Espetxe politika

Europarlamentuko 38 diputatuk espetxe politika aldatzeko eskatu diete Sanchezi eta Sassoliri

Espainiako Gobernuak egungo legea betearazi eta preso gaixoen askatasuna oinarri humanitarioen arabera aztertu behar dela esan diete Espainiako eta Europako Parlamentuko presidenteei. Idoia Mendiak dio euskal presoen gerturatzeak ez direla «blokean» egingo.

'Basque Friendship Group' taldeak prentsaurrekoa eman du. BERRIA
Irati Urdalleta Lete.
2020ko urtarrilaren 21a
08:52
Entzun

«Euskal Herriko egoeraz arduratuta gauden Europako Parlamentuko diputatu gisa, euskal presoek oraindik jasaten duten salbuespenezko egoera nabarmendu nahi dugu». Horrela hasten da Europako Parlamentuko 38 diputatuk Pedro Sanchez Espainiako presidenteari eta David Sassoli Europako Parlamentuko presidenteari igorritako eskutitza. Azaldu dute gaur egun 205 euskal presok betetzen dutela zigorra Espainiako espetxeetan, eta horietako gehienak (184) etxetik 250 eta 1.100 kilometro arteko distantziara daudela. «Egoera horrek presoen senideak zigortzen ditu, eta behar bezalako gizarteratzea eragozten».

Gogora ekarri dute Europako Parlamentuak 2017ko urriaren 5ean espetxeetako sistema eta baldintzen inguruan onartutako ebazpena, eta honela dio: «Estatu kide batzuek aplikatutako dispertsio politika gaitzesten da, presoen familientzako zigor gehigarria baita; etxetik urrun atxilotutako preso guztiak hurbiltzeko neurriak har daitezela eskatzen du».

Ildo horretatik, espetxe politika aldatzea «inoiz baino beharrezkoagoa» dela iruditzen zaie, Euskal Herrian «bidezko bake iraunkorra» lortzeko. Bide horretan, Europako Parlamentuak 2006ko urrian hartutako ebazpena azpimarratu dute. Bertan, Europako erakundeei «parte hartze aktiboa» eskatzen zaie «Euskal Autonomia Erkidegoko konponbide prozesua» sustatzeko eta laguntzeko.

Gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten hemeretzi presoengan ere jarri dute fokua: «Espainiako Gobernuak egungo legea betearazi behar du, eta beraien askatasuna oinarri humanitarioen arabera aztertu».

Aipatutako eskaera guztiek euskal gizartearen, alderdi politikoen, sindikatuen, gizarte zibilaren eta Eusko Jaurlaritzaren babes zabala daukatela ziurtatu dute, eta hori argi geratu zela urtarrilaren 11n Bilbon eta Baionan egindako manifestazioetan. «Milaka herritarrek euskal presoen aurkako sakabanaketa politika amaitzeko eta giza eskubideak errespetatzeko eskatu zuten».

Eskutitza sinatu dutenen artean daude, besteak beste, Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako, Korsikako, Irlandako, Esloveniako, Italiako, Alemaniako, Galesko, Portugalgo, Flandriako, Zipreko, Txekiar Errepublikako, Finlandiako, Greziako, Danimarkako eta Letoniako hainbat parlamentari.

Gatazka oraindik konpontzeko

Basque Friendship Group (BFG) taldeari babesa eman diote eskutitza sinatu duten 38 eurodiputatuetatik 21ek. Taldea sortu zeneko Euskal Herriko egoera eta egungoa alderatuta, Euskal Herrian gatazka konpontzeko garapena «oso positiboa» izan dela diote. «ETAren erabakia azpimarratu nahi dugu, 2018ko maiatzaren 3an Euskal Herrian bakea lortzeko funtsezko eta ezinbesteko urrats gisa», gaineratu dute. Aldi berean, ziurtatu dute euskal gatazka dela, mota bereko gatazkak kontuan hartuta, Europako Batasunean oraindik ere konpondu gabe dagoen bakarra. «Europako Batasuneko erakundeek prozesu hori babes dezakete, eta babestu behar dute», azpimarratu dute. Hala ere, salatu dutenez, EBk oraindik ez du konponbide prozesua «sustatu, lagundu edo erraztu».

Hori dela eta, nabarmendu dute BFGk lanean jarraituko duela: «Oraindik arrazoi eta motibazio berberak ditu bere lanarekin jarraitzeko. Euskal Herrian bidezko bake iraunkorra eraikitzeko lanean jarraitzeko konpromisoa dugu».

Gaur berreraiki dute BFG taldea, 2019ko maiatzaren 26ko hauteskundeen ondoren. Europako Parlamentuko bost talde parlamentariotako 21 kidek osatzen dute, eta esan dute horrek «indarra eta aniztasuna» ematen diela lana «modu eraginkorrean» egiteko. «Legegintzaldi honetan ere euskal presoen egoera aztertuko dugu, gai hori oraindik konpondu gabe baitago», nabarmendu dute.

Mendiak dio gerturatzeak ez direla «blokean» egingo

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak esan du «inola ere» ez direla «blokean» gerturatuko euskal presoak, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzak proposatu bezala. Jonan Fernandez Lehendakaritzako Bizikidetza idazkari nagusiak joan den astean ETB1en esan zuen Madrilgo gobernu berriari Espainian dauden 210 euskal presoak Euskal Herriratzeko eta gerturatzeko proposatuko diola. Mendiak orduan erantzun zuen Fernandezen «proposamen pertsonal bat» dela hori, eta gaur azaldu du hark «denbora asko» daramala «praktikoak ez diren» proposamenak egiten.

PSEko buruak dio banakako prozesua izan behar duela gerturatzeak, eta eragindako mina aitortu behar dutela presoek.

Euskal presoen gaian «legea betetzearen alde» azaldu da PSN.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.