Euskal presoak

Sarek bilera bat eskatu dio Fernandezi, haren proposamena sakon ezagutzeko

Idoia Mendiak adierazi du hedabideen bitartez jaso duela Jaurlaritzako Bizikidetza idazkari nagusiaren berria. Arnaldo Otegiren esanetan, «erabaki politiko» baten ondorioz bukatu behar da euskal presoen urruntzea.

Mendiak goizean adierazi du ez zuela Fernandezen proposamenaren berri. LUIS TEJIDO / EFE
enekoitz esnaola
2020ko urtarrilaren 16a
10:23
Entzun

Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bizikidetza idazkari nagusiak proposamen bat iragarri du euskal presoak Euskal Herriratzeari eta hurbiltzeari buruz, eta hautsak harrotu ditu horrek. Sare euskal presoen eskubideen aldeko plataformak ohar baten bidez esan du ez zuela Lehendakaritzaren proposamenaren berri, eta Jonan Fernandezi bilera bat eskatu diola. «Gaur egungo espetxe politikari amaiera emateko, adostasun zabalak lortu dira herri honetako gehiengo politiko, sindikal eta sozialaren artean, eta, gure ustez, horrek izan behar du oinarria proposatutako helburuak lortu nahi baditugu». Era berean, ordea, Sarek dio diskrezioa izan beharko dela.

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusi eta legebiltzarkideak prentsaurreko batean esan du hedabideen bitartez izan duela Fernandezen asmoaren berri. «Argi eta garbi, Jonan Fernandezen proposamen pertsonal bat da; Jaurlaritzaren gobernu kontseiluak ez du proposamenaren berririk, inola ere, eta PSE-EEk ere ez». EAJ eta PSE elkarrekin daude Jaurlaritzan 2016 bukaeratik, eta gobernu programan jasoa dute bestelako espetxe politika baten eskaera.

Mendiak azaldu du proposamena jasotzen dutenean aztertu eta iritzia emango dutela. Dena dela, nabarmendu du euskal presoen gerturatzeak banan banakoa izan behar duela, eragindako mina aitortu behar dutela, eta beharrezkoa dela instituzioek adostasuna lortzea ETAren biktimen elkarteekin. Haren arabera, politika horri jarraitu dio Sanchezen gobernuak, PSOE 2018ko ekainean Moncloara heldu zenetik.

Josu Erkoreka Jaurlaritzako eledunak gogoratu du Iñigo Urkullu lehendakariak 2017an planteamendua azaldu ziola Mariano Rajoy Espainiako orduko gobernuburuari eta 2018an Pedro Sanchezi, Moncloara iristean. Urkulluk joan den urrian jakinarazi zuen hori, lehendakaritzak gatazkaren ondorioei buruzko dokumentu batzuk ezagutarazi zituenean, eta BERRIAk jaso zuen. Fernandezek atzo ETB1en iragarri zuen Espainiako gobernu berriari proposatuko diotela Espainian dauden 210 euskal presoak hego Euskal Herriko lau kartzelatara ekartzeko eta Dueso (Kantabria), Burgos eta Logroñokoetara gerturatzeko. «Planteamendua ez da berria», esan du Erkorekak, ETB1en. «Lehendakariak planteatu zion Rajoyri orain dela zazpi urte, eta Sanchezi ere jarri izan dio mahai gainean. Nahi izanez gero, gauzatu daiteke [espetxe politika]. Espainiako Gobernuak bere eskuetan du urrats hori egitea. Erabaki politiko bat besterik ez da behar. Mahai gainean espetxe politikaren eraginkortasuna eta presoen eta haien familien eskubideak daude. Horiek izan behar dira espetxe politikari dagokionez gidalerro nagusiak».

Aitor Esteban EAJren Espainiako Kongresuko bozeramaileak azaldu du bere alderdiaren Jaurlaritzak «beti» eskatu izan duela euskal presoak hurbiltzea, «nahiz eta eskakizuna beti ez den izan publikoa». Bizkaia Irratian egindako elkarrizketa batean adierazi du duela urte eta erditik PSOE Espainiako Gobernuaren dagoenetik «urrats txiki batzuk» izan direla, eta haren gobernuak «beste borondate bat» duela.

Otegiren kritika Fernandezen «formei»

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak Herri Irratiko elkarrizketa batean esan du bere taldea «eduki aldetik gertu» egon ahal dela Jaurlaritzaren proposamenetik, «urruntze politikak bukatu egin behar duelako eta kito», baina haren «formei» kritika egin die, esanez Jonan Fernandez Bizikidetza idazkari nagusiak ez duela hitz egin euskal presoekin eta haien senideekin, ezta ezker independentistarekin ere. «Beraz, zeinekin hitz egiten dute proiektu hauek egiten dituztenean?». Jarduteko modu hori «kezkagarria» dela iruditzen zaio. Otegiren hitzetan, gai «delikatua» da presoen auzia, «haien senideen artean espektatibak sortzen dituelako», eta uste du beste era batean jorratu behar dela; «diskrezioa eta seriotasuna» galdegin ditu. Ondorioz, «propaganda politikoa» egiteari uzteko eskatu dio Iñigo Urkulluren gobernuari, eta Fernandezi eskatu hark berak EH Bilduri eskatzen diona egiteko: «Gehiago egin, eta gutxiago hitz egin».

