Langile publikoak

Itzarriren ekarpenak %1,5era igoko ditu Jaurlaritzak, abenduan

2012tik 2017ra ez zuen dirurik jarri bere langileen pentsio osagarrietarako, baina 2018an berreskuratu zituen ekarpenak.

Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusia, Gasteizen
Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusia, Gasteizen Irekia

Iker Aranburu -

2019ko azaroak 26

Eusko Jaurlaritzako 90.000 langileek ekarpen handiagoak egingo dituzte datorren urtean beren pentsio osagarrietan. Eusko Jaurlaritzak gaurko bileran erabaki du soldataren %1etik %1,5ra handitzea bere ekarpena.

Itzarri borondatezko gizarte aurreikuspenerako erakundeak (BGAE) kudeatzen ditu Jaurlaritzaren menpeko administrazioko langileen pentsio osagarriak. 2004. urtean osatu zuten. BGAEn federazioaren azken datuen arabera, 103.237 bazkide ditu, eta 706 milioi euroren kapitala. Jada 9,7 milioi euro banatu ditu prestazioetan.

2012an Itzarriren ekarpenak eten zituen Jaurlaritzak, Espainiako Gobernuak debekatu egin ziola argudiatuta. 2018ko urtarrilean berreskuratu zituen, baina ekarpen txiki batekin (%0,5). Aurten igo ditu %1era, eta baliteke gehiago haztea datorren urtean. Izan ere, Pedro Azpiazu Ekonomia sailburuak aurkeztutako proiektuak dio 2020an ekarpena soldataren %2ra iritsiko dela. Hein horretan handitu nahi ditu soldatak ere bai. Aurten, berriz, bi epetan igo die soldata bere langileei: %2,25 urtarrilaren 1ean, eta beste %0,25 uztaileko soldatatik aurrera.

%3ko konpromisoa

Igoera ez dela nahikoa erantzun dio ELAk Jaurlaritzari. Izan ere, sindikatuak gogorarazi du soldataren %3 pentsio osagarrira gehitzeko konpromisoa hartu zuela Gasteizko gobernuak. "Urte luze hauetan, sistematikoki ez du bete langileei emandako hitza. Eusko Jaurlaritzak agerian utzi du ez daukala langile publikoei ezarritako murrizketak bertan behera uzteko asmorik, eta bere langileen lepotik diru publikoa aurrezten jarraituko duela".

ELAk gogorarazi du auzitara jo zuela Itzarriren ekarpenen etenaren aurka, eta azaldu du Espainiako Auzitegi Gorenaren erabaki baten zain dagoela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna