Espetxe politika

Sakabanaketaren biktimen aitortza, taula gainera

Presoen senideen «pairatzen duten sufrimendua» islatu nahi izan du ‘Gutun mezulariak’ antzezlanean.

Maddi Argote dantzaria eta Ane Artetxe arpa jotzailea, 'Gutun mezulariak' antzezlaneko une batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko azaroaren 23a
17:57
Entzun

«Dispertsioak eragindako hamasei hildakoen memoria eta aitortza aldarrikatzen ari gara, herri honen konponbidean eta elkarbizitzan aurrera joan ahal izateko», hitz hauekin laburbildu dute Urtzi Errazkin eta Patricia Velez Etxerat elkarteko kideek ‘Gutun mezulariak’ antzezlanaren muina. Goizean taularatu dute, Gernikako Lizeo antzokia bete duten 340 ikusleen aurrean. Momentuz, ez dute beste inon errepikatuko.

Ikuskizunaren bizkarrezurra lau eskutitzek osatzen dute. Aurrenekoa preso baten alabak idatzitakoa da, bigarrena Alzheimerrak jota dagoen preso baten amak, hirugarrenean euskal presoak bisitatzera joan eta trafiko istripuetan hildakoak omentzen dituzte, eta laugarrena gizarteari zuzendua zaio: «Urruntzea eta dispertsioa eraso krudela dira. Espaniar estatuan dagoen espetxe politika zigorra da senideentzat, presoak maitatzen ditugunak eta haiekin lortura afektiboa mantentzen dugunentzat zuzendua. Sufrimendu hori ezin daiteke mantendu, ez baita justua, ezta humanoa ere. Bidezkoa da hura amaitzeko eskatzea».

Onintza Enbeita bertsolariak irakurtzen du azken hori, Mikel Etxaburu Etxerateko kidea idatzita. Hura ez da taula gainean ageri, bai ordea, Peru del Hoyo Rapperu rap abeslaria eta Julen Alberdi gitarra jolea, Jon Maia bertsolaria, Rira Naveira (Irati Jimenez idazleak idatzitako eskutitza irakurriz) eta Iker Lauroba eta Ainhoa Larrañaga abeslariak. Eskutitzen artean Maddi Argotek bi aldiz egin du dantza, eder, Ane Artetxe Arpa jotzailea eta Kimu txalapartari bikotearen (Sergio Lamuedra; Julen Laskibar) doinuan.  

Ikusleen artean euskal presoen eta presoak bisitatzera joanda trafiko istripuetan hildakoen senideak bildu dira, eta haien alboan EAJ (Ainhoa Salterain eta Jesus Lekerikagogeaskoa), EH Bildu (Jon Iñarritu, Julen Arzuaga era Egoitz Garmendia) eta Elkarrekin-Podemos (Pili Zabala eta Eneritz de Madariaga) alderdietako eta sindikatu zein gizarte erakundeetako kideak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.