Klima larrialdia

Trump eta Thunberg aurrez aurre jarri dira Davosen

«Hondamendiaren iragarleak» baztertzeko eskatu du AEBetako presidenteak. Agintarien «promesa hutsak» salatu ditu ekintzaileak.

Edu Lartzanguren.
2020ko urtarrilaren 21a
21:03
Entzun

Munduko Ekonomia Foroan klima larrialdiaz mintzatu da AEBetako presidente Donald Trump. Baikortasunaren aldeko mezua helarazi nahi izan du. «Geroaren aukerez baliatzeko, hondamendiaren betiko profetak baztertu behar ditugu, eta haien apokalipsi iragarpenak», esan die entzuleei. Horien artean zegoen Greta Thunberg klima larrialdiaren aurkako ekintzailea. «Jota ikusi nahi gaituzte», gaineratu du Trumpek. Lehen ere egin ditu Etxe Zuriko buruak klima larrialdia ukatzeko, edo garrantzia kentzeko adierazpenak.

Beste areto batean aritu da, gero, Thunberg gaztea. AEBko buruzagiari aipatu gabe erantzun dio: «Esaten duzue: 'haurrek ez dute zertaz kezkatu; utzi guri; guk konponduko dugu; ez izan horren ezkor'». Baina, hori esan eta gero neurririk ez dela hartzen salatu du. «Badirudi sinaturiko itunak inork beteko ez dituela ikusteak ez dituela boteretsuak batere kezkatzen». Hartu beharreko neurriak hartzen ari direla sinetsarazteko «itxura egitea» leporatu die munduko agintariei. Trump ez zegoen entzuleen artean.

Ingurumenaren estiloa

Klima aldaketaren ukatzaile, klima aldaketaren negazionista, klima krisi, klima larrialdi eta beste hainbat termino biltzen dituen ingurumenari buruzko hiztegia plazaratu berri du BERRIAk. Irekia da, eta edonork kontsulta dezake sarean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.