ESTATUS POLITIKOA

Espainiarekiko alde biko harremana izatea babestu du Eusko Legebiltzarrak

Soziometroaren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako bost herritarretik bat dago Euskal Herri independente baten alde.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %20k erantzun dute independentziaren alde daudela, eta %34k kontra. GORKA RUBIO / FOKU
jon olano
2019ko azaroaren 28a
18:25
Entzun

Eusko Legebiltzarrak ezinbestekotzat jo du Espainiako Estatuarekiko "harreman eredu berri bat" eratzea, "elkarrenganako errespetuzko kultura zintzoa eta erakunde arteko leialtasuna finkatu ahal izateko, legea eta lortutako akordioak ez betetzeko aukerarik emango ez duena, eta, ondorioz, ez-betetze horien erabilera politikoa egitea eragotziko duena". Eredu hori "aldebikotasunean eta itunean oinarritu beharko da, eta dagokion berme erregimena edo sistema jaso beharko du, autogobernu lantaldean adostutako oinarri eta printzipioetan jaso bezala. Gainera, Europako beste zenbait herritan bezala, bide emango dio herritarrek erabakitzeko eskubidea erabiltzeari".

PSE-EEk legez besteko proposamen bat aurkeztu du gaurko osoko bilkuran, Gernikako Estatutuaren urteurrena ospatzeko. EAJk eta EH Bilduk, ordea, zuzenketa bat adostu dute, eta bien babesarekin —eta Pili Zabala Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkidearenarekin— egin du aurrera legebiltzarrak onartutako testuak. Horren arabera, Eusko Legebiltzarrak adierazi du "euskal autogobernuaren eguneratzeak barnean bildu behar duela dauzkagun eskumenak euskal gizartearen eskari eta premietara egokitzea eta berritzea. Beharrezko eskumenak euskal herritarren eskubideak bermatzeko: politikoak, ekonomikoak, sozialak, linguistikoak eta kulturalak".

Parlamentuko eztabaidan, Joseba Egibar EAJko legebiltzarkideak esan du ez dutela onartzen "mendekotasun eskemarik": "Indarrean dagoen estatutua berretsi eta osatu nahi dugu. Murrizketak izan dituen arloetan, saioa egin behar da betetzeko". Etorkizunera begira, "berritu" egin behar da testu hori, Egibarren iritziz: "Eraikitakoa errespetatuz, babestuz, betearaziz". Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramailearen arabera, berriz, EH Bilduk "ezin dio uko egin agerikoari": "Herri hau existitzen da, nazio bat da, eta bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea du".

Lander Martinezek (Elkarrekin Podemos), berriz, nabarmendu du bi aukera daudela soilik: "Edo ados jarri estatutua berritzeko, edo zaharrarekin geratu. Batzuek sokatiran ibili nahi duzue, baina guk lan egingo dugu korapiloa desegiteko, aurrera egiteko". Koalizioa abstenitu egin da bai PSEren proposamenean eta bai EAJ-EH Bildu zuzenketan.

PSE-EEk, legez besteko proposamena aurkeztuta, "lortutakoa aldarrikatu" nahi zuen. Jose Antonio Pastor bozeramailearen hitzetan, "Gernikako Estatutua da euskal herritarrek aurrera egiteko topatu dugun tresnarik onena". Hiru konpromiso azaldu ditu: autogobernua, haren garapena eta modu "bideragarri, seguru eta legezkoan berritzea". Azkenik, Borja Senper PPko bozeramaileak adierazi du popularrek ez diotela "uko egiten" estatutua moldatzeari: "Baina ez dugu okerrera egin nahi. Okerrera garamatzazue, gure historiaren parte bat anputatu nahi duzuelako". "Euskadi ulertzeko modu ez-nazionalista bat dago, eta, nire ustez, hobea da", adierazi du Senperrek: "Estatutua topagune bikaina izan zen".

Independentziaren alde, %20

Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak 71. Euskal Soziometroa argitaratu du, administrazio publikoari buruzkoa. Ohi bezala, independentziari buruzko jarrerez ere galdetu du Jaurlaritzak, eta, horren arabera, azken hogei urteetako apalena da independentziaren aldeko babesa: %20. Maiatzetik, hiru puntu jaitsi da babes hori, Soziometroaren arabera.

