Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

Irribarrerik serioenarekin

Umorea-drama binomioa txapelketaren testuinguruan kokatzen saiatu dira Jon Maia eta Iban Urdangarin, etzi Gipuzkoako Bertsolaritza Txapelketako finalaurrekoetako azken saioan oholtzara igoko diren bertsolarietako bi. Ideien abanikoan umoreak gutxitan irabazten duela aitortu dute.

Jon Maia eta Iban Urdangarin Tolosan ariko dira igandean.
Jon Maia eta Iban Urdangarin Tolosan ariko dira igandean. Juan Carlos Ruiz-Idoia Zabaleta / Foku

Unai Zubeldia - Gipuzkoako Hitza -

2019ko azaroak 29

Erdibideko umorea ez da gustagarria izaten, eta hori da arazoa, zaila dela umorea egitea”. Iban Urdangarinek (Ataun, 1985) betidanik eduki izan du ondoan umorearen etiketa, eta, hain zuzen ere, umoreak txapelketan daukan “edo eduki beharko lukeen” tokia aldarrikatu du ataundarrak. “Kontua da, ordea, drama egiten ikasi egin daitekeela, entrenatu egin daitekeela, eta ez dela erraza umorea egiten ikastea. Umorea baino irisgarriagoa da drama”.

Txapelketak berezkoa izaten du seriotasuna, eta Jon Maia (Urretxu, 1972) saiatu da zergatiak azaltzen: “Bertsolariok seguruagotzat ematen dugu serio aritzea. Diskurtso bat eratu behar izaten dugu azkenean, munduaren ikuskera bat, eta, normalean, problematika bat ekartzen dugu gai bakoitzera”. Maiaren hitzetan, txapelketaren markoak berak ere ez du uzten bromarako tarte handirik. “Markoa da hor daudela epaileak, hor dagoela solemnitate bat, hor dagoela zerbait jokoan, hor dagoela ranking bat eta bertsolari bakoitzari egiten zaiola azterketa bat, epaiketa bat. Eta, noski, marko hori, normalean, ez da izaten onena umorea egiteko”.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa iritsi da finalaurrekoetako azken saiora, eta, hain zuzen ere, etzi Tolosako Usabal kiroldegian kantuan ariko dira Urdangarin eta Maia, Beñat Lizaso, Haritz Mujika, Jokin Uranga eta Oihana Iguaran ondoan dituztela. Finalaurreko saioaren atarian, “eguna iristeko gogotsu” dago Maia. “‘Zertarako sartu ote naiz ni, berriz ere, honetan!’ pentsatu, eta beldur pixka bat sentitzen da batzuetan, baina gogoz nago aurten”. Final-laurdenetako kanporaketan “ondo” pasatu zuela aitortu du. “Oso gustura nabil bertsotan, porrotari beldurra galduta”. Hori bai, txapelketako gainerako saioei ez die egin jarraipen zuzenik. “Ez dut egin nahi besteen araberako saiorik; nirea egin nahi dut, eta, nirea ondo eginez gero, badakit ondo samar ibiliko naizela”.

Urdangarin gertuagotik ari zaio jarraitzen txapelketari, eta, urrutira joan gabe, Oiartzunen izan zen igandean. “Ondo” dagoela adierazi du, “oso ondo”. Ataundarrak udaberrian ekin zion txapelketari, “denbora faltagatik, halabeharrez, batere entrenatu gabe. Final-zortzirenetako saioa pasatu arte ez nintzen hasi prestatzen”. Txapelketan izena “nahikoa kasualitatez” eman zuela aitortu du. “Zalantza asko izan nuen, ez dudalako uste txapelketak aparteko ezer emango didanik. Baina oso gustura nago orain arte egindakoarekin”.

Pilotariek, txapelketa garaian, askotan aitortzen dute broma gutxi izaten dela partida ofizialetan. “Eta bertsolaria ere, nahigabe, uzkurtu egiten da txapelketa garaian”, onartu du Urdangarinek. “Konturatu gabe, presioa jartzen diogu geure buruari. Ez dut uste txapelketan inork bere bizia jokoan daukanik, baina hala hartzen dugu. Ni, hala ere, saiatzen naiz saioei gehiegizko garrantzi hori kentzen”. Maiak gaineratu du bertsolariak, orokorrean, txapelketan ez duela pasatzen asteburuko jaialdi arrunt batean baino hobeto. “Estutu egiten gara txapelketan, eta beldurrak eta bertigoak agertzen dira. Eta egoera horretan, noski, ez da erraza umorea egitea, umoreak erlaxazio maila bat edo konfiantza gradu bat eskatzen duelako, gorputzaldi on minimo bat”.

Hori bai, bi bertsolarien ustez, bai dramarako eta bai umorerako, nahikoa toki badago txapelketan, eta horren erakusgarri dira zortziko txikia eta puntukako saioa, umore kutsuan ulertzen direnak, eta hamarreko handia, sei puntuko motza eta kartzelako lana, ildo serioagoan lantzen direnak. “Denok barruraino sartuta dauzkagu gutxi gorabeherako eskema horiek, eta pixka bat arriskatzea izaten da berez markatuta dauden esparru horietatik kanpo umorea egiten saiatzea”, azaldu du Maiak.

