Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna

Poliziaren indarkeriaren eta ETAren biktimak omendu dituzte PPk ez beste alderdi guztiek Bilbon

Espainiako Gobernuaren eta PP ez beste alderdi guztien ordezkariak egon dira Bilboko Udalak antolatu duen ekitaldian

Ordezkaritza zabala elkartu da biktimak omentzeko. MARIELI OVIEDO
Irati Urdalleta Lete.
2019ko abenduaren 10a
18:16
Entzun

Espainiako Gobernuko, EAJko, PSE-EEko, EH Bilduko eta Elkarrekin Podemoseko ordezkariak, baita polizia indarkeriaren eta ETAren biktimen senideak ere. Guztiak Bilbon elkartu dira indarkeriaren biktimak omentzeko. Hutsune nabarmen bakarra egon da: PP.

Bilboko Udalak antolatutako omenaldian, lore eskaintza bat egin dute biktimak omentzen dituen Casilda Iturrizar parkeko monolitoan. Bitartean, senitartekoek Bilboko biktimen (89 guztira) izenak irakurri dituzte.

Urtero azaroaren 10ean –Memoriaren Egunean– egin ohi da ekitaldi hori, baina, aurtengoan, egun horretan Espainiako Gorteetarako Hauteskundeak izaki, hilabete atzeratzea erabaki zuten, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunera, hain zuzen ere.

Parte hartze zabala eta askotarikoa izan du ekitaldiak. Bertan izan dira ETAk hildako taxilari baten eta bi ertzainen senideak, baita poliziak hildako hainbaten senideak ere; 2012an Ertzaintzaren gomazko pilota baten kolpea jaso ondoren hil zen Iñigo Cabacasen gurasoak ere izan dira. Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Topaguneko kideak dira. Bertako partaideak dira Bilboko Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiak ere, PP izan ezik. Senideekin batera egon dira EAJko, EH Bilduko, PSE-EEko eta Elkarrekin Podemoseko Bilboko Udaleko zinegotziak; Jesus Loza Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkaria eta Vicente Reyes Bizkaiko ordezkariordea; eta Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria.

Bernardo Atxagaren poema bat irakurriz amaitu dute ekitaldia, eta honako ideia hau azpimarratu nahi izan dute: «Bizitza bizitza da, eta handiena da; kentzen duenak dena kentzen du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.