'De Miguel auzia'

Alfredo de Miguelek gehienez bederatzi urte egingo ditu preso

Euskal Herrian epaitu den ustelkeria kasurik handienetako baten epaia eman dute gaur. Alfredo de Migueli hamahiru urte eta hiru hilabeteko zigorra ezarri diote, baina bederatzi urte egingo ditu gehienez preso. Otxandianori zazpi urte eta sei hilabetekoa jarri diete, eta Telleriari, sei urte eta sei hilabetekoa.

Alfredo de Miguel, epaiketaren lehen egunean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Edurne Begiristain.
2019ko abenduaren 17a
19:49
Entzun

Epaiketa amaitu zenetik urtebetera eman du De Miguel auziko epaia Arabako Auzitegi Probintzialak. Euskal Herrian epaitu den ustelkeria kasurik handienetako baten epaia da gaur ezagutu dena. Besteak beste, Alfredo de Miguel, Aitor Telleria eta Koldo Otxandiano EAJko Araba Buru Batzarreko burukide ohiei espetxe zigorrak ezarri dizkiete. De Migueli ezarri diote espetxe zigorrik handiena: hamahiru urte eta hiru hilabete, baina gehienez bederatzi urte egongo da kartzelan. Delitu ugari leporatuta zigortu dute; tartean, eroskeria, dirua zuritzea, prebarikazioa, influentzia trafikoa eta dokumentuak faltsutzea. 200.000 euroko isuna eta inhabilitazioa ere ezarri dizkiote. Telleriari, berriz, sei urteko espetxe zigorra jarri diote, eta zazpi urte eta sei hilabeteko espetxealdia Otxandianori. Biak ala biak antzeko delituak leporatuta zigortu dituzte.

Eusko Jaurlaritzako Gazteria saileko zuzendari ohi Xabier Sanchez Roblesi ere espetxe zigorra ezarri diote ustelkeria sarea osatzen zuten enpresei kontratuak emateagatik: bost urte eta hiru hilabeteko kartzelaldia. Bestalde, Arabako Probintzia Auzitegiak absolbitu egin ditu akusatuetako 11.

1185 orri ditu gaur aldeei jakinarazitako sententziak. Goizeko auzia amaitu denean, eta epaia irakurtzeko astirik izan gabe, lehen balorazioa eskatu diote komunikabideek Josu Izagirre fiskalari, auzitegiaren atarian. Labur baina argi hitz egin du: esan du agerian geratu dela legez kanpoko komisioak kobratzeko «trama antolatu» bat bazegoela. Gonzalo Susaeta Alfredo de Miguelen abokatuak ez du adierazpenik egin nahi izan.

Elena Cabero magistratuak idatzi du epaia, eta Jaime Tapia eta Raul Aztiria epaileek ere sinatu dute. Epaiak ez dauka boto partikularrik. Auzipetuek helegitea aurkeztu diezaiokete sententziari EAEko Auzitegi Gorenean.

Epaiketan ezagutu ziren datuek ustezko ustelkeria sarearen tamainaren neurria ematen dute.

Zigorrak

-Alfredo de Miguel: Hamahiru urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote, eta espetxean gehienez bederatzi urte egotea erabaki dute, besteak beste, kapitala zuritzeagatik, influentzia trafikoarengatik eta prebarikazioarengatik. Arabako diputatua izan zen 2007tik 2010 arte, atxilotu zuten arte. EAJren Araba Buru Batzarreko kidea zen. Miñaoko Teknologia Parkeko administrazio kontseiluko kide izan zen. Leporatzen diote delitu sare bateko buru izatea. 29 urte eta bederatzi hileko zigorra eskatu zuen fiskalak harentzat. 

-Ainhoa Bilbao: Urtebete eta sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote. De Miguelen emaztea da, Kataia Consultingen bazkidea. Bost urteko zigorra eskatu zuen fiskalak.

-Aitor Telleria: Sei urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote. EAJren Araba Buru Batzarreko kidea zen orduan, eta Miñaoko teknologia parkean zeuden Arabako Berrikuntza eta Enpresa Gunearen arduraduna. 13 urteko eta zazpi hileko eskaera zuen.

-Araceli Bajo: Errugabetu egin dute. Aitor Telleriaren emaztea da. Kataia Consultingeko bazkide zen, eta heren baten jabea. Bost urteko zigor eskaera egin zuen fiskalak.

-Koldo Otxandiano: Zazpi urte eta sei hilabete ezarri dizkiote.Arabako ABBko kide ohia da, eta ikertu diren sozietate batzuen sustatzailea. 13 urteko eta zazpi hileko zigorra eskatu zuten haren kontra.

