Azpiegiturak

Ur azpiko tunela diseinatzeko proiektua lizitaziora atera du Bizkaiko Diputazioak

Tunelaren ibilbidea zehaztu dute: 3,037 kilometro izango ditu; hiru aukeretatik luzeena izango da, baina ur azpitik distantzia laburrena duena. 337 eta 403 milioi euro arteko kostua izango du, eraikitze metodoaren arabera.

Rementeria eta Pradales, gaur, tunelaren ibilbidearen planoari begira.
Rementeria eta Pradales, gaur, tunelaren ibilbidearen planoari begira. Bizkaiko Foru Aldundia Tamaina handiagoan ikusi

Maite Asensio Lozano -

2020ko urtarrilak 14

«Tunela martxan daukagu jada». Oraindik hiru urte inguru falta dira Bizkaiko Ezkerraldea eta Uribe Kosta lotuko dituen ur azpiko tunelaren obrak hasteko, baina egitasmoa errealitate bat dela azpimarratu du Bizkaiko Foru Aldundiak. Prentsaren aurrean agertu dira gaur Unai Rementeria ahaldun nagusia eta Imanol Pradales Azpiegituretarako diputatua, proiektua zertan den azaltzeko eta aurrera doala azpimarratzeko: tunela egiteko proiektuaren idazketa lizitaziora atera du gaur diputazioak, 10,5 milioi euroan eta 33 hilabeteko epearekin.

«Diseinu guztia ondo zehaztea» izango da egitasmo horren egitekoa, baina badu oinarri bat. Izan ere, aldundiak osatua du bideragarritasun txostena, eta, horretan oinarrituta, tunelaren ibilbidea zehaztu du. Hiru aukera zituzten, eta luzeena aukeratu dute: 3.037 metro izango du tunelak. Rementeriak nabarmendu du «erabaki teknikoa» izan dela, eta kontuan hartu dituztela lurzoru mota, egonkortasuna eta lurrazaleko espazioak. «Aukera seguruena da», esan du ahaldun nagusiak.

Hiru minutu inguru beharko dituzte ibilgailuek tunela gurutzatzeko: Artatzako biribilgunetik (Leioa) aterako da; lur azpitik Leioa eta Getxo arteko mugatik igaroko da; gero, Lamiakoko araztegi ingurutik; itsasadarra zeharkatuko du Sestaoko hegaleraino; eta Ballontiko biribilgunean (Portugalete) irtengo da azalera. Beste bi aukerak baino hego-ekialderago dago ibilbide hori, hain justu, itsasadarraren azpitik ahalik eta distantzia txikiena egiteko, Rementeriak nabarmendu duenez: «Arazo gutxiago ematen duten zoruetatik pasatzen da, eraikitako zoru gutxiago zeharkatzen du, edozein motatako eraikitze teknika erabili daiteke, eta, batez ere, ur eremu txikiena zeharkatzen du, beste bi bideen erdia baino gutxiago».

Hori guztia nola gauzatu zehaztu beharko du eraikuntza proiektuak. Azterlan geoteknikoetan 200 zundaketa baino gehiago egin dituzte, baina Pradalesek ohartarazi du zorupeari buruzko informazio gehiago beharko dutela. «Lur bigunak ditugu, ur askokoak, batez ere Lamiako inguruan». Horren arabera erabakiko dute tunela egiteko zer metodo erabili, eta horrek ezarriko du obraren kostuaren zenbatekoa: 337 eta 403 milioi euro artekoa izango dela argitu du Rementeriak —lehen kalkuluetan, 380 milioitan jarri zuen zenbatekoa—.

«Bizkaian inoiz egingo den obrarik esanguratsuena izango da, ingeniaritzaren arloko erronka bat», berretsi du ahaldun nagusiak. Gogora ekarri du «Bilboren benetako saihesbidea osatuko» duela azpiegitura berriak, eta helburu duela Artatzako errepideko, Arrondegi zubiko eta A-8aren Max Center alboko tarteko auto ilarak murriztea. Aldundiaren kalkuluen arabera, egunero 51.000 ibilgailuk erabiliko dute tunela; 2027-2028rako ireki nahi dute. 

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Vladimir Putin, Errusiako presidentea, artxiboko irudi batean. ©ALEXEI DRUZHININ / KREMLIN POOL / EFE

Errusiak COVID-19aren aurkako lehen txertoa erregistratu du

Munia El Marhoum Iruretagoiena

Vladimir Putin Errusiako presidenteak adierazi du «immunitate egonkorra» lortzea ahalbidetzen duela.

Santos Indurain kontseilaria prentaurreko batean, artxiboko irudian. ©Jesus Diges/EFE

59 kasu atzeman dituzte Nafarroan

Berria

Pertsona bat hil da azken orduetan Tuterako osasun eremuan. Nafarroako Gobernuak ez ditu neurri orokorrak ezarriko momentuz.

Nafarroako osasun langileak PCR probak egiteko prest, artxiboko irudi batean. ©Jagoba Manterola/FOKU

Oldarraldi bat atzeman dute Murillo el Fruto eta Zarrakaztelu inguruan

Berria

25 bat positibo detektatu dituzte; gehienak sasoikako langileen artean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna