HILBERRIA

Calixto Aiesa hil da, Nafarroako eskuin espainolistako parlamentari historikoa

Osasun eta Gizarte Ongizateko kontseilaria izan zen UPNren gobernuetan, 1991 eta 2003 bitartean.

Calixto Aiesa zena, Miguel Sanz lehendakari ohiaren aldamenean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Orzaiz.
2020ko otsailaren 3a
14:45
Entzun

Iruñean hil da, bart, Calixto Aiesa Dianda mediku eta politikaria, 83 urterekin. Eskuin espainolistak Nafarroan izan duen ikur nabarmenetako bat izan zen Aiesa, UPNren nahiz PPren zerrendetan.

Medikua zen lanbidez. IMQ Igualatorio Medico Quirurgico enpresako lehendakaria izan zen 1978 eta 1982 artean, baita San Migel klinikako zuzendaria ere.

1980ko hamarkadan igaro zen politika parlamentarioaren esparrura, UCD alderdiaren zerrendetan, eta PPko alderdikide izan zen, alderdi horren sorreratik beretik. Nafarroan, PPren eta UPNren arteko fusioaren alde egin zuen, eta koalizio itunaren sustatzaileetako bat izan zen.

Bi alderdiek bat egin zutenean, Nafarroako Gobernuko kide ere izan zen Aiesa, Miguel Sanzen agintaldian: 1991 eta 1995 arteko legealdian, Osasun kontseilaria izan zen, eta hurrengo aldian, 1996tik 2003ra, Gizarte Ongizate Departamentuko buruzagitzari heldu zion.

UPNren eta PPren arteko ituna hautsi ostean, PPra itzuli zen. Legebiltzarkide izan zen 2007ra arte.

'Barcenas auzian' nahasita

Erretiratu ostean ere, Calixto Aiesaren izenak zeresana eman zuen; izan ere, 2013an Luis Barcenas PPko diruzain izandakoaren paperen auzian nahasita egon zen. Paper horietan, 3,9 milioi pezetako ordainketa bat azaltzen zen, Jaime Ignacio del Burgoren izenean, eta diru horren zati bat Aiesarentzat zela azaleratu zen. Aiesak epaile aurrean deklaratu behar izan zuen horregatik.

Barcenasek berak aitortu zuen 1991n PPko garai hartako presidente Jose Mari Aznarrek agindua eman zuela Calixto Aiesari gainsoldata emateko. Diruzainak eman zion dirua Del Burgori gutun azal marroi batzuetan, eta gero hark Aiesari ematen zion, Iruñeko kafetegi edo tabernaren batean. Barcenasen oharretan agertzen zen ordainketa haiek 1992ra bitartekoak zirela, baina Aiesak epaileari esan zion 1995era arte jaso zuela dirua. Aldi bakoitzean 3.600 euro jaso zituen.

Aiesak argudiatu zuen gainsoldata horiek legezkoak zirela, eta mediku postua utzi izanak eragin zion kalte ekonomikoa konpentsatzeko eman zizkiotela. Nafarroako PPren orduko zuzendaritzak ere ez zuen irregulartasunik antzeman.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.