Otegi, Diez eta ezker abertzaleko beste hainbat kide atxilotu dituzte

Baltasar Garzon epaileak agindu du polizia operazioa, eta Batasunaren Mahai Nazional berria osatzea egozten die atxilotuei. Gutxienez hamar lagun atxilotu dituzte, eta LABen Donostiako egoitza arakatu dute. Atzo izan zen operazioa.

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2009ko urriaren 14a
17:15
Entzun

Arnasarik hartzen ez dio utzi nahi Espainiako Auzitegi Nazionalak ezker abertzaleari. Bilerak maiz egiten zituztela-eta, Arnaldo Otegi, Rufi Etxeberria, Rafa Diez Usabiaga, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Amaia Esnal, Txelui Moreno, Miren Zalabeta eta Mañel Serra atxilotu ditu Espainiako Poliziak. Baita Ainara Oiz ere. LABen Donostiako egoitza nagusian atxilotu ditu erdiak, Igaran, eta sindikatuaren egoitza zein atxilotuen etxebizitzak miatu ditu. Baltasar Garzon epaileak agindu du, bere esanetan, Batasunaren Mahai Nazional berriaren aurkakoa den operazioa.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen arabera, ezker abertzaleko buruzagiak Batasunaren zuzendaritza berrosatu nahian zebiltzan, eta «Bateragune» izeneko organo bat eratua zuten. Berri agentziek polizia iturriei erreferentzia eginez zabaldu dutenez, atzo bertan egin zuten azken bilera. Hain justu, bilera egiten ari zirela atxilotu zituztela zabaldu zuten. Sindikatuko langileek jakinarazi zutenez, 18:30ak inguru zirenean sartu ziren poliziak egoitzara. Bertan zirenak identifikatu zituzten, eta langileak gela batetan sartu zituzten. Han izan zituzten, 20:00ak aldera arte, eta orduan multzoka ateratzen hasi ziren.

Lekukoen esanetan, Rafa Diez LABeko idazkari nagusi ohia ere identifikatu zuten langileekin batera, baina beste sindikalista batzuekin hizketan zela, poliziak berriz ere beregana itzuli, eta Otegi, Etxeberria, Rodriguez eta Jacinto zituzten gelara eraman zuten.

Detenituak egoitzan zirela miatu zituzten bulegoak. 20:00ak aldera Iñigo Iruin abokatua bertaratu eta egoitzara sartzeko baimena eskatu ondoren, 20:30ak aldera egoitzara sartzeko aukera izan zuen abokatuak. Ondoren azaldu zuenez, atxiloketa eta miaketarako agindua besterik ezin izan zuen ikusi abokatuak, baina detenituak Donostiako polizia etxera eraman zituztela jakin zuen.

21:10ak zirenean atera zituzten egoitzatik atxilotuak, banan bana, eskuak eskuburdinez lotuta. Jacinto, egoitzatik ateratzean, bere autoa miatzera eraman zuten. Arratsaldean zehar jendea egoitzaren inguruan bilduz joan zen eta atxilotuak autoetan polizia-etxera eramateko atera zituztenerako, multzoa osatua zegoen. 50 bat lagunek animo oihuekin agurtu zituzten detenituak. Espainiako Poliziaren egoitzara eraman zituzten atxilotuak.

Hernanin eta Iruñean

Hala ere, ez zituzten guztiak Donostian atxilotu. Hernanin atzeman zuten lehenengo detenitua, Mañel Serra astigarragarra. Langile ikastolara bidean zihoala atxilotu zuten, kalean bertan. Espainiako Polizia gerturatu, eskuburdinak jarri eta eraman egin zuten. Amaia Esnal ere, Hernanin atxilotu zuten, kalean.

Miren Zabaleta eta Txelui Moreno Iruñean, kalean, atxilotu zituztela azaldu du El País egunkariak. Ainara Oiz ere, Iruñean atxilotu zutela dio. Baina Oiz ez du Batasunaren zuzendaritzan kokatzen. Iturri horren arabera Zabaletaren etxeko atarian detenitu zuten, haren etxetik dokumentuak ateratzen ari zela.

Operazioak zabalik jarraitzen duela adierazi zuen Euskal Telebistak, atxilotuen etxeetan miaketak egiten ari zirela, eta gauean atxiloketa gehiago espero zitezkeela ere bai.