-Iratxe Gaztelu-Urrutia: Urtebete eta sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote, eta 178.420 euroko isuna.Koldo Otxandianoren emaztea da. Kataia Consultingen bazkidea. Bost urteko zigorra eskatu zuren haren kontra.

-Aintzane de Miguel: Errugabetu egin dute. Alfredo de Miguelen arreba da, Kataia Consultingeko eta Errexaleko langilea. Hiru urteko eta lau hileko zigorra esakatu zuten haren kontra.

-Iñaki San Juan: Bost urteko zigorra ezarri diote. Leioako Kultura zinegotzia zen, eta ikertutako hainbat enpresaren administratzailea. Zazpi urteko zigorra esakatu zuten haren kontra.

-Josu Montes: Hiru urte eta lau hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote.Ortzi Mugako administratzailea eta Errexaleko langilea zen. Sei urteko zigorra eskatu zuen fiskalak.

-Maria Justina Angulo: Kargu publikoak betetzeko bederatzi urteko inhabilitazioa ezarri diote.Zanbranako EAJko alkatea izan zen, 1995etik 2007ra, eta zinegotzia 2011ra arte. Hamar urteko inhabilitazioa eskatu zuten haren aurka.

-Francisco Javier Sanchez Robles: Lau urte eta bederatzi hilabeteko inhabilitazio osoa ezarri diote. Gazte eta Ekintza Komunitarioko zuzendaria izan zen Kultura Sailean, Jaurlaritzan, 2003tik 2009ra. Zortzi urteko zigorra eskatu zuten haren aurka.

-Gurutz Larrañaga: Errugabetu egin dute. Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailburuordea izan zen, 2003tik 2009ra. Hamar urteko inhabilitazioa eskatu zuten haren kontra.

-Jon Iñaki Etxaburu: Bi urteko espetxe zigorra ezarri diote, eta 50.000 euroko isuna.Leporatzen diote Kataia Consultingi %4ko komisioak pagatu izana, lan kontratu batzuen truke. Sei urte eta zortzi hileko zigorra eskatu zuten haren kontra.

-Alfonso Arriola: Kargu publikoak betetzeko zortzi urteko inhabilitazioa ezarri diote. Miñaoko Teknologia Parkearen handitzean eginiko irregulartasunekin lotzen dute. Bost urte eta bederatzi hilabeteko zigorra eskatu zuten haren aurka.

-Julian Sanchez Alegria: Kargu publikoak betetzeko hamalau urteko inhabilitazioa ezarri diote. Teknologia Parkeen Sareko presidentea izan zen 2005-2009 artean. Urtebete eta bederatzi hilabeteko zigorra eskatzen zioten.

-Miren Lourdes Bilbao: Errugabetu egin dute. Miñaoko Teknologia Parkeko zuzendari teknikoa izan zen 2007tik 2011ra. Lau urteko zigorra eskatzen zuten haren aurka.

-Sergio Fernandez Oleaga: Urtebete eta sei hilabeteko zigorra ezarri diote. Stoa enpresako administratzailea zen, eta sozio bakarra. Zazpi urte eta bost hilabeteko zigorra eskatu zuten haren aurka.

-Josu Arruti Letamendia: Kargu publikoa betetzeko hiru urteko inhabilitazioa ezarri diote, eta 80.500 euroko isuna.Sidepurreko bazkidea zen. Urte bat eta bederatzi hileko zigorra eskatu zuten haren kontra.

-Jesus Arruti Odriozola: Bederatzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote. Josu Arrutiren aita da, eta Sidepurreko bazkidea. Bederatzi hilabeteko zigorra eskatu zuten haren aurka.

-Estibaliz Arruti Letemendia: Errugabetu egin dute. Sidepurreko langilea zen. Errugabetzeko eskatu zuen fiskalak.

-Gorka Errasti: Errugabetu egin dute. Estibaliz Arrutiren senarra da, eta Zerulurren sortzaileetako bat. Errugabetzeko eskatu zuen fiskalak.

-Francesc Fernandez: Errugabetu egin dute. Riera enpresa taldeko arduradunetako bat zen. Errugabetzeko eskatu zuen fiskalak.

-Placid Casas: Errugabetu egin dute. Riera taldeko beste arduradunetako bat zen. Errugabetzeko eskatu zuen fiskalak.

-Joaquin Sabater: Errugabetu egin dute. Zanbranako operazioarekin ustez lotutako beste enpresari bat zen. Errugabetzeko eskatu zuen fiskalak.:

-Ramon Tomas Riba: Errugabetu egin dute. Zanbranako operazioarekin ustez lotutako beste enpresari bat zen. Errugabetzeko eskatu zuen fiskalak.

-Prudencio Hierro: Errugabetu egin dute. Sare horiei lotutako enpresetako kudeatzaileetako bat zen. Hiru hileko zigorra eskatu zuten haren aurka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.