Euskal presoak

Bakegileek hitza betetzeko eskatu diote Macroni

Urtarrilaren 11rako manifestaziora deitu dute, Baionan. Frantziako presidenteak eredutzat jo izan du gatazkaren ondorioen konponbide prozesua. Jon Lopez euskal presoa aske geratu da, Zueran (Espainia).

Igor Susaeta.
2019ko azaroaren 29a
18:49
Entzun

Bakegileek Emmanuel Macron Frantziako Errepublikako presidenteari gogorazi diote joan den maiatzaren 17an Miarritzen (Lapurdi) «eredutzat» jo zuela azken urteetan Euskal Herriaren gatazkaren ondorioen konponbidearen prozesuan egindakoa, eta nabarmendu zuela euskal presoak hurbiltzen segitu behar dela. Hala, hitza betetzeko eskatu diote. «Ez dugu historia errepikatu behar, lagundu egin behar da», adierazi zuen Macronek, Miarritzen.

Bakegileek, hain zuzen, Ez dezagun historia errepika! Orain presoak! lelopean deitu dute datorren urtarrilaren 11ko manifestaziora —Lauga, 15:00—. Baionan martxaren aurkezpenean adierazi dutenez, ez dute «etsiko» Macronen «ele eder» haiek «errealitate» bihurtu arte. Salatu dute Frantziako Estatuan oraindik ere badela «sektore oso bat» iraganari kateatu nahi duena, «presondegia aterabide bakar bezala eskainiz». Frederic Haranburu euskal presoarekin gertatutakoa jarri dute adibide gisa tesi hori defendatzeko. Izan ere, Frantziako Zigorrak Ezartzeko Auzitegiak joan den urriaren 8an ukatu egin zuen Haranburu baldintzapean aske uztea. 30 urte daramatza hark espetxean, eta hamabi urte dira baldintzapean aske ateratzeko eskubidea duena. «Bizi osorako espetxe zigorra aplikatzearekin heriotza zigorra» ezarri izana deitoratu dute Bakegileek. «Heriotza zigorrek bake prozesu batean laguntzen dute?», galdera luzatu diote Macroni. Anaiz Funosas eta Mixel Berhokoirigoin mintzatu dira haien izenean.

Baionan bezala, euskal presoen eskubideen aldeko urteroko manifestaziora deitu du Sare plataformak Bilbon, urtarrilaren 11n bertan. «Iraganaren eta etorkizunaren arteko etena markatuko duen inflexio puntua» izatea nahi du.

Jon Lopez aske, Zueran

Jon Lopez Gomez euskal presoa aske geratu da, zigorra bete ostean, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez. 1996ko kale eraso bat egotzita hamabost urte egin ditu espetxean. Egun Zuerakoan (Zaragoza, Espainia) zegoen. 2004an atzeman zuten Lopez (Basauri, Bizkaia), Belgikan.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.