Euskal Presoak

Patxi Ruiz euskal presoak ebakiak egin ditu besoan, protesta gisa

Murtzia II espetxeko funtzionario batek euskal presoekin eta preso arabiarrekin duen jarrera salatzeko protesta ekintza bat izan da, AEMk jakinarazi duenez.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak joan den azaroan Bilbon egindako manifestazioa. ARITZ LOIOLA / FOKU
Edurne Begiristain.
2020ko urtarrilaren 1a
15:46
Entzun

AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak ohar batean jakinarazi duenez, Patxi Ruiz Iruñeko Txantrea auzoko euskal presoak protesta ekintza bat egin du Murtzia II kartzelan (Espainia). Zehazki,  besoan ebakiak egin ditu objektu zorrotz batekin funtzionario batek hainbat presorekin duen jarrera salatzeko. AEMk adierazi duenez, kartzelako funtzionario batek euskal presoekin eta preso arabiarrekin «jarrera erasokorra» izaten duelako egin du protesta Ruizek. Besoari egin dizkion zauriak sendatzeko, erizaindegira eraman behar izan dute euskal presoa, eta hamabi grapa jarri dizkiote.

AEMk oharrean azaldu duenez, kartzelako funtzionario hori «etengabe jazarri» egiten zaie euskal presoei eta preso arabiarrei, «mehatxuak» eginez. Bere ordutegi eta ohiturak presoei inposatzen dizkie, eta betetzen ez dituztenei «mehatxu» egiten die, oharrak dioenez. Funtzionarioak jarrera «arrazistak eta faxistak» ditu, eta hainbat preso arabiar jo izan ditu, AEMren arabera. Hori ikusita, «protesta politikoa» egitea erabaki du Ruizek. Presoak argi utzi nahi izan du ez dela bere buruaz beste egiten saiatu, eta bere ekintza ez dela depresio batek edota etsipenak bultzatua izan: «Borroka egiteko beste modu bat izan da».

Mugimenduak gogoratu du ez dela lehen aldia euskal presoek euren buruei zauriak eragiten dizkietela protesta «gogorrak» egiteko, eta babes osoa agertu dio euskal presoari espetxean bizi duen «egoera gordinagatik». Era berean, salatu du Murtzia II espetxeko zuzendaritzak eta, oro har, Espainiako Espetxe Erakundeetako arduradunek babestu egiten dituztela gisa horretako funtzionario «militante faxistak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.