Euskal presoak

Estrasburgoko Auzitegiak Espainia zigortu du presoen babes helegiteak ez onartzeagatik

Espainiako auzitegiek ez dituzte onartu zigorra murrizteko asmoz Frantzian betetako zigorra aintzat hartzeko errekurtsoak. Sorturen ustez, «nazioarteko komunitatearen aurrean berriz ere agerian geratu da Espainiako demokraziaren kalitate maila urria».

Pedro Sanchez Espainiako presidentea eta Estrasburgoko auzitegiko presidente Guido Raimondi, otsailean.
Pedro Sanchez Espainiako presidentea eta Estrasburgoko auzitegiko presidente Guido Raimondi, otsailean. J.P. Gandul

Joxerra Senar -

2019ko azaroak 26

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak duela urtebete artxibatu egin zuen euskal presoek Frantziako Estatuan betetako kartzela zigor urteak Espainiakoan aintzat hartzeko eskaera, baina orain Madrili belarritik tira egin dio, urteak batzeari buruzko babes helegiteak sistematikoki atzera botatzea egotzita. Gaur Estrasburgoko auzitegiak arrazoi eman die Ismael Berasategi eta Rufino Arriaga euskal presoei, eta azaldu du haiek «bederen, segurtasun juridikoaren urraketa» jasan dutela.

Estrasburgoren ustez, Madrilek, babes helegitea atzera botata, ukatu egin zieten bi presoei epaitegi batera jotzeko eta auzibidea agortzeko eskubidea. Ebazpenak gogora ekarri du bere garaian Espainiako Auzitegi Konstituzionalak «aurpegiratu» egin ziola presoen defentsari ez zuelako deuseztatze intzidentea aurkeztu.

Sortuk esan duenez, «nazioarteko komunitatearen aurrean, Espainiako demokraziaren kalitate maila urria agerian» geratu da. «Ismael Berasategirentzat eta Rufino Arriagarentzat epaia beranduegi iritsi bada ere, ebazpenak agerian uzten du Espainiako sistema judizialak praktikan eskaintzen duen berme prozesalen gabezia. Izan ere, bi presoek gutxienez segurtasun juridikorik eza jasan dutela adierazi du». Sortuk dio Europako auzitegiak «maiz» egin diola «errieta» Espainiako Estatuari berme prozesalak ez errespetatzeagatik. Madril zazpi aldiz zigortu dute dagoeneko, torturak ez ikertzeagatik, eta, Bateragune auzian, horrez gain, bost auzipetuei arrazoia eman zien, «epaiketa justurik» izan ez zutela esanda.

Auziaren mamian, lehen bezala

Dena den, auziaren mamiari heltzean, aurretik hartutako bidea berretsi du Estrasburgoko auzitegiak, eta Frantziako zigorrak aintzat ez hartzeko Espainiaren erabakia babestu du. Arriagak eta Berasategik Frantzian betetako zigorra kontuan hartzeko eskatu zuten, Espainiako zigorra arintzeko asmoz, baina eskaera ez zen onartu.

Berez, 2008ko uztailean Europako Batasuneko Kontseiluak estatu kideen arteko zigorren inguruko ebazpen bat hitzartu zuen, eta, ondorengo urteetan, Frantziako zigorrek Espainiako zigor ebazpenetan eragiteko eztabaida judiziala ireki zen. Adibidez, Auzitegi Gorenak 2014ko martxoaren 14an kaleratutako epaiak aukera hori irekita utzi zuen, eta ebazpen hura hartu zuten oinarri Arriagak eta Berasategik eskaera egiteko. Aldiz, Auzitegi Nazionalak 2015ean baliogabetu egin bide hori, eta ebatzi zuen ez zirela kontuan hartu behar Frantzian betetako zigorrak.

Aurretik ere Santiago Arrozpide Sarasola, Alberto Plazaola Anduaga eta Francisco Mujika Garmendia euskal presoek egin dute eskaera bera, eta iazko urrian kaleratutako lehen epaian, Estrasburgoko auzitegiak Auzitegi Nazionalaren interpretazioa babestu zuen. Oraingoan ere, Arriagaren eta Berasategiren kasuan, bermatu egin du Frantziako zigorrak aintzat ez hartzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna