Auzitegiak

Urtarrilaren 30ean epaituko dute Peio Irigoien, Pauen

2018ko udazkenean epaitu zuten Baionan, Fijait-aren neurriak bete ez izana leporatuta, eta hamar hilabeteko epea eman zioten bere egoera erregulartzeko. Erabakiari dei egin zion euskal preso ohiak

2018ko udazkenean epaitu zuten Peio Irigoien Baioako auzitegian. ISABELLE MIQUELESTORENA
Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko urtarrilaren 15a
14:10
Entzun

Hutsetik abiatuko da Peio Irigoienen auzia. Fijait arau hauste terroristen egileen Frantziako fitxategi judizial automatizatuaren neurriak ez betetzeagatik errudun izendatu zuten 2018ko udazkenean, eta hamar hilabeteko epea eman zioten euskal preso oihari bere egoera erregulartzeko. Baionako auzitegiaren erabakiari dei egin zion berehala, eta ondorioz, epaiketa osoa berriz egin beharko dute Paueko Dei Auzitegian (Okzitania). Hilabete honen bukaeran izanen da.

Hamar hilabeteko epean bere egoera erregulartuta edo Fijait zerrendatik kentzea lortuta, zigorrik gabe geldituko zen Irigoien, baina hori ez zitzaien zuzena iruditu, Paulus Basurcok esplikatu zuenez. "Zigorrari begira epaitegiak aukera bat ireki bazigun ere, Peio Irigoien errudun izendatu zuten. Guk erraten duguna da Fijait fitxategia Frantziako Konstituzioaren kontrakoa dela, eta Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren kontra doala. Erabakiari dei egiten ez bagenion, gure argudiaketa baztertu, eta Fijaita onartzea zen, nolazpait. Borrokaren bidetik segitzea erabaki dugu", adierazi zuen.

Paueko Dei Auzitegian hastetik buru errepikatuko da epaiketa, ondorioz, Fijait-a konstituzioaren aurkakoa den azter dezan Kasazio Auzitegiari galdera egiteko eskatuko dute, berriz, Irigoienen abokatuek. Auzitegiak onartuko balu, Kasazioaren erabakia iritsi bitartean gibelatuko litzateke auzia; bestela, aferaren muinean sartuko lirateke. 2018ko irailean, Baionako auzitegiak ez zuen onartu Kasazio Auzitegiari galdera bidaltzea.

Fijait fitxategia

2015eko urtarrilean Charlie Hebdo aldizkariaren kontra izandako atentatuen ondotik egin zuten zerbitzu sekretuen legean onartu zuen Frantziako Asanbleak Fijaiten sorrera, eta 2016ko udazkenean salatu zuten euskal presoak eta preso ohiak fitxategian sartzen zituztela ohartarazteko jakinarazpenak jasotzen hasi zirela. Irigoienen kontrako epaiketan, bi lekukotasun eman zituzten. Eñaut Aramendirena lehenik: urte oso batez pairatu zituen kontrol neurri zorrotzak. Astean behin baino gehiagotan joaten da Hego Euskal Herrira: «Hamabost egun lehenago abisatu behar da Frantziako mugetatik aterako garela. Nire kasuan, ezinezkoa zen. Ardura zuen poliziarekin posta elektronikoz komunikatzea erabaki genuen, bientzat errazagoa baitzen». Urte bat geroago, eta neurriak kenduta, polizia horren karta atxikitzen zuen oraindik, edozer gerta; «orain ohartzen naiz niregan izan duen eragin psikologikoaz», adierazi zuen.

Xavier Crettiez Versaillesko unibertsitateko irakasleak ere eman zuen lekukotasuna Baionako auzitegian; «terrorismo» islamiarra eta nazio askapenerako jarduera armatuak, biak ikertu izan ditu. Oroitarazi zuen Euskal Herrian bide armatuak baztertu dituztela eta ez dela itzultzeko aukerarik. «Ez dute batak bestearekin zerikusirik; alta, Fijait fitxategiak parekatzen ditu», deitoratu zuen. Jose Ramon Arano euskal preso ohiaren kasua aipatu zuen: jendarmeriara jakinarazpenaren bila joan zenean, «erradikalizazio islamiko» baten arriskua zuela erran zioten. Prokuradorearen arabera, ETAk jarduera armatua utzi badu ere, higiezinen espekulazioaren kontrako ekintzak oraindik gertatzen dira, eta, beraz, justifikatua da Irigoien Fijait fitxategian sartzea, ekintza horiegatik kondenatu baitzuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.