Azken urtean, egonkortu egin da independentziaren aurka daudenen portzentajea: %34 da orain, inkestan jaso dutenez; 2018az geroztik, 34-35 artean ibili da datu hori. Azkenik, otsailaz geroztik gora egin du "egoeraren arabera" alde edo kontra egongo liratekeenen ehunekoa: %27 ziren otsailean, eta %31 urrian.

Landa lana urriaren 1a eta 9a bitartean egin zen. Oro har, zerbitzu publikoen irudi positiboa dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek (%80k, oso edo nahiko positiboa); gainera, portzentaje hori Europako Batasuneko batez bestekoa baino handiagoa da. Arloka, modu positiboagoan baloratzen da osasun zerbitzuen funtzionamendua (%84k uste dute ondo funtzionatzen dutela), irakaskuntza publikoarena (%79) eta Ertzaintzarena (%75); gutxien baloratzen direnak, berriz, etxebizitza sustatzeko zerbitzuak (%35), justizia administrazioa (%41) eta Lanbide (%47) dira.

EAJ da berriz ere begikotasun handiena sortzen duen alderdia (5,1 puntu, 0tik 10erako eskalan); ondoren datoz EH Bildu (4,0), Elkarrekin Podemos (3,9) eta PSE-EE (3,7). PPk (1,6) du baloraziorik txikiena berriz ere.

Buruzagi politikoen balorazioan, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria (5,7) eta Andoni Ortuzar (5,1) dira 0tik 10era bitarteko eskalan bosta gainditu duten bakarrak. Horien atzetik daude Idoia Mendia eta Lander Martinez (4,2 biak), eta Arnaldo Otegi (4,0). Azken postuan, Alfonso Alonso (1,9). Buruzagi guztiek behera egin dute pixka bat aurreko Soziometroarekin alderatuta.

Gizarte Segurantza eta Sanchezen inbestidura

Edozein moduz, 1979ko estatutua bete gabe dago oraindik, eta, falta diren eskumenak eskualdatzeko eginiko egutegian, Espainiako Gobernuak kanpoan utzi zuen Gizarte Segurantzaren Erregimen Ekonomikoari buruzkoa. Gaur, Aitor Esteban EAJko diputatuak esan du PSOErekin hizketan ari dela Pedro Sanchezen inbestidura saioari begira, eta iragarri du EAJk Gizarte Segurantzaren eskualdaketa exijituko duela.

Espainiako irrati kate publikoan, Estebanek argudiatu du eskumen hori jasota dagoela Gernikako Estatutuan, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ere oniritzia eman diola transferentzia horri: "Konstituzionalistak jurisdizkioaren defendatzaile sutsuak dira; beraz, negoziatu beharko dituzte autonomia erkidegoei dagozkien eskumen horiek".

Gaur, adituen bilera

Goizean, Onda Vasca irratian izan da Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzailea, eta hizpide izan du estatus berriaren testu artikulatua idazten ari den aditu taldearen egitekoa. Talde horrek gaur izan du azken bilera, eta astelehenean utziko du txostena Eusko Legebiltzarreko legelari nagusiaren esku.

Otegik EAJri leporatu dio erabakitzeko eskubidea "gozotu" izana, "desagerrarazteraino", Elkarrekin Podemosen babesa izan dezan: "Eztabaida ez da erabakitzeko eskubidearen alde gauden edo ez; arazoa da testu artikulatuan argi agertuko den eta erabakitzeko eskubidea instituzionalizatuko dugun edo ez".

Otegik gogora ekarri ditu Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak adostutako oinarri eta printzipioak, aditu taldeak oinarri horiekin bat egiten duen testu bat osatu behar duelako: "Plano bat zegoen, eta horren gainean eraiki behar zen eraikina. Baina adituen batzordeak, neutrala ez denak, planoak aldatu ditu, eta beste etxe bat eraiki du. Guk gurea egingo dugu, eta, gero, eztabaida parlamentarioan, ikusiko dugu zer egin daitekeen".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.