Ekintzailetza

Araban lehiaketa eta topaketa bidez sustatuko dute ekintzailetza

Araba Ekinean egitasmoak proiektu eta negozio berritzaileen sorkuntza bultzatuko du. Aurten, planetaren erronkei aurre egiten lagunduko dieten ideietan jarriko dute arreta berezia.

Egitasmoaren aurkezpena, gaur goizean. JUANAN RUIZ, FOKU
aitor biain
2020ko urtarrilaren 20a
15:22
Entzun

Araba Ekinean egitasmoak ekintzailetza sustatzea du helburu. Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Vital Fundazioak elkarlanean antolatzen dute, eta aurten ere lehiaketa eta topaketa bidez bultzatuko dute proiektu eta negozio berritzaileen sorkuntza. Oraingoan, planetaren erronkei aurre egingo dieten ideietan jarriko dute arreta bereziki. Moonshot-ak ekintzailetzarako leloa aukeratu dute horretarako; hau da, ilargira iristea kasu, asmo eta erronka konplexuei erantzuteko ideia berritzaileetan azpimarra egiteko.

Gaur goizean, egitasmoaren antolatzaileek urtean zehar antolatuko dituzten ekintzen berri eman dute. Bertan izan dira Pilar Garcia de Salazar Arabako Foru Aldundiko ahaldunorde nagusia, Maider Etxebarria Gasteizko Udaleko Garapen Ekonomiko Iraunkorraren saileko zinegotzia, Aitor Urzelai Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Informazio Garapenaren zuzendaria eta Axier Urresti Vital Fundazioko zuzendaria.

Ideia lehiaketa martxan da dagoeneko, eta martxoaren 13a bitarte izango da proposamenak aurkezteko aukera. Iaz, 55 proposamen aurkeztu zituzten. Irabazleen artean guztira 10.000 euro baino gehiago banatuko dira sarien bitartez. Apirilean 2an egingo duten Ekin Day jardunaldian jakinaraziko dute zer proiektuk irabazi duten. «Urtero bezala, sariketa honen helburua da Araban ekintzailetzarako dagoen talentua bistaratzea eta arabarren ekintzailetzarako bokazioa motibatu eta elikatzea», azaldu du Garcia de Salazarrek.

Halaber, egun hori ekintzaileen arteko topaketa bat egiteko baliatuko dute. Urtean zehar beste hainbat topaketa ere egingo dira, nolanahi ere; Ekin Breakfast izena jarri diete topaketa horiei, eta Araba osoan egingo dituzte, tokian tokiko erronkak ardatz hartuta.

Horrez gain, Startup Europe Week egitasmoa ere egingo dute aurten, ekintzaileei beren negozio ideiak bultzatu eta garatzen laguntzeko. Egitasmoa Europako Batzordeak bultzatua da, eta bosgarren aldia du aurten Araban. Martxoan egingo dute, Europa Jauregian. «Jardunaldian ekintzaileentzako eskura dauden tresna eta ekimenei buruz hitz egingo da,  baita talentuaren garrantziari buruz ere», adierazi du Urzelaik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.