EAE-ko Estatus politikoa

Estatutuaren erreforma, Madrilen neurrira eginiko jantzia

Autogobernu Lantaldeak enkargua eman eta hamahiru hilabetera, adituen batzordeak gaur utzi du Eusko Legebiltzarraren esku estatutu proposamenaren testu artikulatua. Autogobernu Lantaldearen oinarri eta printzipioen arabera jokatu behar bazuten ere, gaur aurkeztutako testuak alde nabarmenak ditu oinarri eta printzipioekiko.

Adituen batzordea, iazko urriaren 26an, lehen bileran.
Adituen batzordea, iazko urriaren 26an, lehen bileran. David Aguilar / EFE

Jon O. Urain -

2019ko abenduak 2

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatus politiko-juridikoa testu artikulatu batean laburbildu behar zuen aditu taldeak gaur entregatu dio hilabeteetako lanaren emaitza Eusko Legebiltzarreko legelari nagusiari, hamahiru hilabetez lanean aritu eta gero. Txostena bihar helduko da Parlamentuko Mahaira, eta, haren bidez, Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeko koordinatzailearengana, hark talde politikoei eta hedabideei zabal diezaien. Autogobernu Lantaldea abenduaren 11n batzartuko da, asteazkenez, txostena aztertzeko. Azken asteetan dokumentuaren edukiekin gertatu den bezala, ordea, agiria bera osorik zabaldu da hedabideetan, Mikel Legardak, Iñigo Urrutiak, Arantxa Elizondok, Alberto Lopez Basagurenek eta Jaime Ignacio del Burgok osatutako aditu taldeak gorde behar zuen konfidentzialtasuna erabat hautsita.

Orain, alderdiren batek testua erregistratu beharko du lege proposamen gisa, ohiko prozedura parlamentarioa jarrai dezan; tramiterako onarpena, alegazioen fasea eta onarpena. Hilabeteak behar dira horretarako, eta, legealdia azken urte politikoan sartuta, ezinezkoa dirudi estatutuaren erreforma gauzatzea indarrean den legegintzaldian. Honako hauek dira aditu taldeak prestatutako dokumentu nagusiaren ezaugarrietako batzuk.

DESADOSTASUNEZ JOSITAKO AKORDIOA

Artikulatuaren bizkarrezurra Legardak (EAJk izendatua), Elizondok (Elkarrekin Podemosek) eta Lopez Basagurenek (PSE-EEk) adostu dute, eta Urrutiak (EH Bildu) nahiz Del Burgok (PP) testu propioa aurkeztu dute. Bostek enkargu argia zuten: «Euskadiko autogobernua eguneratzeko legebiltzarreko lantaldeak onartutako oinarri eta printzipioekin bat» , testu artikulatua taxutzea, eta, «adostutako oinarriak errespetatuz, «aukera aztertu» eta «ahalegina» egitea horien eta aurkeztutako boto partikularren artean «bat datozen puntuak aurkitzeko. Helburua da, posible baldin bada, dagoeneko lortutako adostasunak zabaltzea». EAJk eta EH Bilduk adostu zituzten oinarriak (75 legebiltzarkidetik 46), eta eskubideen atalean Elkarrekin Podemos batu zitzaien.

EAJ-Elkarrekin Podemos-PSE hirukoak, ordea, desadostasunak izan ditu txostenaren hainbat arlotan, eta akordioa ez da gauzatu estatutugaiaren elementurik esanguratsuenetan: ez erabakitzeko eskubidearen formulazioan, ez eskumenak bermatzeko ereduan, ez estatutuaren erreforma prozesuan egin nahi zen kontsulta gaitzailean, ezta eskumenen ataleko xedapen orokorretan ere. EH Bildu testu nagusitik aparte geratuta, dokumentuaren zatirik gehienek 48 legebiltzarkide dituzten hiru taldeen babesa dute, baina, zenbait ataletan, 39koa da gehiengoa.

