Bigarren etapara pasatzeko beharra azpimarratu dute Baionan

10.000 pertsona elkartu dira, antolatzaileen arabera. Parisekin izandako bi urteko elkarrizketen ondotik, helburua urrun dela gogorarazi diote, eta presoak etxeratzeko eskatu dute, Unai eta Ion Kepa Parot, Jakes Esnal eta Frederic Haranbururen egoerak nabarmenduta.

Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko urtarrilaren 11
20:16
Entzun

Milaka pertsona elkartu dira Baionan Ez dadila historia errepikatu. Orain presoak lelopean gaur arratsaldean egin duten manifestazioan. Joaldunen eta traktoreen ondotik, euskal presoen senideak joan dira, eta, gibelean, Ipar Euskal Herriko hautetsi talde zabala. Han ziren, besteak beste, Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria, Max Brisson (LR) eta Frederique Espagnac (PS) Pirinio Atlantikoetako senatariak, Vincent Bru Modemeko diputatua, Akitania Berria eskualdeko eta Pirinio Atlantikoak departamenduko hautetsi andana, eta Ipar Euskal Herriko auzapez eta hautetsi andana. Gazte talde batek eraman du pankarta nagusia: «Lehengo belaunaldiek bezala, borroka segitu nahi dugu. Ez dugu oraindik konponbiderik ukan. Parisek gure mezua entzun behar du, aitzinera joateko», azaldu du Zibel Dameztoi dantzariak.

«Euskal presoak etxera!» oihuen artean egin dute Baionako Lauga gelatik Errepublika plazarainoko ibilbidea. Bertan, Anaiz Funosas Bake Bideko presidenteak eta Mixel Berhokoirigoin bakegileak hartu dute hitza. Adierazi dute Parisekin izandako bi urteko elkarrizketen ondotik salbuespen neurriak «kasik bukatuak» direla, eta horrek ez duela eragin Frantziaren eta Espainiaren arteko «haustura diplomatikorik». «Historiaren zentzuan doanak, sosegatzearen eta jendartearen gehiengoaren nahiaren zentzuan doanak, bake prozesua elikatu besterik ez du egiten», adierazi dute. Orain arteko blokeoak gainditu dituzten gisa berean oraingoak ere gaindituko dituztela adierazi dute. Hain zuzen ere, etapa baten bukaerara iritsi direla iritzi diote, baina deitoratu dute beren solaskideek uste dutela prozesuaren bukaerara helduak direla . «Salbuespen neurrien eta bortizkeria politikoaren bukaera ez dira bake iraunkorrerako eta elkarbizitzarako baldintza bakarrak; guztiz beharrezkoak dira, baina ez dira bakarrak».

Hemendik aitzina beste etapa bat hasi behar dela erran dute, terrorismoaren kontrako Frantziako ministerio publikoa jomugan jarrita. Haren jarrera «lurralde oso batek exijitzen duen bakearen kontrakoa da», salatu dute. «Euskal Herriko testuinguru politiko berria kontuan hartzen hasi diren epaileek baldintzapeko askatasunak onartu dituzte. Ez dugu ministerio publikoa gehiago ikusi nahi erabaki horiek kolokan ezartzen». Adierazi dute adi erreparatuko diotela Jakes Esnal euskal presoak baldintzapean aske geratzeko egin eskaerari, martxoaren 13an erabakiko baitute hari buruz. Hain zuzen ere, Esnal, Ion Kepa eta Unai Parot eta Frederic Haranburu Xistor presoen egoera izan dute hizpide. Frantziako presondegietan diren hirurek duela hamar urtetik dute baldintzapean ateratzea eskatzeko eskubidea, baina eskatu duten bakoitzean ukatu egin diete. «Pertsona horiek preso atxikitzea heriotza zigorrera kondenatzea da», salatu dute Funosasek eta Berhokoirigoinek. «Etxean eta bizirik nahi ditugu! eta horretarako borrokatuko gara».

Pedro Sanchez Espainiako presidente izendatu berriarentzat ere izan dute elerik, kartzela politika aldatzeko borondatea adierazi izan duela gogoratuta; «hitzetatik ekintzetara pasatzeko aukera irekia du». Emmanuel Macronek maiatzean Miarritzen errandakoak ere aipatu dituzte. «Ez ditugu hitz horiek pasatzen utziko, eta galdera bat ere egiten dugu: nola egiten da historia errepika ez dadin? 2020a hitz horiek ekintza bilakatzeko urtea izan beharko da».

Hartutako engaiamendua berretsiz bukatu nahi izan dute: bake prozesua elikatzea, presoen gaiari konponbide integral eta behin betikoa ematea, eta biktimei kalterik ez eragitea. «Iraganeko sufrimenduak ezin dira etorkizuneko traba izan. Biktimak errespetatzeko modu onena historia ez errepikatzeko egin behar den guztia egitea baita».

Justizia trantsizionala

Ipar Euskal Herriko hautetsi talde zabal batek babestu du gaurko mobilizazioa, eta, mobilizazio bukaeran, Kotte Ezenarro eta Maider Behotegi Euskal Elkargoko lehendakariordeek hartu dute hitza denen izenean. Orain arte eginiko urratsak azpimarratu dituzte, oraindik helburua «urrun« dela adierazita. «Kexu» agertu dira ministerio publikoaren jarreraren aitzinean, eta erran dute baldintzapean aske geratzeko eskaerak onartzeko erabiltzen dituen argudioekin «irain» egiten diola Euskal Herriko inteligentziari; Frantziako Gobernuari jarrera aldatzeko eskatu diote: «Lurraldearen bake borondateak mendeku izpiritua eta iraganean kokaturik gelditzeko tentazioa gainditu behar dute». Hautetsien hitzetan, presoak dauden artean ez da bake prozesu iraunkorrik izaten ahal.

Halaber, ohartarazi dute munduan zehar izan diren gatazken konponbiderako mekanismo guziek ahalbidetu dutela prozedura berritzaileen bidez presoen askatzea, eta adierazi dute Euskal Herrian ere gisa horretako neurriak behar direla. «Bigarren fase horrek preso guziei kartzela ez den beste perspektiba bat eskainiko die». Macronek hitzak gogora ekarri dituzte hautetsiek ere, berak erran bezala historia errepikatu ez dadin hitzetatik ekintzetara pasatzeko eskatuta.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.