Behartutako drama

Urdangarinek azpimarratu du hamarreko handiko gaiak “umorerako tarte handia” uzten ari direla aurten. “Alde horretatik, gai-jartzaile taldeak lan ona egin duela uste dut, baina oso zaila da bertsolariak gero umorerako pausoa ematea”. Azken txapelketak, entzule bezala, “nahiko pisuak” egin zaizkiola azaldu du Urdangarinek, “monotonoak. Ondo dago drama egitea, baina egin ezin daitekeen tokitik egiten saiatzen dira batzuk, nahiz eta aitortzen dudan beste batzuk, agian, gauza berbera egiten saiatzen garela umorearekin”.

Txapelketako gaiek eurek ere umorea eta drama bereizten laguntzen dutela uste du Maiak. “Gaiekin, bide jakin bat markatu nahi izaten dute askotan. Serioagoa batzuetan, eta broma girokoa beste batzuetan”. “Korrika zoaz. Ezin duzu denborarik galdu”. Hala zioen Oiartzungo saioko kartzelako gaiak, eta alde seriotik, dramatik hartu zuten guztiek. “Kasu honetan, eta bakarkako beste gai askotan, aukera badago gaia ia-ia norberak nahi duen eremura eramateko”, hasi du azalpena Maiak. “Baina, bertsolariaren gaien abaniko horretan, gutxitan irabazten du umoreak. Azken finean, oso baloratua dago hunkitzea, salaketa soziala egitea edo diskurtso etikoa eraikitzea”.

Umore batez hitz egiten da beti, baina ez dago kolore bakarreko umorerik. Izan liteke umore erraza, umore beltza, umore absurdoa… “Eta ni, adibidez, beti saiatu izan naiz umore absurdo hori erabiltzen, nahiz eta ez den arruntena”, adierazi du Maiak. “Baserri girotik jaso duten umorea daukate batzuek, ditxolariek, eta horiek erantzuna prest izaten dute beti; tentuz ibili behar izaten da horiekin, zorroztuta edukitzen dutelako umorearen arma”.

Baina bestela eratutako umore bat ere badagoela azpimarratu du Maiak. “Nik, adibidez, komikiak irakurri izan ditut betidanik; edo umetatik entzun izan ditut Javier Krahe bezalako abeslariak, bere umore absurdoarekin; edo Mario Benedettiren umore kritikoa gustatzen zait; eta Mortadelo eta Filemon ere irakurri izan ditut bizitza guztian… Bertsolari in vitroak gara gu”.

Fisikoarekin umorea egiten

Bertsolariek, umore giroan, askotan jo izan dute ondokoaren ezaugarri fisikoetara, baina aldaketarik izan al da emakumeek plazan lekua egin duten neurrian? Baiezkoan dago Urdangarin. “Nik hitzak neurtu izan ditut zentzu horretan, eta tentuz neurtuta ibiltzen naiz orain ere. Baina ohartu beharko genuke gu aktoreak garela, eta esaten dugun hori beti ez dela izaten benetan pentsatzen duguna”. Maiak azaldu du ondokoaren ezaugarri fisikoak “betidanik” izan direla bertsolarien helduleku. “Bat burusoila dela, bestea hankaluzea edo flakoa dela… Beti erabili izan ditugu horrelakoak, baina egia da emakumezkoen presentzia areagotu ahala egokituz joan dela umore hori bera”.

Dena den, Maiak gaineratu du ez daukala arazorik emakumezko bati umorez ezer esateko. “Inoiz ez dut sentitu beldurrik, bertsolariok badakigulako zer kodetan ari garen. Ez dut uste inolako arazorik dagoenik emakumezkoekin umorea egiteko; kontua da nola egiten duzun umorea. Dena ez da barregarri eta umore egiteko gai; ez emakumezkoekin eta ez gizonezkoekin, denak ez du balio”.

Aktoreek askotan esan izan dute parekoari barre eragitea baino askoz errazagoa dela negar eginaraztea, eta ados dago Maia. “Hunkitzeko joera daukagu pertsonok, eta, oro har, oso umore gutxi dago artearen munduan bertan. Izan ere, funtsean, umorerako baino prestatuago gaude melodramarako, oso gauza serioa baita umorea”.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Osasun langileak PCR probak egiten Donostiako Okendo kultur etxean, ostiralean. ©Gorka Rubio/FOKU

353 positibo atzeman dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Berria

Bizkaian behera egin dute kasuek: 211 positibo izan dira. Neurriak indartzearen alde agertu dira hiriburuetako alkateak.

Neurri bereziak dituen taberna bat, Donostian. ©Gorka Rubio / Foku

Gaueko aisialdiaren mugen aurkako salaketa jarriko dute Bizkaiko eta Gipuzkoako ostalariek

Andoni Rekondo Izagirre

Uste dute 01:30ean ixteko agindua «neurrigabea» dela, eta laguntza ekonomikoak galdegin dituzte.

Bizkaiko zahar etxe bateko egoiliarrak paseoan. ©Marisol Ramirez/FOKU

Bilboko zahar etxe bateko zortzi egoiliarrek positibo eman dute

Olatz Esteban Ezkati

Birjinetxe zentrora eraman dituzte kutsatu diren egoiliarrak; eta hainbat langile bakartu dituzte, haiek ere positibo eman ostean.

 ©Raul Bogajo / Foku

Lanbidek Zaramagako eta Laudioko bulegoak itxi ditu, bi langilek positibo eman ostean

Andoni Rekondo Izagirre

Bulegoetako gainerako beharginak ere etxera bidali dituzte berrogeialdia pasatzera. Bitartean, kudeaketak webgunearen bitartez egin ahal izango dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna