U-30 greba orokorra

«Erasora jo» eta «estutzeko» greba orokor bat

ELA, LAB, STEILAS, ESK, HIRU, ETXALDE eta EHNE sindikatuek urtarrilaren 30eko greba orokorrerako deialdia erregistratu dute Jaurlaritzan, eta egun greba egiteko «are arrazoi gehiago» daudela aldarrikatu dute

Euskal Herriko Gutun Sozialak Jaurlaritzaren aurrekontuak salatzeko eginiko ekitaldia. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko urtarrilaren 9a
12:40
Entzun

Deialdia ofiziala da dagoeneko: ELA, LAB, STEILAS, ESK, HIRU, ETXALDE eta EHNE sindikatuek ofizialki erregistratu dute urtarrilaren 30erako greba deialdia, Eusko Jaurlaritzak Bilboko Kale Nagusian duen egoitzan. Horrenbestez, pauso burokratiko guztiak emanak daude mobilizazioa bideratzeko. Sindikatuen ustez, gainera, egun deialdia jakinarazi zenean baino "are arrazoi gehiago daude" greba egiteko. Onarturiko Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuak, Nafarroako Gobernukoaren proiektuari buruz jakin dena eta PSOE eta Podemos alderdiek Espainiako Gobernuek akordioek ez diete erantzunik eman Euskal Herriko Gutun Soziala deialdia egitera eraman dituen arrazoiei. Era berean, gogoratu dute Ipar Euskal Herriko langileek hilabetetik gora daramatela pentsio duinen aldeko «borrokan», eta horrek are garbiago erakusten duela Euskal Herriak pentsio sistema propioa behar duela.

Sindikatuek bat egin dute eskaera aurkezteko, eta, Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, «erasora jotzeko» eginiko deialdi bat da, «lan guztien aitortza sozial eta politikoa egiteko, zaintza lanak barne». Aranburuk urte hasiera honetan lan istripuetan hildakoak hartu ditu gogoan grebarako arrazoiak aipatzean:  «Bizitza duinaren aldeko greba bat erregistratzera gatoz, eta gogoratu behar da urteak dituen bederatzi egunetan sei langile hil direla dagoeneko lan istripuetan. XXI. mendean gaude, eta oraindik lanera joateak gaixotzea edo hiltzea esan nahi du».  

Mitxel Lakuntza ELA idazkari nagusiak, bestalde, «kalean estutzeko» garaia dela nabarmendu du: «Patronala ez da erlaxatzen, eta guk ere estutu behar dugu. Pentsioei buruz hitz egiten bada, pentsiodunek kalean estutu dutelako da; berdintasunaz hitz egiten bada, mugimendu feminista kalean dagoelako da; eta, prekaritateaz hitz egiten bada, sindikatuak kalean gaudelako da». Era berean, Lakuntzak esan du greba honek balio behar duela prekaritatearen, pentsioen okertzearen eta eskubide sozialen urraketaren inguruan dagoen «isiltasuna» apurtzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.