Jaurlaritzaren aurrekontuak

Aurrekontuetarako aurreakordioa lortu dute Jaurlaritzak eta Elkarrekin Podemosek

Arratsaldean egindako bileran lortu dute 2020ko aurrekontuak aurrera ateratzeko akordio oinarria. Zehaztapenik ez dute eman oraingoz, baina Elkarrekin Podemosek aurreratu du ez duela osoko zuzenketarik egingo.

Elkarrekin Podemosen eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak bilduta, gaur arratsaldean. JUANAN RUIZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2019ko abenduaren 3a
22:59
Entzun

Aurreakordioa itxi dute Eusko Jaurlaritzak eta Elkarrekin Podemosek 2020ko aurrekontuak onartzeko. Adostasuna badutela aurreratu du Lander Martinez EPko bozeramaileak, baina ez du xehetasun gehiago eman. Bihar emango dituzte xehetasunak. Jadanik ziurtatu dute, hala ere, ez dutela osoko zuzenketarik aurkeztuko, «negoziatzen jarraitzeko asmoa» daukatelako.

Martinez eta haren taldea Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuarekin elkartu dira. Bilera amaitutakoan, Martinezek adierazi du aurrekontuen aurreakordioak ahalbidetuko duela negoziatzen jarraitzea gizarte zerbitzuen, hezkuntza publikoaren, lanaren eta osasunaren esaprruei buruz, eta «Euskadi bi abiaduran joatea» murriztuko duela.

Etzi amaituko da talde parlamentarioek aurrekontu proiektuari zuzenketak aurkezteko epea. Elkarrekin Podemosek adierazi du tartea dagoela abenduaren 16ra arten egoziatzen jarraitzeko, orduan bozkatuko baitituzte osoko zuzenketak Eusko Legebiltzarrean. EPk ziurtatu du ez duela osoko zuzenketarik aurkeztuko. «Horrek ahalbidetuko du konfiantza giro batean akordio bat lortzea, etorkizuneko krisiaren aurrean familiak babestuko dituena», nabarmendu du Martinezek. Bihar agerraldia egingo du koalizioak, akordioaren nondik norakoak azaltzeko.

Lortutako adostasunak zein diren zehaztu nahi izan ez badu ere, adierazi du gaiak ordenan landu dituztela: «Berdintasunetik eta klima aldaketatik hasi gara, eta ondoren hezkuntza publikoaz eta lanaz hitz egin dugu. Azken gai horretan izan dugu desberdintasun gehien, bideratzea lortu dugun arren». Beraz, gizarte babeserako neurriak eta diru sarrerak bermatzeko errenta geratuko lirateke adosteko, baina, Martinezek nabarmendu duenez, horietan ere «oinarri eta ikuspegi ona» dago negoziazioetarako.

Aurrekontuen bozketa hilaren 27an egingo dute, eta Martinezek ez du iragarri nahi izan aurrekontuak baiezko botoarekin edo abstentzioarekin onartuko dituzten. Gaineratu du hori erabakitzea Elkarrekin Podemosi soilik dagokiola.

Aurretik ere negoziazio giroa

Eusko Jaurlaritzak ere balorazio ona egin du, aurreakordioa egon delako eta negoziazioan «aurrerapen handiak» egin dituztelako. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak goizean eman ditu arratsaldean gertatu zitekeenaren zantzuak. Adierazi du akordioa «gero eta gertuago» zegoela eta «esperantza» zeukala akordio bat ixteko.

Hirugarren aldiz bildu dira bi aldeak. Lehenengoan, EPk aurrekontuetan 350 milioi euroren aldaketak egitea proposatu zuen. Bigarren bileran, feminismoaren eta klima larrialdiaren inguruko iritzi antzekoagoak izan zituzten. Hirugarrenean, berriz, hezkuntza publikoaren eta lanaren inguruan hitz egin dute, baita aurreakordioa lortu ere.

Hala ere, aurrekontuen aurreakordioa ez dute babestu koalizio moreko alderdi guztiek. Izan ere, Azpiazurekin egindako lehen bileraren ondoren, Ezker Anitzak erabaki zuen bat ez egitea. Hori ez da, ordea, eragozpena izango, Eusko Jaurlaritzarentzat nahikoa delako oposizioko bi kideren abstentzioa.

Iaz ez zuten lortu aurrekontuetarako akordiorik, eta, Eusko Legebiltzarrean gehiengorik ez dutenez, aurrekontuen luzapenarekin gobernatu behar izan dute EAJk eta PSE-EEk. Legealdiko lehen bi urteetan, berriz, PPren abstentzioarekin lortu zuten kontuak aurrera ateratzea.

Aurtengoan, berriz, osoko zuzenketa aurkeztuko duela iragarri du PPk, eta EH Bilduk ere ez du baztertu gauza bera egitea. Ezker Anitzak zuzenketa horiek babestuko ote dituen galdetuta, Martinezek aitortu du aukera badagoela eta boto askatasuna errespetatuko duela. Hala ere, osoko zuzenketek ez lukete aurrera egingo, Eusko Jaurlaritzak eta Elkarrekin Podemosek behin betiko akordioa lortuz gero, koalizio moreak baztertu egingo lituzkeelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.