Euskara

Euskara lan munduan sustatzeko plana onartu du Jaurlaritzak

Helburu zehatzak finkatu ditu lau arlotan, 2023rako lortu beharrekoak.

Enprsetako hizkuntz paisaian eragitea ere biltzen du planak. JON URBE - FOKU
gotzon hermosilla
2019ko abenduaren 27a
07:09
Entzun

Euskara Eremu Sozioekonomikoan Sustatzeko Plana onartu du du Eusko Jaurlaritzak, Gobernu Kontseiluaren bileran. 2020-2023 epea hartuko du Planak, eta haren xede nagusia da euskara lan munduan sustatzea, arlo publikoan zein pribatuan, eta horretarako zenbait helburu zehatz eta neurgarri finkatu ditu lau arlotan: euskararen ezagutzan, erabileran, hizkuntza eskubideetan eta enpresen eta bezeroen aktibazioan.

Plangintzaren aurkezpenean adierazten denez, euskarak hainbat esparrutan egin ditu aurrerapenak, eta hezkuntza, helduen euskalduntzea, hedabideak, administrazioaren euskalduntzea eta beste aipatzen dira. “Iritsi da lan munduari ganoraz heltzeko unea”, plangintzaren dokumentuaren arabera. “Orain arte egindako urrats estrategiko guztiek hurrengo urratsa eskatzen dute, egindako guztia ezerezean geratzeko arriskua uxatuko bada”. Lan mundua euskalduntzeko horrelako plan bat egiten den lehenengo aldia da.

Euskararen ezagutzari dagokionez, hiru helburu ezarri dituzte: Lanbide Heziketan euskaraz ikasten duten ikasleen kopurua igotzea, unibertsitateetan euskaraz ikasten dutenena ere emendatzea, eta enpresetako goi karguetan euskaldun gehiago egotea. Helburu horiek lortzeko inplikatu beharreko eragileak, tresnak eta bestelakoak identifikatzeaz batera, lortu nahi den helmugak ere zehaztu dituzte, eta, esaterako, hiru arlo horietan kopuruak %20 handitzea da xedea.

Euskararen erabilera sustatzeko, berriz, hirigune eskualdeetako zerbitzu enpresetan erabilera handitzea kontsumitzaileen aurrean eta eskualde industrialetan lan hizkuntza gisa euskararen erabilera areagotzea ezarri dute xedetzat. Lehenengo kasuan, 2023rako %5eko igoera lortu nahi dute euskara erabiltzen duten kontsumitzaileetan eta euskaraz egiten duten langileetan, eta bigarrenean, %10 igo nahi dute euskara plana egiten duten enpresen kopurua eta euskaraz egiten duten langileena.

Kontsumitzaileen eskubideen arloan, handitu egin nahi dute kontsumitzaileen dekretuaren betetze maila, eta, zehazki, %20 gehiago izatea dekretua betetzen duten enpresa kopurua. Azkenik, entitateen eta kontsumitzaileen aktibazioari dagokionez, %5eko igoera lortu nahi dute zerbitzuak euskaraz jasotzeko kontsumitzaileen eskarietan, eta entitateek lortzen dituzten euskararen erabileraren inguruko ziurtagiri, zigilu, aitorpen eta abarretan bost puntuko igoera erdiestea da planaren xedea.

Helburu nagusi horiez gain, “helburu estrategikoak” ere finkatu ditu Jaurlaritzak, helburu nagusiak lortzeko bide eta iparrorratz gisa. Orotara, sei helburu estrategiko aipatzen dira planean: hizkuntza paisaian eta ingurune digitalean eragitea, euskara zerbitzu hizkuntza bilakatzea, langileen euskara gaitasuna hobetzea, gizartearen aktibazioa lortzea, enpresetan euskararentzat arnasgune gehiago sortzeko aukerak zabaltzea eta akordioak lortzea.

Eskualde estrategikoak

Plana Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jarriko da indarrean, baina “euskara lan munduan sustatzeko estrategikoak” izan daitezkeen bi eskualde multzo zehaztu dira: alde batetik, EAEko hiru hiriburuen eskualdeak –Bilbo Handia, Donostialdea eta Gasteizko ingurunea– eta Behe Bidasoa, eta beste aldetik Bizkaiko Durangaldea eta Gipuzkoako Deba eta Oria ibaien arroak –Debabarrena, Debagoiena, Tolosaldea eta Goierri–. Euskaldun kopurua, industriak eta zerbitzuen sektoreak duten pisua, EAEko enpleguan eskualde horiek duten garrantzia eta beste zenbait faktore hartu dituzte aintzat zona horiek estrategikotzat jotzeko.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua azaldu da Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekarekin batera planaren berri emateko. Esan duenez, euskarak “hainbat esparru” irabazi ditu azken hamarkadetan, “baina beste batzuetan oraindik ere pausoak behar dira. Lan mundua horietako bat da: bide luzea daukagu egiteko arlo horretan eta, era berean, arlo estrategikoa da”.

Zupiriaren esanetan, abagune egokia da oraingoa munta horretako lantegiari ekiteko: “Lehen gertatzen ez ziren baldintzak ditugu euskara lanaren munduan indartzeko. Lan mundura heltzen ari diren belaunaldi berriek inoiz baino gaitasun handiagoa daukate zereginak euskaraz egiteko. Baina bidea erraztu behar zaie, eta lehen aldiz plan zehatz bat daukagu horretarako”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.