Otegik Espainiako gobernuburuari adierazi dio EH Bildu prest dagoela babesa emateko, betiere espetxe politika aldatzen badu; esan du bestela aurrean izango duela EH Bilduren talde parlamentarioa. «Euskal presoek berehala egon behar dute euskal kartzeletan, edo ingurukoetan. Erabaki politiko bat izan zen urruntzea, eta orain haren bukaera beste erabaki politiko batekin etorri beharko da. Urrundu egin zituzten, eta orain hona ekarri behar dira», adierazi du Herri Irratian. Nabarmendu du hurbiltzearen eskaera ez dela alderdi politiko batena; «herri agenda da». Gainera, joan den larunbatean Bilbon eta Baionan izandako manifestazioetako parte hartzea laudatu du.

«Salbuespen» legeak ez aplikatzeko eskatu du. «Espetxe politika arrunta da eskatzen duguna, normaltasunera eramatea». Hala, galdegin du, urruntzea amaitzea ez ezik, gaixorik diren presoak eta 70 urtetik gorakoak aske uztea. «Humanizazioaren lehen partea da hori, eta bigarrengo bat egon behar da: nola adostu denon artean plan eta bide orri bat presoak etxera itzul daitezen?».

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak ere Jaurlaritzaren moduak deitoratu ditu, txio batean: «Non gelditu da bai Urkulluk eta bai Jonan Fernandezek berak hainbestetan aldarrikaturiko diskrezioa? Propaganda gutxiago eta ekintza gehiago, mesedez».

Fernandezek kontzeptu aldaketa nabarmendu du

Jonan Fernandezek gaur Euskadi Irratian adierazi du Jaurlaritzak ez duela planteamendua aldatu. «Ez dugu inoiz iraganaren kritika hurbilketarekin lotu». Haren esanetan, «gizarteratzeko beharrezkoa» izango da presoak egindako minaz gogoeta kritikoa» egitea. Dena dela, berriro esan du kontzeptuan dagoela aldaketa; hau da, gizarteratzea egin aurretik presoak Euskal Herriratu edo hurbildu behar direla; izan ere, aipatu du hainbat ikerketak erakutsi duela urruntzeak ez duela lagundu gizarteratzean. «Gu proposatzen ari garenak ez du diferentziarik Frantziako Gobernuak egin duenarekin; berdin-berdina da, eta Frantziako Gobernuak biktimen elkarteen onespenarekin hurbildu ditu preso gehienak».

Jaurlaritzako Bizikidetza idazkari nagusiak iragarri du «datozen egunetan» elkartuko dela Espainiako Gobernuko ordezkariekin. Haren esanetan, «etengabeko komunikazioa» dute Moncloarekin eta Espetxeetako Zuzendaritzarekin. «Normala da proposamenak trukatzea».

PP, baldintza eske; EP, ez

Carmelo Barrio EAEko PPko legebiltzarkideak PSEri eskatu dio «ahal den argien baztertzeko» Fernandezek iragarritako proposamena. PPko eledunak esan du justiziarekin kolaboratu gabe eta 300 hilketa argitzeke ezin direla euskal presoak gerturatu. Proposamena «oso larria, kezkagarria eta tamalgarria» da, haren iritziz.

Lander Martinez EAEko Ahal Dugu-ko idazkari nagusi eta Elkarrekin Podemosen parlamentariak esan du euskal presoek «eragindako min injustuaz autokritika» egin behar dutela, baina zehaztu du hori ez zaiela baldintza gisa ezarri behar Euskal Herrira ekartzeko edo inguratzeko. Uste du hurbilketa «gizatasun kontua» dela, presoek azken batean kondena etxetik hurbilen duten kartzela batean bete dezaten.

Etxerat eta Covite

Urtzi Errazkin Etxerat elkarteko eledunak Euskadi Irratian ontzat jo du Jaurlaritzak euskal presoak gerturatzea proposatzea, urruntzearen amaierak «mesede egiten baitio euskal gizarteari, elkarbizitzarako pausoa baita».

Covite elkarteak Twitterren adierazi du Espainiako Estatuak, presoak gerturatzeko, «terrorismoaren errefusean oinarritutako gutxieneko zoru etikoa» ezarri behar duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.