'Impeachent' prozesua

Lekukoak deitzeko gehiengorik gabe, baliteke gaur edo bihar amaitzea Trumpen kontrako 'impeachment'-a

Lamar Alexander senatari errepublikano moderatuak iragarri du lekukoak deitzearen kontra bozkatuko duela, eta demokratek ez dute prozesua luzatzeko gehiengo nahikoa.

Lamar Alexander senatari errepublikanoa, joan den astelehenean, AEBetako Kapitolioan. ERIK S. LESSER, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko urtarrilaren 31
16:56
Entzun

Baliteke Donald Trump AEBetako presidentearen kontrako impeachment prozesua datozen orduetan amaitzea, baldin eta demokratek azken orduko babesik lortzen ez badute. AEBetako Senatuak erabaki behar du epaiketa luzatuko al duen, froga eta lekuko gehiago aurkezteko. Demokratek lau senatari errepublikanoren babesa lortu behar dute, gutxienez, prozesua luzatzeko. Lortu ezean, epaiketa politikoa azken fasean sartuko da, eta errepublikanoek Trump errugabetzeko azken bozketa bultzatuko dute.

Lamar Alexander senatari errepublikano moderatuak gaur iragarri du lekukoak aurkeztearen kontra bozkatuko duela. Horrenbestez, demokratei ihes egin die gakoa liratekeen botoetako batek. Izan ere, Alexander da prozesua luzatzearen alde agertu zen senatari errepublikano bakanetako bat, Mitt Romney, Lisa Murkowski eta Susan Collinsekin batera. Collinsek aurreratu zuen lekukoak deitzearen aldeko botoa emango duela, eta Romneyk demokraten eskaria babestu dezakeela uste dute askok, baina Alexanderren ezezkoak kolokan jarri du prozesua luzatzeko aukera.

Hiru egunez akusazioaren argudioak Senatuan azaldu eta beste hiru egunez defentsak bere arrazoiekin erantzun ostean, Alexanderrek adierazi du ez dagoela ebidentzia gehiagoren beharrik frogatzeko Trumpek «AEBen laguntza eten» zuela, Ukrainak Joe Biden demokrata eta haren seme Hunter ikertu zitzala behartze aldera. Senatariaren esanetan, presidentearen jokabidea «desegokia» izan zen, baina ez da Trump kargutik kentzeko bestekoa. Trumpen etorkizun politikoa hurrengo hauteskundeetan erabakitzearen alde agertu da. «Utz diezaiogun jendeari erabakitzen».

Demokratek lekukoak deitzeko babes nahikorik lotzen ez badute, gaur bertan impeachment-aren azken bozketa egin eta Trump errugabetu nahi dute hainbat senatari errepublikanok. «51 senatarik nahikoa entzun dugula badiogu, azken bozketara joan gaitezke», adierazi du John Cornyn senatariak.

Jakina da azken bozketan Senatuak Trump errugabetuko duela. Errepublikanoek 34 boto behar dituzte kontrako epai bat eragozteko, eta 53 ordezkari dituzten ganberan. Prozesua lehenbailehen amaitu nahi dute errepublikanoek, eta ez dute nahi Trumpen epaiketak Bill Clinton presidente ohiarenaren antzik izatea. 1999. urteko hartan, Senatuak lau egunez eztabaidatu zuen azken erabakia, ateak itxita.

Senatuak lekukorik ez deitzea erabakiz gero, demokratek ezin izango dute azken bozketa eragotzi. Hala ere, errepublikanoak deseroso jartzen ahalegintzeko proposamenak egin dituzte hainbat senatarik. Esaterako, mozio bat aurkeztea John G. Roberts AEBetako Auzitegi Goreneko presidenteak —hark gidatzen du impeachment prozesua Senatuan— lekukoak eta froga berriak onar ditzan, epaiketarako garrantzitsuak direla iruditzen bazaio.

Impeachment-ean lekuko gehiago izango ez dela aurreikusiz, Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidente demokratak Trumpen errugabetzearen kontra egin du. «Ezin zara errugabetua izan epaiketa izan ez baduzu. Ez duzu epaiketarik izan lekukorik eta dokumentaziorik gabe», adierazi du Twitterren.

Beste aukeretako bat da Senatuko 50 ordezkarik lekukoak deitzearen alde bozkatzea eta beste horrenbestek aurka. Kasu horretan, Robertsek erabaki beharko luke berdinketarekin zer egin.

Boltonen lekukotza

Impeachment-ean egon daitezkeen lekukotzen artean, John Bolton AEBetako Segurtasun Nazionalerako aholkulari ohiarenak eman du zeresan gehien. Boltonek liburu bat idatzi du; martxoan argitaratuko da, eta Trumpekin kritiko agertu da lan horretan. The New York Times egunkariari filtratutako pasarte batzuen arabera, Ukrainarentzako laguntza militarra aurrerantzean ere etenda egoteko asmoa adierazi zion Trumpek zuzenean aholkulari ohiari. Demokratek uste dute pasarte horiek Trumpen kontrako akusazioa babesten dutela. Botere abusua leporatu diote presidenteari.

«Badakigu zergatik ez duten nahi Boltonek deklaratzea. Ez da ez dakigulako zer gertatu zen. Ez dute nahi AEBetako herriak xehetasun guztiekin entzutea zer gertatu zen», adierazi du Adam Schiff Trumpen kontrako akusazioa gidatu duen senatari demokratak.

Boltonek joan den irailean utzi zuen Segurtasun Nazionalerako aholkulari ardura, Trumpek Ukrainari presio egin ziola publiko egin ostean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.