Operazioaren helburua, ordea, argi adierazten zuten berri agentziek eta hedabideek: Batasunaren zuzendaritza berria berreraikitzea saihestea. Garzonen argudioen arabera, ETAren aginduz ari zen berrosatzen Batasuna.

Duela bi urte Batasuneko buruzagien aurka Seguran egindako sarekadan ere, helburu beraren bila agindu zuen polizia operazioa, eta ordutik, ezker abertzalearen buruzagitza politikoaren gehiengoa espetxean dute.

Atzo detenitutako Rufi Etxeberria, esaterako, Segurako sarekadan ere atxilotu zuten Batasuneko Mahai Nazionala berrosatzen saiatzeagatik ETAko kide izatea leporatuta, eta duela hilabete utzi zuten aske. Aurrez bi urte eginak zituen preso auzi beragatik. Segurako atxiloketatik beste bi urte igarota, behin behineko espetxealdiaren muga betetzear zen. Espainiako legediaren arabera, inor ezin da espetxean mantendu lau urte baino gehiago epaiketarik egin gabe, eta hala izan zuten Etxeberria.

Otsaileko ikerketak

Berri agentziek polizia iturriak oinarri hartuta zabaldutakoaren arabera, otsailean hasi zituen ezker abertzaleko buruzagi politikoei buruzko ikerketak poliziak. Jarraipen eta miaketa lan luzeen ondoren etorri da atzoko operazioa. LABen egoitza ere aspalditik zelatatuta zutela diote agentziek. Polizien esanetan, sarri biltzen ziren bertan atxilotuak, eta «segurtasun neurri handiak hartuta» egiten zuten, gainera.

Azkenaldian, Otegik iragarria zuen proposamenari buruz hausnartzeko bilerak egiten ari zirela ere zabaldu du Europa Press agentziak. Proposamen politikoa lantzen ari zirela, eta ezker abertzaleak instituzioetara itzultzeko asmoa duela, «indarkeriari distantzia jarrita».

Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak jakinarazi duenez, polizia operazioa aztertzeko bilkura berezia egingo du gaur sindikatuaren Komite Nazionalak, poliziak atzo miatu zuen Donostiako egoitzan bertan.

Atxilotuak

Arnaldo Otegi (Elgoibar, 1958). Hamairu hilabete egin ditu aske, iazko abuztuan irten baitzen Martuteneko espetxetik. 1998an HBko bozeramaletza hartu zuen, aurreko mahaikide guztiak espetxeratu zituztelarik. Lizarra-Garaziko akordioa, ezker abertzalearen legez kanporatzea eta azken negoziaketa prozesua gertutik ezagutu ditu. Maiatzean esan zuen udazkenean hasiko zela «bloke soberanista eratzeko bidea».

Rafa Diez (Lasarte-Oria, 1956). Hogei urte zituela izen eman zuen LAB sindikatuan, eta 1996tik iaz arte idazkari nagusia izan da. Eusko Legebiltzarrean, eta Espainiako Kongresuan parlamentari izana da ezker abertzaleko ordezkari gisa.

Rufi Etxeberria (Oiartzun, 1959). Behin-behineko espetxealdian eman ditu lau urte (2002tik 2004ra eta 2007tik 2009ra). Hargatik, joan den irailaren 7an aske utzi zuten. Aurrez ere kartzelan egona da, 1997an.

Sonia Jacinto. EHAK-ko diruzain izan zen, eta iazko otsailean ere atxilotu zuten, «Batasunako buruzagi» izatea egotzita.

Arkaitz Rodriguez. Bitan atxilotu, eta bietan aske utzi dute epaiketa eginda; hiru urte baino gehiago egin ditu espetxean.

Miren Zabaleta. Ikasle Abertzaleak-eko bozeramaile izan zen. Gaztesarea auzian deklarazioa hartu eta aske utzi zuten duela hilabete eskas.

Txelui Moreno. LAB sindikatuko kidea. EAE-ANVko hautagai izan zen orain bi urte Nafarroan.

Amaia Esnal.

Mañel Serra.

Ezker abertzalearen aurkako polizia operazioak

EHUNKA ATXILOTU

1997ko otsaila. Herri Batasunaren Mahai Nazionala atxilotu zuten Alternatiba Demokratikoaren bideoa zabaltzeagatik.

2007ko ekainaren 8a. Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramailea atxilotu zuten, Jose Miguel Beñaran Argala-ren omenaldian parte hartu eta «terrorismoa goratzea» egotzita.

2007ko urriaren 2a. Joseba Alvarez Batasuneko kidea eta Oihana Agirre Askatasuneko kidea atxilotu zituzten Donostian. Irailaren 9an Donostian euskal presoen alde egindako manifestazioan parte-hartzea eta delitu jarraitua egitea leporatu zien Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak. ETAko kide izatea leporatuta espetxeratu egin zituen biak urriaren 5ean.

2007ko urriaren 4a. Ordura arte Batasunaren aurka egindako polizia operazio handiena burutu zuen Espainiako Poliziak Seguran (Gipuzkoa), Batasuneko 23 kide atxilotuta. Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak Batasuna «berrantolatzea» egotzi zien atxilotuei. Sarekada hartan ondorengo lagunak atxilotu zituzten: Rufi Etxeberria, Joseba Permach, Mikel Zubimendi, Imanol Iparragirre, Angel Elkano, Juan Joxe Petrikorena, Marisa Alejandro, Egoitz Apaolaza, Iban Berastegi, Xabier Albisu, Patxi Urrutia, Jon Garai, Juan Cruz Aldasoro, Arantxa Santesteban, Maite Fernandez de la Bastida, Maite Diaz de Heredia, Asier Arraiz, Joana Regueiro, Ibon Arbulu, Jean Claude Agerre, Aner Petralanda, Ana Lizarralde eta Haizpea Abrisketa.

2008ko otsailaren 4a. Espainiako Poliziak Pernando Barrena eta Patxi Urrutia Batasuneko kideak atxilotu zituen Berriozarren (Nafarroa) eta Iruñean. Legez kanporatu arren, Batasunaren izenean aritzea eta «delitua errepikatzea» leporatuta agindu zituen atxiloketak Garzon epaileak.

2008ko otsailaren 11. Espainiako Poliziak ezker abertzaleko 12 kide atxilotu zituen Batasuneko Mahai Nazionaleko kideak izatea leporatuta. Batasuna, EHAK eta EAE-ANVko kideak zeuden atxilotuen artean. Karmelo Landa, Sonia Jacinto, Jesus Mari Agirre, Mikel Etxaburu, Eusebio Lasa, Peio Xabier Galvez, Mikel Garaiondo, Joseba Zinkunegi, Josetxo Ibazeta, Iñigo Balda, Txema Jurado, Karmele Aierbe, eta Nuria Alzugarai izan ziren atxilotuak.

2008ko irailaren 25a. Frantziako Poliziak Batasuneko hamalau lagun atxilotu zituen Iparraldean, Laurence Le Vert eta Marie-Antoinette Houyvet epaileek aginduta. Tartean, Batasuneko Ipar Euskal Herriko arduradunak eta Batasuneko langileak atxilotu zituzten. Honakoak izan ziren atxilotuak: Xabi Larralde, Jean-Claude Agerre, Jean-François Lefort, Antton Etxeberri, Giuliano Cavaterra, Aurore Martin, Haritza Galarraga, Frederic Karrikart, Patricia Martinon, Eñaut Elosegi, Maider Duhalde, Jon Irazola eta Jokin Etxebarria. Donibane Garaziko Kalaka Herriko Tabernaren finantziazioari buruzko auzia eta Alain Ducasse sukaldariaren jatetxearen kontrako atentatuei buruzko auziaren harira atzeman zituzten.

2009ko urtarrilaren 23a. Espainiako Poliziak ezker abertzaleko zortzi kide atxilotu zituen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. D3M hautes plataformarekin zerikusia zuten atzemandako lagunak eta Batasunaren buruzagitza «berreraikitzen saiatzea» egotzi zien Garzon epaileak. Agurtzane Solabarrieta, Hodei Egaña, Eli Zubiaga, Iker Rodrigo, Arantza Urkaregi, Imanol Nieto, Amparo Lasheras eta Iñaki Olalde atxilotu zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.