Pedro Sanchezen inbestidura

Ustekaberik gabe, inbestiduraren lehen etapa erre du Pedro Sanchezek

Asteartean egingo dute bigarren bozketa, eta, gidoia jarraituz gero, PSOEko hautagaia presidente hautatuko dute gehiengo sinplez.

Sanchez, gaurko bozketa amaitu berritan. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE
Edu Lartzanguren.
2020ko urtarrilaren 5a
01:23
Entzun

Madrilgo Kongresuan 349 diputatuk eman dute botoa, eta, espero bezala, 166 Pedro Sanchez Espainiako gobernuko presidente izendatzearen alde agertu dira —EAJkoak tartean—, eta 165, kontra. Hemezortzi abstentzio egon dira, tartean EH Bilduko ordezkarienak. En Comu Podemeko diputatu batek huts egin du bozketan, Aina Vidal Saezek, gaur bertan jakinarazi duenez minbizia atzeman diotelako eta tratamenduan dagoelako; astearteko bozketan ez duela hutsik egingo ere adierazi du.

Aurreneko bozketa hori irabazteko, gehiengo absolutua behar zuen Sanchezek, hau da, 176 diputaturen baiezkoak. Hori lortu ez duenez, bigarren saioa egingo dute astearte eguerdian. Horretan, eta, ustekaberik ezean, Sanchez inbestitu egingo dute, gehiengo sinplez.

[Klikatu grafikoan, xehetasunak ikusteko]

Azkeneko aste honetan ERCren eta EH Bilduren abstentzioak lortu ditu Sanchezek, eta EAJrekin, Teruel Existerekin eta BNGrekin baiezkoa hitzartu du, zeini bere eskariak emanez. Eta Unidas Podemosekin hitzartu duen gobernu programa eta gobernuaren osaketa bera ere aurkeztu ditu egunotan.

Sanchezen inbestidurak aurrera egingo du, beraz, ezer okertzen ez bada; baina alde hain justuarekin (bi boto bakarrik), ez du akatsetarako tarterik. Boto bakar baten gorabehera nahikoa izan daiteke Sanchezen hautaketa hankaz gora jartzeko. Astearteko bozketan diputaturen batek ez balu jarraituko alderdiak emandako irizpidea edo, deskuidu batean, parlamentuan egoterik izango ez balu, gauzak goitik behera aldatzeko arriskua egon daiteke. Horri egin zion erreferentzia Ines Arrimadas Ciudadanosekoak larunbateko saioan: PSOE inguruko «ausarten bat» eskatu zuen, botoa alda dezan.

Asteartean, bigarren bozketa

Diputatuak asterte eguerdian elkartuko dira berriro, bigarren bozketa egiteko. Sanchez presidentegaiak hamar minutu edukiko ditu babes eske azkeneko hitzak egiteko. Hortik aurrera, gainerako alderdiek bosna minutu edukiko dituzte beren hitzaldietarako.

Gehiengo soilarekin aski izango du Sanchezek presidente aukeratua izateko. Alegia, aldeko boto gehiago beharko ditu, kontrakoak baino; boto bakar bat gehiago ateratzea ere aski luke. Baina horretarako ere justu ibiliko da PSOEren hautagaia.

Ezustekoren bat gertatuko balitz eta urtarrilaren 7ko bozketan gehiengo soilik lortuko ez balu, 60 eguneko epe bat irekiko litzateke. PSOEk eta Unidas Podemosek bi hilabeteko tartea izango lukete, beraz, bigarren inbestidura ekinaldi bat lotzeko. Kasu horretan, gutxi gorabehera, martxoaren 5era arteko epea edukiko lukete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.