Politika

Foro Sozial Iraunkorrak emakume torturatuen erreparazioa aztertuko du ikuspegi feminista batetik

Amaia Andrieu, Marina Sagastizabal eta Olatz Dañobeitia mahai inguru batean izango dira asteazken honetan, Gasteizen.

Sandra Barrenetxea torturatzea egotzita absolbitutako guardia zibilen inpunitatea salatzeko mobilizazioa, Bilbon. MONIKA DEL VALLE/ FOKU
Edurne Begiristain.
2020ko urtarrilaren 20a
13:50
Entzun

Torturak pairatu dituzten emakumeen erreparazio prozesuak genero ikuspegi batetik aztertzeko asmoz, Foro Sozial Iraunkorrak mahai inguru bat egingo du asteazkenen honetan Gasteizen. Torturaren ostean berreraiki: tresnak eta esperientziak feminismotik izenburupean egingo du topaketa, Europako Biltzar Jauregian, 19:00etan. Foro Sozialak helburu argi batekin antolatu du mahai ingurua: genero ikuspegi batetik ikusarazteko zer tresna diren lagungarri torturaren biktimek egiten duten erreparazio prozesuetan, bai eta horien inguruan sentsibilizatzea ere. Hiru emakumek parte hartuko dute mahai inguruan: Amaia Andrieuk, Marina Sagastizabalek eta Olatz Dañobeitiak. Eztabaidaren gidari lanetan, berriz, Aitziber Perez de Karkamo kazetaria arituko da. Torturen ondorioei aurre egin dieten emakumeen esperientzietatik abiatuta, mahaiaren gainean jarriko dituzte norberaren «prozesu pertsonal eta kolektibo erresilienteak», eta baita prozesu horietan feminismoak izan duen eragina ere. Horrez gain, torturaren errealitatea «ikuspegi kritiko eta feminista» batetik aztertuko dute.

Ez da lehen aldia Foro Sozial Iraunkorrak emakume torturatuen auzia aztertzen duena, baina oraingoan bere asmoa ez da torturen lekukotzak ematea, baizik eta emakume horiek egiten dituzten «erreparazio prozesu pertsonal eta kolektiboak» ezagutzea eta prozesu horietan lagungarri izan diren tresnak eta esperientziak gizarteratzea. Gogoeta prozesu baten ondoren, Foro Sozial Iraunkorrak erabaki du hemendik aurrera ez duela fokua jarriko torturatuen lekukotzetan, baizik biktima horiek jaso beharreko erreparazioan. Horiek hala, etzi egingo den mahai nguruaren bitartez Euskal Herriko bizikidetza prozesuari buruz emakume horiek duten iritzia ezagutu nahi du Foro Sozialak, torturaren biktimek gaur egun duten zereginaz, beharraz eta ekarpenaz eztabaidatzeko.

Torturatu gehienek aitortzarik ez
Torturen auzian lan handia dago egiteko oraindik, Foro Sozial Iraunkorrak ohar batean azpimarratu duenez. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gutxienez 3.415 lagunek pairatu dituzte torturak, Jaurlaritzaren txosten baten datuen arabera, baina horietako gehienek aitortzarik gabe jarraitzen dute. Foro Sozial Iraunkorrak uste du euskal gatazkan izan diren giza eskubideen urraketa guztiak «modu ofizialean» erreparatu eta aitortu behar direla, baita torturatuenak ere. Ofizialki gutxi dira torturaren biktima gisa aitortuak izan diren pertsonak, eta Foro Sozialak uste du horregatik dela garrantzitsua  biktima horientzat  «erreparazio sozial eta erresilientea» helburu duten prozesu ez-ofizialak abiatzea. Helburu horixe du, hain justu, asteazken honetarako Gasteizen antolatu duen mahai inguruak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.