Kontu ekonomikoak

Ekonomia %2,2 hazi zen iaz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Urte osoan 15.000 enplegu sortu direla esan du Eustatek.

Industriaren suspertzea gertatu da azken hiruhilekoan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iker Aranburu.
2020ko urtarrilaren 24a
11:10
Entzun

Hazkunde ekonomikoa moteldu egin dela baieztatu dute Eustaten lehen datuek. Haren arabera, batez beste %2,2 handitu da barne produktu gordina 2019. urtean. 2018. urtean %3 hazi zen ekonomia, eta 2017an, berriz, %2,8.

Urte amaierako datua ere hori izan da, nahiz eta azken hiruhilekoan hazkundea txikiena izan den 2014. urtearen hasieraz geroztik: %0,4.

Hazkundeak erritmoa galdu arren, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia gai izan da enplegua sortzeko. Eustatek dio %1,6 gehitu direla enpleguak azken urtean, lanaldi osokoen baliokide diren lanpostuetan zenbatuta. Kopuru osoetan, 15.000 enplegu gehiago izan dira.

Eustatek nabarmendu duenez, 2019ko azken hiruhilekoan hobekuntza bat izan da industriaren joeran. Merkataritza gerrek, brexit-ak eta autogintzaren arazoek industria geldotu dute azkenaldian. Zerbitzuek, berriz, bilakaera onari eutsi diote, kontsumoak hauspotuta.

Datorren martxoaren 6an argitaratuko ditu Eustatek datu zabalagoak, eta orduan jakingo da lurralde eta sektore bakoitzak zer bilakaera izan zuen 2019. urtean.

Nafarroako datu aurreratua, berriz, urtarrilaren 31n dira argitaratzekoak. Lurralde horretan ere txikitu egin da hazkundearen erritmoa: %2,5 hirugarren hiruhilekoan. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.