Egunean Behin

Egunean Behin aplikazioaren finala jokatuko dute asteburuan

150 lagun aurrez aurre ariko dira, tartean aplikazioaren 50.000 erabiltzaileen artean lehen postuetan sailkatu direnak.

2019ko abenduaren 10a
12:54
Entzun

Larunbatean jokatuko da, Azpeitiko San Agustin kulturgunean (Gipuzkoa), Egunean Behin jokoaren finala. Hamar galdera, hiru aukera bakoitzean. Eta bertan irailetik jokatutako partidetan sailkapen orokorrean lehen hamar postuetan geratu direnak. Denera 150 jokalari. Ordubeteko saioa izango da, Kike Amonarrizek gidatua.

Egunean minutu bat eskatzen duen joko bat da Egunean Behin, baina lagun arteko elkarrizketa luzeak eragin dituena. 50.000 jokalariko langa gainditu dute: 50.021 erabiltzaile ditu, zehatzago izateko. Hala adierazten zuen azken asteko sailkapenak igande gauean. Inoiz euskarazko aplikazio batek lortu ez duena egin du CodeSyntax etxearen aplikazioak. Uda aurretik, laurdena ere ez zen jokalari kopurua; 10.000 erabiltzaile inguru. Orain, aurrez aurreko partidetarako saltoa eman dezake. Herrietako festetan edo enpresetako langileen artean partidak aurrez aurre jokatzen hasteari atea ireki diezaiokete. Beraz, asteburuko finala "proba bat izango da", Azpillagaren arabera.

"Harritzekoa", hitz horrekin definitu du ingeniariak jokoak jendearen artean lortu duen ospea. Azpillagak sinpletasunean ikusten du oinarria: "Garrantzitsua izan da muga bat jartzea: egunean partida bakarra jokatu ahal izatea. Aurretik bageneukan galdera-erantzunen antzeko beste aplikazio bat, eta jendea aspertu egiten zen hainbat partida jokatu ondoren". Hamar galdera, minutu bat, ez gehiago. Horri lagunen, familiartekoen edo lankideen arteko taldeak gehituz gero, arrakasta da emaitza. Izan ere, 14.500 talde aktibo daude aplikazio barruan. Sailkapen orokorretik kanpo, sariak ere banatzen dira halakoetan. Esaterako, Zumaiako Baleike aldizkariak martxan jarritako taldean ia 500 lagun daude. Jokoan den handiena da. Zer eman ote dezakete aurrez aurreko partidek? Ikusiko da ea azken hilabeteetan izan duen gorakadari eusteko balio duen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.