Bertsolaritza

Gaztelumendik jantzi du Gipuzkoako txapela

Bigarrenez irabazi du añorgarrak Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Finalaren aurretik, bi saiotan kantatu du aurtengo txapelketan, eta biak irabazi ditu. Finala ere bai. Agin Labururekin jokatu du buruz burukoa. Xabier aitak jantzi dio txapela Beñat Gaztelumendiri.

Beñat Gaztelumendi, Xabier aitari begira, hark txapela jarri aurretik. GORKA RUBIO, FOKU
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko abenduaren 14a
01:09
Entzun

Azken lau urteetako buru bera estaliko du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako txapelak: Beñat Gaztelumendirena. 2015eko txapelketan bezalaxe, hura izan da garaile 2019koan ere, Donostiako Illunben jokatutako finalean. Bigarren lekuan Agin Laburu geratu da. Biek jokatu dute buruz burukoa. Hau izan da puntuazioa:

1. Beñat Gaztelumendi Arandia: 940,5

2. Agin Laburu Rezola: 916

3. Alaia Martin Etxebeste: 576

4. Nerea Elustondo Plazaola: 565,5

5. Oihana Iguaran Barandiaran: 560

6. Ane Labaka Maioz: 552

7. Beñat Lizaso Alberdi: 541

8. Jon Maia Soria: 533

6.000 lagun inguru elkartu dira Illunben. Orain lau urteko finalean baino jende gutxiago: 7.200 izan ziren 2015eko finalean. Antolatzaileek ohartarazia zuten zirkulazio arazoak sor zitezkeela Illunbe inguruan, finalaren ordutsuan futbol partida zutelako Anoetan Realak eta Bartzelonak. Garaiz joateko eskatua zieten bertsozaleei, eta oso orduan joan da jendea: bost minutu eskaseko atzerapenarekin hasi da saioa, ohiko agurrekin.

Ez da saio beroa izan, oro har. Tenperatura freskoa izan da aretoan, eta giro aldetik ez da berotasun handirik egon. Bertsoaldi batzuetan, bai, goia jo du plazak. Adibidez, hamarreko txikian Iguaranek eta Gaztelumendik egindako ofizioan. Bi pailazoren rolean jarri dituzte, saioa hastear areto beteari begira daudela. Gaiak horretarako bidea emanda, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen rola hartu dute biek, Iruñeko Udalak bertan behera utzitako saioaren bueltan. «Sudur gorri batek ikaratzen ditu», amaitu du Gaztelumendik.

Ofiziokako lanak eginda, lehen zatia bakarkako lanekin itxi dute: hiru bertso kantatzeko gai bana jarri diote bertsolari bakoitzari. Gaur-gaurko gaiak eta gogoetarakoak izan dira: bakardadeaz ohartarazteko eskultura, adingabe zentroak, bakterio batek kutsatutako produktuak... Adierazgarria izan da Martinen saioa. Iritzi emaile baten rolean jarri dute: idatzi duenarekin ados ez, eta pintaketak egin dizkiote. «Beldurra daukat, baina amorrua / askoz handiagoa da», esan du hasieran, eta irmo itxi du hiru bertsoko sorta: «Eta barkatu jendarte maite / ez baldin bazaude ados / nire iritzia emango baitut / gero eta indar handiagoz». Txalo oldea jaso du —buruz buruko lehiara sartzeko puntu bakarrera gelditu da—.

Gaztelumendiren saioak ere bai: langabezian dago, eta lana eskaini diote, baina langabezia saria baino txikiagoa da soldata. Lan baldintza eskasen ondorioak harilkatu ditu hiru bertsoetan, amaiera sendoekin: «Gaur egun lana deitzen diote esklabo izateari»; «Beti gordetzen, beti gordetzen, eta inoiz ez zait iristen»; «Duintasunak balio baitu lan batek baino gehiago».

Lehen faseko lanak eginda, puntuazio handiena lortu duten bi bertsolariak pasatu dira bigarren zatira: Laburu eta Gaztelumendi. Hiru ariketa izan dituzte. Lehenik, sei puntukoan: urruneko planeta bateko biztanleak dira, eta hura suntsitzear delakoan, Lurrera etorri dira bizitzera. Bigarrenik, puntutan: bi katalan, nahastuta, Anoetara joan beharrean, Illunbera iritsiak. Hirugarrenik, kartzelan, hau zuten gaia: «Esan eta esan aritu arren, ez entzunarena egiten dizute».

Laburuk aita baten rola hartu du, autismoa daukan seme baten aitaren rola. «Ingurunera egokitzeko lan egiten du buruak / baina umera egokitzeko zer egiten du inguruak?». Gaztelumendik, berriz, gizarte arauetatik ihes egin duen pertsona baten rola hartu du, bi amaiera borobilekin: «Ez nintzen molde horretan sartu niretzat estua baitzen /eta ezin duzue imajinatu zer zoriontsua naizen»; «Berdin zait nik diodana besteek entzuten duten / nik nahikoa lan badaukat nire burua entzuten».

Beñat Gaztelumendiri Xabier aitak jarri dio txapela. Urte luzez bertsolaritzaren alde egindako lana eskertu nahi izan dio keinu horrekin Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak. Agurrean, aita bai, baina bereziki ama izan du gogoan txapeldunak:

Bertso eskolak bukatzean
nor egoten zen gure zain
gaixo geundenean nor zen
min denak sendatzeko gai
guk festa egin genezan
nork ez zuen egiten jai
eta nork eraman gintuen
sabel barruan bi anai.
Nahiz eta igual ez zenuen
gaur protagonismorik nahi
ama, hau zuri eskaini gabe
ez nengoke lasai;
Xabierren semea naiz,
ta Pilirena ere bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.