ETA-ren Biktimak

Gregorio Ordoñezen omenez jarritako plakari eraso egin diote

ETAk hil zuen lekuan bertan jarri zuten plaka, duela astebete, eta asteburuan pinturaz estalita azaldu da.

Plaka, atzo goizean, Donostiako Udal langileek garbitu aurretik. @ENEKOGOIA
2020ko otsailaren 3a
13:36
Entzun

Joan zen astean bete ziren 25 urte ETAk Gregorio Ordoñez PPko zinegotzia tiroz hil zuela. Donostiako La Cepa tabernan hil zuten, eta, urteurrenaren karietara, hura omentzeko plaka bat jarri zuten taberna atarian. Igandean, baina, plaka pinturaz estalia agertu zen.

Donostiako Udalak jakinarazi duenez, goizaldean gertatu zen erasoa, eta, gainera, plakaren alboko azulejua pitzatuta agertu da.

Atzo bertan, hainbat politikarik erasoa salatu zuten sare sozialetan. Eneko Goia Donostiako alkatea izan zen aurrenetarikoa:

Gregorio Ordoñez Fundazioak ere salatu du erasoa: "Hilobiari behin eta berriz erasotzea eragin zuen amorru berbera plakaren kontra agertu da, hura jarri eta astebetera".

Eta gauza bera egin du Covitek ere, gogor: "Jada ez dute hiltzen, baina biktimak umiliatzen dituzte, eta hilak ondo hilda daudela pentsatzen dute".

Eneko Andueza Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusiak ere salatu egin zuen erasoa, eta babesa azaldu zien Ordoñez zenaren familiakoei.

Arnaldo Otegik EH Bilduko Koordinatzaile nagusiak esan du "gaizki" dagoela plakak izan duen erasoa. Haren arabera, ez du hobetzen "herria", eta "ez dakar ezer baikorrik politikarentzat eta gizartearentzat".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.