Pentsioen erreforma

Macron prest azaldu da erreforman moldaketak egiteko

Frantziako presidenteak esan du orekarako adinean «hobekuntza» bat egin daitekeela. Sindikatuek protestara deitu dute bihar.

Macronen aurkako kartelak, asteartean, Parisen. YOAN VALAT /EFE
Iker Aranburu.
2019ko abenduaren 18a
16:40
Entzun

CFDT sindikatuari begira ari da Emmanuel Macron Frantziako Errepublikako presidentea. Sindikatu «erreformistatzat» du bere burua, CGT baino moderatuagoa, eta lehen indarra bilakatu da azken prozesu sindikaletan. Lehen egunetako protestetatik at izan zen, eta asteartera arte ez zen batu pentsio sistemaren erreformaren aurkako mobilizaziora. Arrazoi bat eman zuen CFDTko idazkari nagusi Laurent Bergerrek: erreformak orekarako adin bat ezarriko duela, eta horrek ezinbestean eragingo duela erretiroa atzeratzea. Onartezina, Bergerren esanetan. Erregimen berezien desagertzearekin, berriz, ez du arazo handirik, sistema bakarraren aldekoa baita. 

Eliseoko iturri ofizialek gaur azaldu dutenez, Macronek ez du erretiratuko pentsioen erreforma: «Ez du proiektua alde batera utziko; ez du desnaturalizatuko, baina prest dago hobetzeko, sindikatuekin eta SNCF eta RATP erakunde gakoekin negoziatuta». Hobetu daitezkeen faktoreen artean orekarako adina aipatu dute presidentearen iturriek. Horrek adierazten du pentsiodunek batez beste zein adinekin hartu beharko luketen erretiroa pentsio sistemak finantza oreka izateko. Hasieran, asmoa zen 64 urtetan finkatzea, eta gero zuzentzea, demografiak horretara «behartuz» gero.

Erretiroaren adin ofiziala 62 urtetan utziko luke Macronen erreformak, baina zigortu egingo lituzke urte horiekin lan profesionala utziko luketenak. Izan ere. bonus-malus sistema bat ezarriko du erreformak: orekaren adina baino lehenago erretiroa hartzen dutenei pentsioa txikituko diete (%5 urtero) eta handitu, berriz, erretiroa atzeratzen dutenei. Hau da, orekarako adina 64 urtetan finkatuz gero, zegokiona baino %10 gutxiago jasoko luke 62 urterekin erretiroa hartzen duenak, eta %5 gehiago, berriz, 65 urtera arte itxarongo duenak.

Orekarako adina negoziagarria dela esanda, «helburua Eguberrietan pausa bat lortzea» dela aitortu dute Macronen iturriek. Horretarako giltzarria izan daitezke gaur arratsaldean Edouard Philippe lehen ministroak sindikatuekin egingo dituen bilerak. Erreforma bertan behera utzi ezean mobilizazioekin jarraituko dutela iragarri dute CGT, FO, Solidaires eta FSU sindikatuek. Ikusteko dago zer harrera egingo dioten Philipperen proposamenei sindikatu moderatuek —CFDT, CFTC eta CGC—.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.