OINARRI URARDOTUAK

Adituek Autogobernu Lantaldearen oinarri eta printzipioen araberako testu bat egin behar bazuten ere, oinarri horien zenbait elementuren arrastorik ez da ageri aditu batzordearen agirian. Funtsean, euskal naziotasunaren aitorpenean eta Espainiarekiko izan nahi den harremanean daude aldeak oinarrietako ereduaren eta aurkeztu dutenaren artean. Estatusaren erreforma izan behar zuena estatutu erreformaren eskemara aldatu da, Espainiako Kongresuaren onarpenaren ateak irekiago izan ditzan.

Harreman ereduari dagokionez, testuaren 80 orrietan ez zaio aipamenik ageri oinarriek proposatutako eredu konfederalari, ezta Kontzertu Politikoari ere, Legardaren boto partikular batean ez bada. Batzorde misto bat sortzea proposatzen da (Kontzertu Politikoaren Batzorde Misto esaten dio Legardak, Lankidetzako Batzorde Misto Elizondok eta Lopez Basagurenek) Espainiako eta Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkariek desadostasunak konpon ditzaten, betiere Espainiako lege proiektu batek «foru erregimeneko» eskumenetan eragina izan dezakeenean. Oinarri eta printzipioetan jasotakoaren arabera, ordea, bitariko batzorde horretan akordioa egotea ezinbesteko baldintza zen Espainiako lege zehatz bat Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ezar zedin.

Erabakitzeko eskubideari buruzko formulazioak ere jakinak ziren: bi proposamen aurkeztu dira testu nagusian, EAJrena eta Elkarrekin Podemosena. Legardak: «Euskal Populuaren Eskubide Historikoak guztiz eta erabat betetzea da herri horren autogobernuaren adierazpide instituzional bat, eta herritarren erabakitze eskubidearen bitartez plazaratzen da; libreki eta demokratikoki adierazten da erabakitze eskubide hori, eta Estatuarekin hitzartzekoa da erabakitze eskubidearen erabilera». Bestea, Elizondok: «Eskubide Historikoak guztiz eta erabat betetzea da Euskadiren autogobernuaren adierazpide instituzional bat, eta herritarrek beren borondatea libreki eta demokratikoki adierazteko duten eskubidearen bitartez gauzatzen da; legezkoa da erabakitze eskubidea erabiltzea, eta Estatuarekin hitzartzekoa».

Horrez gain dago EH Bilduk bere testu propioan aurkeztutakoa eta PSEren boto partikularra: Lopez Basaguren prest dago babesa kentzeko 1979ko testuan eta oraingo artikulatuan jasotako Lehen Xedapen Gehigarriari, bigarren xedapenean erabakitzeko eskubidea jasotzen bada. Horrela zioen, eta dio, lehen xedapenak: «Estatutu honetan finkatu den erregimen autonomikoaren onarpenak ez du esan nahi, Euskal Herriari gisa historian barrena dagozkiokeen eskubideei uko egiten zaienik, ordenamendu juridikoak erabakitzen duenaren arauera gaurkotu daitezkeelarik».

Nazio aitorpenaren alorrean, berriz, artikulatuak urardotu egin du oinarrietan jasotakoa. «Identitate nazionalaren eta borondate demokratikoaren adierazpideaz» mintzo dira EAJ eta Elkarrekin Podemos (PSE-EEk boto partikularra aurkeztu du puntu horretan, identitate nazional esapidea ezaba dadin). Horrez gain, alderdi eta hedabide unionisten kexa nagusietako bat izan da herritartasunari eta naziotasunari buruzko atala, eta, azkenean, naziotasunari buruzko aipamenik ez da jaso testu nagusian: «Euskal herritartasuna dagokie bizileku administratiboa (IZENA)ren —subjektuaren izenik ez baitute adostu— lurralde esparruko edozein udalerritan duen pertsonei, eta estatutuan eta ordenamendu juridikoan jasotako eskubide eta betebeharrak aitortzen zaizkie». Horri boto partikular bat aurkeztu dio Legardak, naziotasuna eranste aldera: «Euskal naziotasuna aitortzen zaio euskal herritargoari, horrek kalterik eragin gabe gizabanakoaren berdintasunari eta integratzen dituen taldeei, ezta inolako bazterketa faktore izan gabe».

