Greziak Libiako enbaxadorea bota du, Turkiarekin sinatu duen itunarengatik

Atenasek salatu du Turkiak eta Libiak itsasoko mugak zehazteko sinatu duten akordioa «legez kanpokoa» dela. Greziak beretzat aldarrikatzen dituen uretan zundaketak egingo dituela iragarri du Ankarak.

Kyriakos Mitsotakis Greziako lehen ministroa eta Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea, beren herrialdeetako ordezkaritza banarekin, asteazkenean, NATOk Londresen egin zuen goi bileran.
Kyriakos Mitsotakis Greziako lehen ministroa eta Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea, beren herrialdeetako ordezkaritza banarekin, asteazkenean, NATOk Londresen egin zuen goi bileran. EFE

Gorka Berasategi Otamendi -

2019ko abenduak 6

Greziaren eta Turkiaren harremana laztu egin da azken asteotan, eta beste behin azaleratu du bi herrialdeen arteko gatazka historikoa. Zenbait ahotsek ohartarazi dutenez, konfrontazio armatu baterako arriskua ere egon daiteke, egoera bideratzen ez bada. Turkiak Libiarekin sinatu berri duen akordioak eragin du kezka. Bi herrialdeen itsas eremu ekonomiko esklusiboa zehazten du akordio horrek, eta mugek barruan hartzen dute Greziak beretzat aldarrikatzen duen ur eremuaren zati bat. Hori dela eta, Greziako Gobernuak Libiako enbaxadorea herrialdetik kanporatzea erabaki du. 72 ordu eman zizkion Grezia uzteko.

Atenasen esanetan, Turkiaren eta Libiaren arteko akordioa «legez kanpokoa» da, ez duelako nazioarteko zuzenbidea errespetatzen. Greziako Gobernuak adierazi du onartezina dela Libiaren eta Turkiaren itsas eremuek elkarrekin muga egitea, Grezia bi herrialdeen artean dagoelako.

Nazioartean babes bila hasi zen Atenas, akordioa sinatu dela jakin bezain laster. NATO, EB Europako Batasuna eta Segurtasunerako eta Elkarlanerako Erakunde Europarra ohartarazi ditu. Baita Txina, Errusia eta Israel ere. Greziako Gobernuaren jarrerarekin bat egin dute EBk, AEBek, Egiptok, Ziprek eta Israelek. Horien iritziz nazioarteko legedia urratzen du Turkiaren eta Libiaren arteko akordioak, eta Ankarari atzera egiteko eskatu diote.

Libiak atsekabea agertu dio Greziari, bere enbaxadorea kanporatu duelako, eta gogorarazi dio nazioarteko justiziara jo dezakeela Libiaren eta Turkiaren arteko hitzarmenak legea urratzen duela uste badu. Zipreko presidente Nikos Anastasiadisek horixe iragarri du: bere herrialdeak Hagako auzitegira joko duela.

Azaroaren 27an sinatu zuten akordioa Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak eta Fayez al-Sarraj nazioartearen onarpena duen Libiako Gobernuko lehen ministroak. Akordioak jasotzen duenez, bi herrialdeen itsas eremu ekonomiko esklusiboek korridore bat osatuko dute Mediterraneo ekialdean, bi estatuen artean. Pasabide horrek Greziak beretzat aldarrikatzen duen ur eremu bat zeharkatzen du Kreta irlaren hego ekialdean.

Itunak eragin zuzena du herrialde horiek Mediterraneoan egin ditzakeen ustiaketen gainean. Izan ere, itsas eremu ekonomiko esklusiboak zehazten du estatu bakoitzak zein ur eremutan duen subiranotasuna baliabide naturalak ustiatzeko. Turkiaren eta Greziaren artean, jokoan daude Mediterraneo ekialdean egon daitezkeen itsas azpiko gas eta petrolio ustiapenak.

Talka, hurbilago

Greziaren eta Tukiaren arteko itsas gatazka ez da berria. Egeo itsasoaren gaineko subiranotasun lehiak hamarkadetan iraun du. Bi aldiz jo zuen goia XX. mendean, eta gerrarako arrisku erreala izan zen 1987an eta 1996an. Ordutik, bi herrialdeen arteko konfiantza eraikitzeko hainbat neurri hartu dira: denboraldi turistikoan ariketa militarrak etetea, armadetako buruzagien arteko zuzeneko komunikazioa ezartzea edota gerra simulazio ariketetara beste herrialdeko ofizialak gonbidatzea. Azken urteetan, baina, ahuldu egin da neurri horien betetze maila.

Atzera egiteko eskari ugari jaso arren, Turkiak ez du bere interesei uko egiteko asmorik. Fatih Donmez Energia ministroak iragarri zuen bi aldeek ituna berretsi bezain pronto bidaliko dituela Turkiak gasa eta petrolioa bilatzeko itsasontzi zulatzaileak.

Greziako Defentsa ministro Nikos Panayotopoulosek herenegun ohartarazi zuen «egoera guztietarako» prestatzen ari direla. Nikos Tsounis itsas armadako buruaren esanetan, Greziak ezin du egon inoren laguntzaren zain. «Egiten duguna, bakarrik egin beharko dugu», adierazi du.

Erdogan eta Kyriakos Mitsotakis Greziako lehen ministroa asteazkenean elkartu ziren, NATOren goi bileran egin zuten bitariko bilkuran. Agintariek ez zuten akordiorik lortu jorratu zituzten gaietan. Itsas eremu ekonomiko esklusiboen auziaz gain, Turkiatik Greziara iritsi diren errefuxiatuen gorakadaz ere jardun zuten. Dena den, «akordiorako tartea» dagoela uste du Mitsotakisek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna