EUSKAL PRESOAK

Salbuespenezko espetxe politika «behin betiko» amaitzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari

33 urte bete dira euskal presoen sakabanaketa eta urruntzea hasi zenetik, eta Etxerat-ek salatu du «inoiz ez duela justifikaziorik izan». Sufrimenduaren erabilera eteteko eskatu diote Espainiako Gobernuari Hernanin egindako agerraldian.

Etxerat-en agerraldia, gaur, Hernanin. ANDONI CANELLADA / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2020ko otsailaren 1a
17:25
Entzun

Euskal presoen senide eta lagunek milaka kilometro egin behar izaten dituzte euskal presoei bisita egiteko, eta bidaia horiek arriskuz beteak daudela gogorarazi dute Urtzi Errazkin eta Patricia Velez Etxerat-eko bozeramaileek gaur Hernanin egindako agerraldian. Oroitarazi dute Pedro Sanchez Espainiako presidenteak 2018ko ekainean espetxe politikan aldaketak iragarri zituela, baina salatu dute ordutik ez dela aldaketarik egon: «83 asteburu igaro dira, bidaia luze hauek egitera behartuta gaudenontzat arriskuz betetako 83 asteburu». Tarte horretan hemezortzi istripu izan dituzte euskal presoen senide eta lagunek errepidean, horietatik hamasei Espainiako Estatuan, eta hiru kaltetu izan dira horietan. «Larriki zauritutakoak, ospitaleratzeak, izugarrizko kalte materiala...». Finean, sufrimendua. Eta duela 33 urtetik martxan den sakabanaketa eta urruntzea eteteko galdea egin diote Espainiako Gobernuari: «Salbuespenezko espetxe politikari behin betiko amaiera jar diezaiola eskatzen diogu».

Min hori politikoki erabiltzea leporatu diote Madrili: «Espainiako Gobernuak badaki zenbat istripu, zenbat zauritu, zenbat hildako egon diren senideak izateagatik sufritzera kondenatu gaituztenetik». Gaitzetsi dute senide eta lagunak «biktima potentzial» bilakatzen direla asteburuero, eta senide batzuk bisitei uko egitera «behartuta» daudela «errepidean hainbeste orduz egoteak eragiten dizkieten ondorioei aurre egiteko gai ez direlako».

Euren egoeraren berri eman dute hiru senidek: Ana Igarrizek istripua izan zuen 2017ko abenduan bere amarekin eta izebarekin Castelloko espetxera zihoala (Herrialde Katalanak), eta salatu du oraindik badituztela istripuaren ondorio «fisiko eta psikikoak». Xochitl Karasatorrek 7 urte zituenetik bidaiatu behar izan du aita ikusteko, bizitza osoa, haurtzaroa, nerabezaroa, ikasketak eta lana «baldintzatuta»: «Ez nire aita espetxean dagoelako, urrun dagoelako baizik». Josune Dorronsorok 27 urte daramatza 2.200 kilometro egiten anaiarengana bisitan joateko.

Euskal gizartea, aldarrika

Madrilek entzungor egin arren, euskal gizartea aldaketa eske ari dela gogoratu dute Errazkinek eta Velezek. Horren adibide jarri dituzte urtarrilaren hasieran Bilbon eta Baionan egindako manifestazioak, baita sindikatuen adierazpenak, udaletako 60 mozio baino gehiago eta Eusko Legebiltzarreko eta Nafarroako Parlamentuko adierazpen instituzionalak ere. Salatu dute Madrilek ez diola erantzunik eman «eskaera sozial» horri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.