ESKUBIDE ZERRENDA GAURKOTUA

Eskubideen atala izan zen aditu taldeak landu zuen lehenetako bat, horrek sortzen baitzuen adostasun zabalenetakoa. Hori horrela, eskubide zerrenda askotarikoa dago jasota artikulatuan; berdintasun, parte hartze, osasun, hezkuntza, etxebizitza, lan eta abarrerako eskubideak, besteak beste. Horrek isla du eskumenetan ere, 1979ko artikulatuan ageri ez ziren zenbait txertatu dituztelako oraingoan: babes eta zerbitzu sozialen sistema publikoa nahiz ingurumena eta ekologia, esaterako. Zerrenda horretan ez zaie aipamenik egiten eskubide linguistikoei. Hizkuntzari lotutako eskubideei botere judizialaren alorrean baino ez zaie erreferentzia egiten, «estatuko organo jurisdikzionalekiko harremana» euskaraz izateko eskubidea babesteko.

Preseski jasotako beste eskubide bat da «beharrezko akordioak sustatuko» direla «zigorra Euskadiko lurraldetik kanpo betetzen ari diren askatasunaz gabetutako pertsonek beren bizilekutik gertuen dauden espetxeetan» egon daitezen. Puntu hori ezabatzea proposatu du Lopez Basagurenek. Indarkeriaren biktimek egia, justizia eta erreparazioa jasotzeko eskubidea dutela ere aitortzen du proposamenak.

EUSKARA

1979ko estatutuarekin alderatuta, adituen artikulatuak berrikuntza dakar euskararen inguruan (6. artikulua): «Pertsona orok du eskubidea hark aukeratutako hizkuntza ofiziala ezagutzeko eta erabiltzeko, izan alor pribatuan nahiz publikoan, eta baita botere publikoekiko harremanetan ere. Eskubide horren ariketa efektiboa bermatuko dute botere publikoek». Horrez gain, «euskal instituzioek bermatu egingo dute bi hizkuntzak erabiltzeko eskubidea modu erreal, efektibo eta igualitario batean, bi hizkuntza ofizialen arteko desoreka gainditzea ahalbidetuko duen hizkuntz politika sustatuta».

Artikulu berean, EAJk eta Elkarrekin Podemosek adostu dute botere publikoek bermatzea «pertsona guztiek euskara ikasteko eskubidea” izango dutela «doan, beren bizitzan eta lanbidean normaltasunez aritzeko beharrezkoak diren komunikazio konpetentziak lortu arte». Esaldi hori ezabatzea proposatu du, ordea, Lopez Basagurenek, uste duelako unean uneko botere exekutiboaren eta legegilearen esku utzi behar dela erabaki hori, horiei dagokielako «gastu publikoaren lehentasunak» ezartzea.

PSE, 1979KO LANGATIK BEHERA

Lopez Basagurenek boto partikular ugari aurkeztu ditu testu osoan zehar, baina deigarria da atal batzuetan jarritakoa, adierazten baitu 1979ko estatutuaren adostasuna ez duela bere egiten gaur egun. Horren adibide da subjektu politikoak izan beharreko izena. Testu nagusiko lehen artikuluak dio Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrak, «Euskal Herriaren parte direnez gero, beren identitate nazionalaren eta borondate demokratikoaren adierazpide gisa, Euskadiko Erkidego Autonomo gisa» eratzen direla, «Konstituzioarekin bat». Euskal Herri adiera jasota dago 1979ko legean, baina Lopez Basagurenek boto partikularrean adierazi du gizartearen zati bat ez datorrela bat Euskal Herriaren «eraikuntza politikoarekin».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna