memoria

«ETArekiko garaipenaren» dokumentazioa osatu dute Ramon Rubial Fundazioak eta PSEk

Gogora institutuari entregatu diote. Javier Arteta kazetariak egin du El socialismo y el fin de ETA bilduma. «Memoria exijentea osatzen lagundu» nahi dute.

Ramon Rubial Fundazioko kide Ana Cano, presidenteorde Rodolfo Ares eta PSEko Memoria idazkari Ines Ibañez Maeztu, gaur, Bilbon.
2020ko urtarrilaren 27a
09:53
Entzun

Ramon Rubial Fundazioak eta PSE-EEk «ETArekiko garaipenaren» dokumentazioa entregatu diote Gogora institutuari, gaur, Bilbon. Javier Arteta kazetariak egin du bilduma, eta hark osatu ditu azalpenak ere. El socialismo y el fin de ETA (Sozialismoa eta ETAren bukaera) izena du txostenak —gazteleraz dago—, eta 93 orrialde dauzka. Lan horren bidez, ETAren amaieraren ondoren ere «memoria exijentea osatzen lagundu» nahi dute, azaldu dutenez. Rodolfo Ares fundazioko presidenteordeak eta Ines Ibañez Maeztu PSE-EEko Memoria eta Elkarbizitza idazkariak eraman dute dokumentua Memoria, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Institutura. 

«Terrorismoa akatsa» dela diote dokumentuaren arduradunek, eta «arauen errespetua, politika eta askoren arteko elkarrizketa eta akordioa» nabarmendu dituzte. Esan dute «memoria osoa» nahi dutela, «bizikidetza osoa» lortzeko asmoz. Azaldu dute ETAren bukaerarako hari trukean ez zitzaiola ezer eman. Ekinbide instituzionaleko hainbat idatzi jaso dituzte, «erabakigarriak» izan zirela jota.

 «ETAren terrorismoaren bide luze honetan, Alderdi Sozialistari oso paper esanguratsua jokatzea egokitu zitzaion», adierazi du Artetak. «Nabarmena izan da haren pisu politikoa, eta, akordiorako izan duen kulturagatik, bizikidetzaren eta askatasun publikoen itun handien sustatzaile edo laguntzaile izan da».

Besteak beste, 1980ko hamarkadako garaiak gogora dakartza El socialismo y el fin de ETA-k —1982tik 1996ra arte PSOE egon zen Espainiako Gobernuan—, Ajuria Eneko Ituna ere oroitu dute, ETAren 2006ko su-etenerako Jesus Egiguren PSEko orduko presidenteak egindako lana, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakari izan zeneko aroa (2009-2012), Espainiako gobernuburu zela Jose Luis Rodriguez Zapaterok 2005ean eta 2006an egindako adierazpen instituzionalak, jarduera armatuaren bukaeraz ETAk 2011ko urrian plazaratutako agiria...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.