain, bost haur bizi dira euren amekin espetxean; lau Picassenten (Herrialde Katalanak), eta bat Aranjuezen (Madril).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.