Euskal presoak

Jon Gurutz Maiza gaixo den presoa askatzeko eskatuko dute abenduaren 27an

Manifestazioa eginen dute Etxarri-Aranazen, 19:00etan, plazatik abiatuta, eta gaixo diren 21 euskal presoak etxeratzeko eskatuko dute

Jon Gurutz Maiza presoaren aldeko manifestazioaren aurkezpena, gaur, Etxarri-Aranazko plazan. IñIGO URIZ
Iker Tubia.
2019ko abenduaren 7a
16:15
Entzun

Kalera aterako dira Etxarri-Aranazko (Nafarroa) eta eskualdeko herritarrak abenduaren 27an. Jon Gurutz Maiza auzokoak 12 urte daramatza espetxean, 69 urte beteko ditu abenduaren 31n eta gaixo dago. Egoera horren aurrean, manifestazioa deitu dute Maiza eta gaixo diren beste 20 euskal presoak etxeratu ditzaten. Herriko plazan izanen da hitzordua, 19:00etan. Dagoeneko herriko talde eta lagun anitzek adierazi dute atxikimendua, eta Sakana eskualde osoari protestan parte hartzeko deia luzatu diote.

«Gaixotasun larri eta sendaezin bat ez da espetxe batekin bateragarri», azaldu du Igor Artieda Galdeanok Orain Jon Gurutz lantaldearen izenean. Eguerdian egin dute prentsa aurreko agerraldia, herriko plazan. Gatazkaren konponbidean urratsak emateko «euskal presoen korapiloa» askatu behar dela adierazi du: «Bide horretan, gaixotasun sendaezinak dituzten euskal presoen etxeratzea urgentziazkoa da. 21 preso horiek kalean egon behar dute. Pertsona hauen osasunarekin eta sufrimenduarekin bestelako kalkuluak egitea ankerkeria hutsa besterik ez da».

69 urte, 12 kartzelan

Maiza 2007an atxilotu dute, eta 12 urte daramatza Frantzian preso. Orain Lannemzango kartzelan dago, 300 kilometrora urrundurik, eta oraindik kondena luzea duela gogorarazi dute prentsaurrekoan. Gainera, bere kontrako hiru estradizio eskaera eta euroagindu bat ere baditu. Ia 69 urte ditu, eta zenbait gaitz ditu: ikusmen zorroztasunaren galera, ezkerreko begiko erretina askatzea, diabetesa, dislipemia, hipertentsioa eta fibrilazio aurikularra. Gainera, haurra zenetik eskuineko begiaren galera izan du.

Etxarri-Aranazko herritar ugari bildu dira prentsa aurreko agerraldian, manifestazioaren deialdia babesteko. Argazkia egin ondoren, bideo bat grabatu dute Maizak ikus dezan. Preso etxarriarraren egoera azaltzen duen dokumentala sarean da ikusgai: Iluntasunetik etxera.

Sareren anbulantzia

Sarek gaixo diren presoen egoeraz ohartarazteko anbulantzia bat eramanen du Nafarroako zenbait herritara. Manifestazioaren egunean Etxarri-Aranazen egonen da, baina, aldez aurretik Iruñerrian eta Bortzirietan ibiliko da. Iruñean izanen da abenduaren 19an, 20an, 21ean eta 26an, Antsoainen abenduaren 19an eta Lesakan abenduaren 22an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.