'Impeachent' prozesua

Trumpen kontrako karguak zehazteko agindu dio Pelosik Batzorde Judizialari

Nancy Pelosik ziurtatu du Trumpek "botere abusua" erabili zuela "bere onura politiko pertsonalerako". Demokratek urtea amaitu aurretik bozkatu nahi dute salaketa Ordezkarien Ganberan. Trump Senaturako defentsa prestatzen ari da.

Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidentea, gaur, Washingtonen, 'impeachment' prozesua abiatuko duela iragartzen. SHAWN THEW, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko abenduaren 5a
19:51
Entzun

Donald Trump AEBetako presidentearen kontrako impeachment prozesua abian jarriko du Ordezkarien Ganberak, Nancy Pelosi AEBetako behe ganberako presidenteak atzo jakinarazi zuenez. Haren esanetan, «gertaerak eztabaidaezinak dira» eta argi uzten dute Trumpek «botere abusua» erabili zuela «bere onura politiko pertsonalerako». Hori dela eta, presidentearen karguak zehazteko agindu dio ganberako Batzorde Judizialari.

AEBetako presidentearen jokaerak herrialdearen «segurtasun nazionala» arriskuan jarri duela gaineratu du Pelosik, AEBek Ukrainari ematekoa zuten laguntza militarra eta Ukrainako presidentearekin Etxe Zurian egitekoa zuen bilera «erabakigarri» bat eten zituelako Ukrainak Joe Biden politikari demokrata eta haren semea ikertzen hasi zela iragarri arte.

Pelosik salatu du, modu horretan, Trumpek presio egin ziola Ukrainari, 2020ko hauteskundeetan lagun ziezaion —Joe Biden hautagai demokrata eta Trumpen aurkari nagusia izan daiteke datorren urteko bozetan—.

«Presidentea legearen gainetik egotea onartzen badugu, gure errepublika arriskuan jarriko dugu ziurrenik», adierazi du Pelosik. «AEBetan, inor ez dago legearen gainetik». Ganberako presidentearen arabera, Trumpek AEBetako Konstituzioaren «bihotza» kolpatu du. «Gure demokrazia da arriskuan dagoena. Presidenteak ez digu beste aukerarik utzi, berriro ere hauteskundeak desitxuratzen saiatzen ari delako bere onura propiorako».

Trump, Senatuari begira

Trumpek Twitter bidez erantzun dio Pelosiri. Adierazi du inolako oinarririk gabe aurkeztuko dituztela haren kontrako karguak. Trumpen esanetan, demokratek amore eman dute 2016ko hauteskunde kanpainaren eta Errusiaren ustezko esku hartzearen auzian eta orain tematuta daude Ukrainako presidentearekin izan zituen telefono dei «guztiz egokiekin». Ohartarazi du impeachment kasu honek aurrekari arriskutsua ezarriko duela, eta salbuespenezko beharko lukeen prozedura ohiko bihurtuko duela, aurrerantzean AEBetako presidenteen aurka egiteko. «Ez da hori gure fundatzaileek nahi zutena. Albiste ona da errepublikanoak ez garela inoiz horren batuta egon. Irabaziko dugu».

Pelosiren jakinarazpena publiko egin aurretik, Trumpek bere kontrako karguak aurkeztera deitu ditu demokratak. AEBetako presidenteak esan die bere kontra jo behar badute «azkar» egiteko, auzia Senatura lehenbailehen iritsi dadin eta bertan «epaiketa bidezkoa» izan dezan. Trumpek aditzera eman du demokraten orain arteko kontakizuna hankaz gora jarriko duela Senatuan, eta lekuko ugari aurkeztuko dituela. Senaturako defentsa estrategia prestatzen hasiak da bere hurbileko lantaldea.

Prestaketa horren adierazle da Rudolf W. Giuliani presidentearen abokatu pertsonalak Kievera egin duen bidaia. Bertan, Andriy Derkach Ukrainako parlamentari independentearekin bildu da. Derkachek adierazi duenez, bileraren helburua izan da Ukrainako parlamentuan ustelkeriaren kontrako talde bat sortzea.

Trumpen aurkako salaketak aurrera egingo duen ala ez erabaki beharko du orain Ordezkarien Ganberak. Batzorde Judizialak presidentearen aurka zehaztuko dituen karguak onartuko al dituen bozkatuko du. Pelosiren asmoa da urtea amaitu aurretik egitea bozketa. Izan ere, demokratek saihestu egin nahi dute erabakia hauteskunde urtean hartzea —2020ko azaroan izango dira bozak—, impeachment-a interes alderdikoiekin errazago lotu daitekeen beldur.

Prozesuak aurrera jarrai dezan, nahikoa da Ordezkarien Ganberak Trumpen kontrako karguak gehiengo arruntarekin onartzea, eta, demokratek behe ganberan gehiengoa dutenez, hala izatea espero da. Ganberak karguak onartuko balitu, prozesua Senatura bideratuko litzateke, eta hark izango luke azken hitza.

AEBetako goi ganberak auzitegi modura funtzionatuko luke orduan: Ordezkarien Ganberako kideek fiskal gisa jardungo lukete, senatariek epaile gisa, eta epaiketa Auzitegi Goreneko presidenteak gidatuko luke. Trump erruduntzat jotzeko, beharrezkoa da 67 senatariren botoa —Senatuaren bi herenak—. Errepublikanoek dute gehiengoa Senatuan. 53 senatari dituzte, ehunetik; demokratek 45 dituzte, eta beste bi independenteak dira, baina demokraten hurbilekoak. Beraz, beharrezkoa litzateke, gutxienez, hogei errepublikanok Trumpen aurka egitea. Hala gertatuko balitz, AEBetako Kongresuak Trump kargugabetuko luke, eta erabakia irmoa litzateke.

Adituen iritziak

Inteligentzia Batzordearen txostena Batzorde Judizialak aztertu zuen, herenegun. Hainbat juristen iritzia bildu zuen. Demokratek gonbidatutako adituen iritziz, nahikoa oinarri dago Trumpen kontrako akusazioak zehazteko. Errepublikakoek gonbidatu zuten zuzenbide akademikoaren iritziz, berriz, Ordezkarien Ganberak desitxuratu egin ditu impeachment-a abian jartzeko beharrezkoak diren baldintzak. AEBetako Konstituzioaren arabera, impeachment prozesua abiatu daiteke «traizioa, eroskeria, edota delitu eta falta larriak» leporatzen direnetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.