Libia

Libia ekialdeko buruzagi militarrak uko egin dio su-etena sinatzeari

Soilik Tripoliko gobernuak onartu du Errusiak eta Turkiak bultzatutako menia. Zenbait iturriren arabera, borrokak hasi dituzte hiriburuaren hegoaldean.

Khalifa Haftar eta Erusiako Atzerri ministro Sergey Lavrov, atzo, Moskun. EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko urtarrilaren 14a
11:28
Entzun

Argi izpi bat piztu zen atzo Libian. Asteburuan Errusiak eta Turkiak bultzatutako behin-behineko su-etena onartu zuten Fayez al-Sarraj buru duen Batasun Nazionaleko Gobernuak eta Khalifa Haftar buruzagi militarrak. Hurrengo pausoa, menia iraunkor bat adostea, atzo zuten ematekoa, baina erdibidean geratu zen. Soilik Al-Sarrajek sinatu zuen hitzarmena, eta Haftarrek eta haren alde agertu izan den parlamentuak, zeinak Tobruk hirian duen egoitza —militarren kontrolpean dago—, denbora gehiago eskatu zuten testua aztertzeko.

Gaur, ordea, Errusiako iturriek jakinarazi dute Haftarrek Mosku utzi duela eta Libiara itzuli dela, akordioa sinatu gabe; atzo piztutako argi izpia itzali egin da horrela. «Ordezkarien Ganberako presidentea eta Libiako Armada Nazionaleko burua Errusiako hiriburutik irten dira konstituzioaren aurkakoa den Batasun Nazionaleko Gobernuarekin inolako akordiorik sinatu gabe", zehaztu du Libiako albiste agentzia batek. Haren arabera, buruzagi militarrak Errusia eta Turkiari egotzi die haien eskari nagusiei entzungor egitea.

Joan den apirilaz geroztik, Tripoli eskuratzeko ahaleginean ari dira militarrak. Urtarril hasieran Sirte hiriaren kontrola hartu zuten, eta azken asteetan hiriburura gerturatuz joan dira. Gaur bertan, hainbat lekukoren arabera, tiro eta artilleria hotsak entzun dira Tripoliko Sala al Deen eta Ain Zara auzoen kanpoaldean.

Facebookeko orrian idatzitako mezuan, Haftarrek iragarri du borrokan jarraituko dutela «garaipena eskuratu arte», Batasun Nazionaleko Gobernuaren aurka. Azken horrek, berriz, salatu du erasoak egin dituztela gauean, eta frankotiratzaile batek pertsona bat hil duela. «Iturri militarren arabera, Haftar miliziak biltzen eta hiriburuaren inguruan kokatzen ari da, erasoaldirako prestatzen».

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.