Euskal presoak

Madrilen gobernu berria egonda, presoen egoera aldatzeko aukera ikusten du Sarek

Larunbatean espetxe politikaren aldaketa eskatzera deitu dituzte herritarrak. Bilboko manifestazioa baino lehen, mahai inguru bat eta 'Emakumea, espetxea, gatazkak, elkarbizitza eta bakea' ekitaldia egingo dituzte. Baionan, berriz, hirurogei hautetsik baino gehiagok sostengatu dute martxa. Puigdemontek elkartasuna adierazi dio Sareri.

Begoña Atxa eta Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileak, gaur Bilbon egindako agerraldian. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2020ko urtarrilaren 9a
20:24
Entzun

Larunbatean Bilbon eta Baionan euskal presoen eskubideen alde izango den manifestazioaren aurretik, azken prentsaurrekoa egin du gaur Sarek; informazio teknikoa emateko aprobetxatu ohi dute agerraldi hori, baina oraingoan, Madrilera begira mintzatu dira Begoña Atxa eta Joseba Azkarraga bozeramaileak. Pedro Sanchezek Espainiako Gobernuko presidente kargua hartu eta biharamunean, «itxaropena» agertu dute Sareko kideek, presoen egoera aldatuko delakoan: «Hala behar luke, behinik behin. Orain da unea; izan ere, orain ez bada, noiz?».

Sarek azaldu duenez, bi aldagaik elikatu dute itxaropen hori. Batetik, PSOEk eta Unidas Podemosek egin izan dituzten adierazpenek: «Gobernu berria osatu duten bi alderdiek, Euskal Herrian duten ordezkaritzaren bitartez, behin eta berriro erakutsi dute espetxe politika hau aldatzeko borondatea azken urtean onartu diren hainbat adierazpenetan». Bestetik, Sanchez babestu duten indar politikoen pisuak, batez ere euskal herritarrenak eta katalanenak: «Gobernuaren aldeko botoa eman duten edo abstentzioaren bidez ahalbidetu duten alderdiak gehituz gero, elkarbizitzaren eta bakearen zein espetxe politika aldatzearen aldeko indarren batuketaren aurrean gaude. Badago aurrerapauso positiboak emateko aukera».

Atxak eta Azkarragak gogora ekarri dute urte eta erdi bete dela ETA desegin zenetik, eta euskal politikan «akordio sendoak» lortu direla espetxe politika aldatzeari begira. Hala, Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten alderdiei berriz galdegin diete euren botoa erabiltzea auzia «agendan txertatzeko». «Eraman diezaiogun aldaketa nahi hau gobernu berriari. Urteetako minari amaiera emateko ordua da; ahanzturarik gabe, baina gorrotorik gabe, aurrera egiteko ordua da».

Ekitaldi bereziak Bilbon

Era berean, Atera bidera, orain presoak lelopean larunbatean egingo dituzten mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Bilbon, ohi baino lehenago abiatuko da manifestazioa Casillatik: 17:00etan. Horren aurretik, halere, Emakumea, espetxea, gatazkak, elkarbizitza eta bakea izeneko ekitaldia antolatu dute, Silken hotelean; 15:30ean hasiko da. Goizean, berriz, mahai inguru bat egingo dute, Eskubideak eta askatasunak izenburupean; Antoni Bassas kazetaria, Pili Kaltzada kazetaria eta Javier Sadaba filosofoa arituko dira hizlari, 11:15etik aurrera, La Bolsa aretoan.

Baionan, goizago izango da martxa: 15:00etan aterako da, Laugatik. Bake Bideak gogora ekarri du Frantziako Gobernuarekin irekitako elkarrizketa prozesua blokeatua duela Ministerio Publikoak, eta jarrera hori larunbatean salatzera deitu du. Azken asteotan jaso dituzten atxikimenduen berri ere eman du: hirurogei hautetsi baino izango dira Baionako manifestazioan; besteak beste, Jean Rene Etxegarai Baionako auzapeza eta Euskal Elkargoko lehendakaria, edo Max Brisson Pirinio Atlantikoetako senataria. Bizik eta Ipar Euskal Herriko EAJk ere sostengua adierazi diote deialdiari.

Bilborako manifestazioan ere iazko ordezkaritza politiko, sozial eta sindikal bera espero dute antolatzaileek. Oraingoz, protestara joateko deia egin dute ELA, LAB, Steilas eta ESK sindikatuek eta EH Bilduk, besteak beste.  

Legelarien eskaera Frantziako Justiziari

Hainbat legelarik, Le Monde egunkarian argitaratu duten iritzi artikulu batean, «gizatasunez» jokatzeko eskatu diote Frantziako Justiziari, Jakes Esnalen, Frederic Haranburu Xistor-en eta Jon Kepa Paroten kasuan. Maritxu Paulus Basurko eta Xantiana Cachenaut EPPK-ko presoen abokatuek, Serge Portelli ohorezko magistratu eta abokatuak, Philippe Texier Parisko Kasazio Auzitegiko ohorezko kontseilariak eta Michel Tubiana abokatu eta LDH Giza Eskubideen Ligako ohorezko presidente ohiak sinatu dute idatzia. Salatu dute Parisko Dei Auzitegiak ez duela hiru presoen zigorraren egokitzapenik onartzen, baldintzapean askatzeko eskaerak behin baino gehiagotan egin badituzte ere. «Jurisdikzio horrek ez du kontuan hartzen Euskal Herriaren garapen historikoa». Iazko maiatzean Macronek Miarritzen egindako hitzak gogora ekarrita, Euskal Herrian bakea ezartzeko bidean «azken urrats» hori gainditzeko eskatu dute.

Puigdemonten elkartasuna

Larunbatean egingo diren manifestazioen aurretik, Kataluniako presidente kargugabetu Carles Puigdemontek elkartasuna adierazi dio Sare Herritarrari, "euskal presoak urruntzeko politika amaitze aldera" egiten duen lanagatik. Euskaraz bidali du mezua Puigdemontek, sare sozialen bidez: "Babesa eta elkartasuna adierazi nahi diot Sare Herritarra mugimenduari, Euskal presoen urruntze politika amaitzeko egiten duen lanagatik".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.