Espainiako presidentearen inbestidura

EH Bilduk oinarriei galdetuko die Espainiako presidentearen inbestiduran zein boto eman

Espainiako presidentearen inbestidurarako eguna jakinarazten denean, batzar bat egingo dute azken hauteskundeetan koalizio abertzalearengan "konfiantza" jarri zuten guztiekin.

EH Bilduko hautetsiak, aktak jaso baino lehen. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE
Irati Urdalleta Lete.
2019ko azaroaren 20a
13:32
Entzun

EH Bilduren Mahai Politikoak erabaki du nola aukeratuko den Espainiako presidentearen inbestidura saioan emango den botoa: Mahai Politikoak proposamen bat egingo du, eta, hori onartu edo ez erabakitzeko, batzar bat egingo dute koalizio subiranistaren oinarriekin. "EH Bilduk batzar horretan parte hartzeko deia egingo die azken hauteskundeetan beren konfiantza indar subiranistan jarri zuten herritarrei", azaldu dute. Horrenbestez, EH Bilduk Espainiako presidentearen inbestiduran emango duen botoa oinarrien esku egongo da.

Gaur eman dute presidentea erabakitzeko aukera edukitzeko lehen pausoa. Izan ere, EH Bilduk Espainiako Gorteetan izango dituen bost diputatuek eta bi senatariek jaso berri dituzte aktak. Akreditatu aurretik, gogoan izan dute Josu Muguruza, gaur 30 urte betetzen baitira eskuin muturrak diputatu zena hil zuela.

Pedro Sanchezen inbestidurari dagokionez, Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatuak esan du oraindik ez diela deitu eta, gobernua osatu nahi badute, zertarako izango den esatea izango dela garrantzitsuena. «Azken egunetan ikusitakoak ez gaitu baikor sentiarazten, Sanchezek oraindik ez baitu onartzen Kataluniarekin eta Euskal Herriarekin dagoen arazo politikoa», nabarmendu du. Horri aurre egiteko, berriz, bi aukera daudela esan du: orain arte bezala geratzea edo «agenda aurrerakoiaren» alde egitea, «gizartearen eskaerei» erantzuteko. «Ez dakigu zein Sanchez aurkituko dugun: 155. artikuluarena edo nazio aniztasunarena, galdeketak debekatu nahi dituena eta estatu kolpe digitala mantentzen duena edo kotxe batera igo eta estatuan barrena nazio aniztasunaren alde ibili zena», gaineratu du Aizpuruak. PSOEren eta Podemosen arteko akordioa argitu eta garatu beharko litzatekeela pentsatzen du, eta Sanchezek zer egin nahi duen esan beharko lukeela. «Ekintzak behar ditugu, eta ez hitzak», zehaztu du. Eskuin muturra ere izan dute hizketagai: «Voxi ez zaio atea ixten politika epelekin».

EH Bilduren jarreran eragiteko gakoa zein izango den ere azaldu du: «Sanchezek irmoki elkarrizketaren eta demokraziaren eta nazio aniztasunaren errespetuaren alde egiten badu, EH Bilduk erantzukizunez jokatuko du». Horren aurka eginez, «eskuinak zehaztutako bidetik» joaten bada eta «bere iraupen politikoa» soilik lortu nahi badu, berriz, aurrean edukiko dituztela nabarmendu du. Gaineratu du orain dela «ausartak» izateko aukera, «erantzukizunez» jokatzeko eta eskuinaren aurrean ez «makurtzeko». «Oraintxe bertan ez dugu horrelako ezer ikusten PSOEn, baina oraindik badago denbora», gaineratu du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.