Euskal presoak

Euskal presoek sakabanatuta eta gradurik gogorrenetan jarraitzen dute

Foro Sozial Iraunkorrak euskal presoen inguruko txostena kaleratu du. Besteak beste, sakabanaketa, gradu gogorrenak ezartzea eta preso gaixoen egoera izan dituzte hizpide.

Foro sozial Iraunkorrak egin duen agerraldia, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2019ko abenduaren 14a
18:12
Entzun

«Basoa erdi hutsik edo erdi beteta ikusi daiteke, baina gure helburua guztia betetzea da». Horrela mintzo Foro Sozial Iraunkorra euskal presoen egoeren bilakaerari buruz. Gaur goizean aurkeztu dute Aurrerapenak, trabatzeak eta atzerapenak txostena, Donostian. Bertan, euskal presoen egoerak 2018ko uztailetik 2019ko azarora jasan duen aldaketa jaso dute.

«Zintzilik daukagun gai hori konpondu beharra daukagu», ziurtatu dute. Horretarako, Espainiako Gobernuak pausu gehiago eman beharko lituzkeela iruditzen zaie kartzelako graduen inguruan, bakartzean eta gerturaketetan. Orain arteko erritmoak «zuhurregiak« izan direla ohartarazi dute, eta horrek senideen artean «frustrazioa» eragin dezakeela, astebururo bidaia luzeak egitera «zigortzen» dituelako, horrek dakartzan arazo guztiekin. Gaineratu dute balitekeela Espainiako Gobernuan «gatibutasun printzipioa» nagusitu izana «legaltasun printzipioaren» gainetik. Hala ere, txosteneko datuei erreparatuta, Espainiako Gobernuak eta presoek borondatea badaukatela iruditzen zaie, baita erakundeen adostasuna nahiz politikoa, sindikatuena eta soziala sendotu dela ere. Gainera, beste aldaketa bat ere nabarmendu dute: Duela urtebete «gizatasun» arrazoiekin lotzen zela presoen auziaren irtenbidea, baina, gaur egun, eragile guztiak bat datozela arrazoizko epe batean konponbidea bilatu beharra dagoela, euskal presoei ohiko espetxe politika ezarriz. «Bartzelonan, Madrilen, Iruñean eta Gasteizen izan ditugun kontaktuengatik, esan dezakegu  Espainiako Kongresuaren gehiengoa ados dagoela bi puntu horiekin», nabarmendu dute. Biktimek gehiengoak izandako «eskuzabaltasuna» ere eskertu dute.

Datu gordinak

Orotara, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko 246 preso daude, horietatik 36 Frantzian eta 205 Espainian kartzelatuta. Euskal Herrian bi preso daude, eta biak gaixorik. Beste hiruk, berriz, etxean betetzen dute zigorra, horiek ere gaixo daudelako. Guztira 35 dira emakumezkoak, eta horietako zazpi daude Frantzian eta 28 Espainian. Gizonak, berriz, 198 dira. Frantzian espetxeratuta daude 29 eta Espainian 169.

Sakabanaketa oso agerikoa da euskal presoen artean. 148 preso Euskal Herritik 520 kilometro eta 1.100 kilometro artean dauzkate espetxeratuta, 57 preso 520 kilometro baino gutxiagora daude eta bost daude Euskal Herrian preso, guztiak gaixorik. Urrunen dauden 65 preso guraso ere badira, eta bost larriki gaixo daude. 148 horietatik 72 –ia erdiak– Andaluzian daude eta 12 Murtzian, Euskal Herritik 800 kilometro baino gehiagora.

Sakabanatuta ez ezik, gehienak kartzeletako gradurik okerrenean daude: Lehenengo graduan. Hain zuzen, 128 preso daude egoera horretan. Gainera, horietako 31 erregimen itxiko unitate berezietan dauzkate –bakartze egoeraren antzekoa– , Sevillan, Cordoban, Huelvan eta Estremeran. Beste 27 Puerto de Santamarian, Teixeiron eta Mansillan daude, lehen graduko moduluetan. Gainerako 70ak, berriz, bigarren graduko moduluetan daude, lehen graduko erregimena mantentzen badute ere. Horiez gain, lehen graduan malgutasuna ezartzen zaie 34 euskal presori, 100.2 artikulua aplikatuta.

Gutxiago dira bigarren eta hirugarren graduak dauzkatenak. Zehazki, 45 preso daude bigarren graduan, hiru espetxe arinduan eta bat bera ere ez hirugarren graduan. Bigarren graduan dauden presoek baimenak izateko eskubidea badaukate ere, zortzi euskal presori soilik eman dizkiete.

Sakabanaketa eta gradurik gogorrenak ez ezik, bakardadea ere jasaten dute euskal presoek. Hamabi emakume daude beste euskal presorik ez dagoen emakumeen moduluetan. Sei gizonek ere ez daukate beste euskal preso gizonik beraiek dauden kartzeletan.

Foro Sozial Iraunkorraren txostenak gaur egungo egoeraz gain, konparaketa bat ere eskaintzen du. Ikusi daitekeenez, urte eta erdian 280 euskal preso izatetik 246 izatera igaro dira. Izan ere, 41 preso aske utzi dituzte –38 osorik kondena beteta, bi kondena etenda eta baldintzapeko askatasunean–, eta zazpi pertsona sartu dituzte kartzelan. Sakabanaketari dagokionez, 27 preso gerturatu dituzte, baina horietako bat bakarra ere ez dute Euskal Herrira ekarri.

Presoak gutxiago izan arren, gainerakoan egoera ez da asko hobetu azken urte eta erdian. Senideek zortzi istripu –iaz baino bat gehiago– izan dituzte presoak bisitatzera zihoazela, eta larri gaixo zeudela eta, espetxetik atera ziren hiru euskal preso hil dira: Oier Gomez, Juan Mari Mariezkurrena eta Juan angel Otxoa de Eribe.

Bakartze egoeran, erregimen itxiko unitate berezietan dauden presoen egoera ez da aldatu eta espetxe barruko moduluetan jasaten duten sakabanaketa ere. Emakumeak, bereziki, egoera txarrean daude, gehienak bakarrik espetxeratua daudelako. Gaixorik dauden presoei dagokienez, gehienen egoera ez da aldatu. Hala ere «positiboki» baloratzen dute bi kondena etetea eta beste bati zigorra etxean betetzeko aukera ematea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.